Donostiako 66. Zinemaldia. Perlak. KRITIKA

Reed eta Dylan eta Bowie

Leto filmaren fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Uxue Arzelus Lasa.
2018ko irailaren 26a
00:00
Entzun

'Leto / Summer'



Zuzendaria: Kirill Serebrennikov. Aktoreak: Teo Yoo, Irina Starshenbaum, Roman Bilyk, Aleksandr Kuznetsov, Filipp Avdeev. Herrialdea: Errusia - Frantzia. Iraupena: 128 minutu.

Leningrado, 80ko hamarkada. Viktor musikaria da, eta, ibilbidea hasteko, Mike bere idoloari eskatuko dio laguntza. T-Rex eta Led Zeppelinen kantek inspiratuta, hiriko rock eszenaren parte bihurtuko dira, eta bidean maitasuna, laguntasuna eta festa ugari aurkituko dituzte. Kino eta Zoopark musika taldeen liderretan oinarrituriko film honek 80ko hamarkadako zentsuraz jositako Errusian kokatuko gaitu, beren rock ametsei jarraitu nahi dieten gazte batzuen erretratu bat egin nahian.

Kirill Serebrennikov errusiarrak zuzendu du Leto film lotsagabea. Aitortu beharra daukat inongo aurreiritzirik gabe joan nintzela zinemara; ikusi behar nuenaz ez nintzen oroitu ere egiten. Ustekabean hartu ninduen, beraz, Leto-k. Zuri-beltzean grabatua dago, eta galtzeko gutxi duten gazte ameslari batzuekin egingo dugu bidea, umorez eta rock musikaz bustita dagoen bidea.

Leto-k kontatzen digun istorioa aski ezaguna da: musikari gazte batzuek arrakasta lortu nahi dute, talde bateko liderra beste taldeko liderraren emazteaz maitemindu da, inork ez du haiengan sinesten... Leto-ren freskotasuna, ordea, istorioa kontatzeko eran datza: zuri-beltzean dagoen giro hori etxeko kamerarekin grabatutakoak diruditen kolorez beteriko irudiek mozten dute; animazioaz lagundutako flashmob itxurako momentu musikalek bizitasuna ematen diote kontakizunari, eta kamerari hitz egiten dion pertsonaia-mamuak errealitatera garamatza, aurrean fikzio bat dugula aitortzen digun bitartean. Dibertigarria da, lotsagabea, disfrutatzekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.