Arantza Gutierrez.
IRRATIA

Iparrari begira

2022ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Ikasgelan bota ohi dut galdera: zein da Ipar Euskal Herriko gazteek gehien entzuten duten irrati musikala? Zeintzuk dira Lapurdiko, Zuberoako eta Nafarroa Behereko entzuleek aditu ohi dituzten zerrenda musikaletan maiz entzuten diren abestiak edo taldeak? Elkarri begiratzen diote, eta faltan harrapatuta, euskaldunek Gaztea entzungo dutela esatera ausartzen dira konbikzio handirik gabe. Hortik harago, ezer gutxi dakite Bidasoaz bestaldeko gazteen erreferentzia musikalei buruz. Euskal taldeak zein nazioarte mailako ezagun batzuk aipatzen dituzte. Aretoan, oztopo asko gaindituta, Iparraldeko ikaslerik badago, espainiar erreferente batzuk ezagutzen ez dituela argi utzita, frantsesez abesten dutenen izenak ere azaltzen ditu.

Ez pentsa nik ere asko ezagutzen ditudanik, baina ez da hainbeste erreferentzialtasun kulturalengatik —hori ere bai—, baizik eta musikari buruz dudan jakintza nahiko mugatua delako; are gehiago, gazteen gustuez ari banaiz. Baina ziurta dezaket Hego Euskal Herrian entzun ohi ditugun top zerrendetan, kate komertzialetan bereziki, nekez aurkituko ditugula frantsesez egindako abestiak. Gaztelaniazko kantak bezainbeste ez, gutxienez.

Hori dela eta, gaur nabarmendu nahi dut Gure Irratian Panpi Merkapidek gidatzen duen Adi irratsaio musikala, Arrosa Sarearen bidez Hego Euskal Herriko entzulearentzat uhineratzen dena, baita podcast moduan entzungai duguna ere. «Euskal Herriko eta kanpoko musika berriak eta lehenagokoak» eskaintzen dituela iragartzen du bere webguneko aurkezpenean. Eta horrela da. Estilo ezberdinak ere nahasten dira irratsaioko aukera musikalean: metala, pop-rocka, reggaea... eta asko dira bertan lekua duten talde alternatiboak, hau da, kate komertzialetan programatzen ez direnak. Miresten dut erakusten duen ezagutza, eta nola eramaten gaituen toki batetik bestera eskaintza musikal zabalaren bidez, entzungo dugunaren inguruan datu esanguratsuak emanez. Niretzat plus bat da podcast bakoitzean entzun ditugun talde eta abeslarien izenak agertzea, beti baitut aukera bilatu eta Interneten nire jakin-mina guztiz asetzeko.

Goizetan, ordea, unibertsitaterako autobusean noala, gazte euskaldunei zuzenduriko goizeko saioa entzuten jarraitzen dut, non kanten arteko iruzkinak, erreferentziak, txisteak... errazago ulertuko lituzkeen entzule madrildar batek, Ipar Euskal Herritik etorritako ikasle batek baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.