ESKAINTZA

Azkar puzten ari den menua

Urtzi Urkizu - Jon Ordoñez Garmendia
2019ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Zabala da streaming plataformen eskaintza, eta desberdina Ipar Euskal Herrian eta Hego Euskal Herrian, bai eskaintza bera, baita prezioak ere. Ingelesez, gazteleraz eta frantsesez daude eduki gehienak, eta euskaraz ia ezer ez dago. Aurki Applek eta Disneyk euren plataformak aterako dituzte, eta Salto ere gehituko zaie Iparraldean.

Netflix

Euskal Herrian, oinarrizko eskaintzak hilean 7,99 euro balio du. Prezio horretan soilik gailu batean erabili daiteke aldi berean. 1997an sortu zuten, postaz DVDak alokatzeko zerbitzua eskainita. Mundu osoan ematen du zerbitzua; uztailean 151 milioi bezero zituen. Concepcion Cascajosa Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateko irakaslearen arabera, hau du alde eta kontra:

Alde. «Prezio ona du, eta eskaintza zabala da, bai zineman baita telebistan ere, eta interfazeak kalitatea du. Edukiak jaits daitezke».

Aurka. «Eduki asko katalogoaren amaieran geratzen dira ikusleak horien berri izan gabe».

Amazon Prime Video

Ipar Euskal Herrian 49 euro balio du urtean, eta aldi berean soilik gailu batean ikus daiteke. Hegoaldean, berriz, 36 euro balio du urtean, eta aldi berean hiru gailutan ikus daiteke. Edukiak jaits daitezke. 2006an sortu zen, AEBetan, Amazon Unbox izenarekin, eta gaur egun mundu osoan eskaintzen du zerbitzua, Txinan, Ipar Korean, Krimean eta Sirian izan ezik.

Alde. «Zinema eskaintza ona du. Amazon Primen integratua dago, eta Hegoaldean oso merkea da».

Aurka. «Interfaze txarra du. Berrikuntzak ez dituzte ondo aurkezten, eta komunikazio politika eskasak dituzte haien katalogoaren jarraipena egiteko».

HBO

Hego Euskal Herrian hilean 7,99 euro balio du, eta aldi berean bi gailutan erabil daiteke. Ipar Euskal Herrian OCSren barruan eskaintzen dute.

Alde. «Kalitatezko katalogoa dute; telesailen mailan, onena, bai eduki berriengatik, baita HBOren historikoarengatik».

Aurka. «Interfaze txarrena du plataforma guztien artean. Ez du uzten edukiak jaisten».

OCS

Oinarrizko eskaintzak hilean 9,99 euro balio du, eta prezio horretan aldi berean bi gailutan ikus daiteke.

RAKUTEN TV

Europako Batasuneko hamabi herrialdetan dago ikusgai. Hegoaldean ikusten den eduki bakoitzeko ordaintzen da; 1,99 eta 4,99 euro artean. Iparraldean 6,99 euro balio du hilean, eta prezio horretan aldi berean gailu batean ikus daiteke.

Alde. «Hegoaldean, batik bat, ordainduta ikusteko zinema eskaintza bat da, eta alde horretatik erreprodukzio kalitatea eta eduki gehigarriak oso erakargarriak dira».

Aurka. «Telesailen katalogoa oso mugatua dute; ez du estreinaldi handirik eskaintzen».

SKY

Hilean 6,99 euro balio du, eta aldi berean hiru gailutan erabil daiteke.

Alde. «Gai berezietako kate tematikoak ere eskaintzen ditu. Merkea da. Sky plataformaren estreinaldiak eskaintzen ditu».

Aurka. «Katalogo mugatua du. Interfazea hobetu daiteke, eta kosta egiten da edukiak aurkitzea».

FILMIN

Oinarrizko eskaintzak hilean 7,99 euro balio du. Prezio horretan, aldi berean bi gailutan erabil daiteke, eta edukiak jaits daitezke. Katalanez eskaintzen dituen edukientzako plataforma bereizi bat dauka: Filmin.cat.

Alde. «Interfaze bikaina du, eta kalitate handiko zinema eta telebista eskaintza du, batez ere Europako fikziozko lanetan. Eduki edizio ona du, eta jaisteko aukera ematen du».

Aurka. «Telesailetan ez du zineman duen ugaritasuna; oso mugatua da. Publikoaren zati bati ez zaio agian gustatuko eduki asko egotea jatorrizko bertsioan azpitituluekin».

YOUTUBE PREMIUM

Iparraldean 11,99 euro balio du hilean, eta aldi berean gailu batean ikus daiteke.

MYCANAL

Iparraldean 19,9 euro balio du hilean.

SFR PLAY VOD

Hilean 9,99 ordaindu behar da.

ATRESMEDIA PLAYER

Hilean 2,99 euro balio du. Edukiak jaits daitezke.

Alde. «Atresmedia taldearen edukia —Flooxer barne— publizitaterik gabe kontsumitzeko oso merkea da».

Aurka. «Eduki original oso gutxi du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.