Memoriaren soinu kartografia

Donostia 2016k 'Rekording' sakelakoetarako aplikazioa sortu du, hiria soinuen bidez bisitatzeko
Aplikazioa ezagutarazteko, antzeztutako soinu ibilaldiak egingo dituzte gaur.
Aplikazioa ezagutarazteko, antzeztutako soinu ibilaldiak egingo dituzte gaur. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Ihintza Elustondo -

2016ko otsailak 27
Sakelako telefonoa eskuan, eta entzungailuak belarrietan. Donostia beste modu batera ezagutzeko aukera ematen du Rekording aplikazioak: soinuen bidez, hain justu. Donostia 2016k sortu du 51 audio pista biltzen dituen mapa, hiriaren memorian oinarrituta. Pista guztiek dute abiapuntu bat: gune bat eta gune horri dagokion oroitzapen bat. Funtsean, Donostiako aitona-amonen testigantzen berrinterpretazioak dira, duela 40 urte baino lehenagokoenak. Erabiltzaileek haiek entzun bitartean hirian zehar paseo bat ematea da aplikazioaren xedea. Ohiko ibilaldi bat baino «askoz ere poetikoagoa» izango da, Itziar Zorita proiektuaren arduradunaren arabera.

Android motako sakelakoetan doan deskarga daiteke aplikazioa; horretarako, Google Play sisteman Rekording DSS2016EU bilatu behar da. Androidik ez duenak, www.rekording.eu webgunera jo dezake. Behin aplikazioa martxan jarrita, erabiltzaileari mapa bat agertuko zaio pantailan. Han adierazita daude zein diren pistak entzun daitezkeen Donostiako puntuak. Gehienak erdigunean daude, nahiz eta batzuk pixka bat aldentzen diren Igeldo edo Anoeta futbol zelai ingurura. Hiriko gune batetik bestera mugitu besterik ez du egin beharko erabiltzaileak. Laranja koloreko seinaleak daude lurrean, gune horri soinu pista bat dagokiola adierazteko. Hara iritsitakoan, automatikoki aktibatzen da pista. Esaterako, Alderdi Eder parkekoak gogora ekarriko du Txantxillo pertsonaia ezaguna.

Erabiltzaileak hiriarekin duen loturaren arabera, gehiago edo gutxiago ezagutuko ditu istorioak, baina guztiek ulertzeko moduan azalduta dago haietako bakoitza. Batzuk euskaraz dira, eta beste batzuk, gaztelaniaz.

Audio pista guztiek dute toki eta istorio erreal bat ardatz. Horretarako, Badihardugu elkartearen www.ahotsak.eus artxiboa izan dute baliabide nagusi. Donostiako hainbat lekukotza aukeratu dituzte handik; horietako batzuk bere horretan utzi dituzte, eta gainerakoak moldatu egin dituzte. Horregatik, askotarikoak dira emaitzak: batzuk dokumental itxurako kontakizunak dira, baina beste batzuek gehiago dute fikziotik errealitatetik baino.

Lau motatako soinu pistak

Badihardugu elkartearen ahozko lekukotzez gain, beste hiru motatako soinu pistak daude entzungai: irratirako antzerki sorkuntzak dira batzuk, nerabeek eginak beste batzuk, eta ahanzturaz hitz egiten dutenak gainontzekoak. Irrati bidezko antzerki sorkuntzak Inko Martin eta Alberto de la Hoz artistek egin dituzte, hainbat aktore profesionalekin elkarlanean. La Sonidera kolektiboa, berriz, 14 eta 16 urte bitarteko gazteekin aritu da soinuak eta sormena lantzen. Bestalde, Audiolab soinu laborategiak ahanzturaren bidea jorratu du, gauzak edo pertsonak galdu diren lekuetatik abiatuz.

Aplikazioa ezagutzera emateko, ibilaldi gidatuak antolatu dituzte gaur. 2016 gunetik abiatuko dira 11:30ean, 13:30ean, 17:00etan eta 19:00etan. Izena emateko mezu bat bidali behar da helbide honetara: rekording@dss2016.eu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna