SOSLAIA. Norman Foster

Eraikuntzetan txertatutako etorkizuna

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2019ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Bizkaiko hiriburuari estuki lotuta dago Norman Foster, hark diseinatutakoa baita Bilboren eraldaketarako mugarritzat hartua den Bilboko Metroa. Are gehiago, fosterito izena dute metroaren kanpoaldeko kristalezko sarbideek. Ezbairik gabe, nazioarteko arkitektorik handienen artean dago, eta orain artean arlo horretan sari gehien jaso dituena ere bada; 1999an irabazi zuen Pritzker saria, kasu. Goi teknologiako arkitektura egiten du, eta futuristatzat hartu izan dituzte askok hark diseinatutako eraikinak. High Tech joera esaten dioten ildoa garatu du arkitekto ingelesak: arkitektura, teknologia eta naturaren integrazioa proposatzen ditu bere eraikuntzetan. Richard Buckminstre Fuller arkitekto estatubatuarraren leloa bere egin zuen Fosterrek: «Gutxiagorekin gehiago egin». Beraz, eraikuntzetan material birziklatuak erabiltzeaz gain, eraikinen morfologia garapen iraunkorraren ereduarekin lotzen saiatzen da.

Munduko hirurehun herritan baino gehiagotan utzi du Fosterrek arrastoren bat. Munduko zubirik garaiena ere hark diseinatu du: Frantziako Tarn ibaitik 243 metro garai dagoena —Eiffel dorrea baino 23 metro garaiagoa da—. Pekinen ere munduko eraikinik handiena dena Fosterrek diseinatua da: aireportua. Lan horiek guztiak egiteko, 20 bulego ditu munduan zehar, eta, haren estudio nagusian, 1.000 langile baino gehiago aritzen dira harekin proiektuetan lan egiten.

Abu Dhabin, Masdar City izeneko hiri «utopikoa» ere badu orain esku artean. Buruaskia izateko hiri bat egiten ari da Foster; hain zuzen, karbonorik isurtzen ez duen lehena. 50.000 pertsonarentzako tokia izango du, eta 1.500 ofizio hartuko dituela aurreikusi dute. Oinezkoek izango dute hirian lehentasuna, eta ez da autorik erabiliko. 2025erako espero dute hura inauguratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.