Koronabirusa

Beste 1.815 positibo atzeman dituzte: azaroaren 6tik izan den daturik txarrena da

COVID-19ak jotako sei gaixo hil dira astebetean Hego Euskal Herrian. Iñigo Urkulluk eskatu du «debeku gisa» hartzeko kalean gauez ez elkartzeko neurria

Baheketa. Osasun langileak Lesakan egin den baheketan, aste honetan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete Jon O. Urain
2021eko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Birusa hanpatuta dabil, eta goranzko joerak ez du eteteko itxurarik. Horren erakusgarri dira Osakidetzak eta Osasunbideak eman dituzten datuak. Azken eguneraketaren arabera, beste 1.815 positibo atzeman dituzte, daturik txarrena azaroaren 6tik. Orotara, 15.209 proba egin dituzte; beraz, %12k eman dute positibo, eta horrek aise gainditzen du OME Osasunaren Mundu Erakundeak izurria kontrolpean edukitzeko ezarritako %5eko muga. Hildakoen datua, berriz, apalduta dabil: koronabirusa zuten beste sei gaixo hil dira astebetean. Duela bi asteko datua kontuan hartu gabe —aste horretan ere sei hildako izan ziren—, joan den urteko udara egin behar da atzera horrelako datu bat aurkitzeko: iazko uztailaren 27tik abuztuaren 2rako astean ere sei gaixo hil ziren, baina harrezkero goitik ibili da hildakoen kopurua.

Gainontzean, igorri dituzten datuek ilunetik gehiago dute argitik baino. Egoerari lurraldez lurralde erreparatuta, Nafarroarena da kezkagarriena. Bertan, azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia 765 kasukoa da, eta beste 608 jakinarazi dituzte, kopururik handiena joan den urteko urriaren 30etik. Gipuzkoan ere egoera makurra da: 512 kasuko intzidentzia dute, eta beste 502 positibo atzeman dituzte. Lurralde horretan azaroaren 14tik ez dituzte hainbeste positibo izan egun bakarrean. Traza txarra du Bizkaiak ere. Bertan, 354 kasuko intzidentzia dute, eta 511 positibo izan dituzte, otsailaren 6tik erregistratutako kopururik handiena. Araban ere igoera nabari da: 316ko intzidentzia dute, eta beste 154 positibo, kopururik handiena otsailaren 3tik. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi du Arabakoak, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak ez diren 50 lagunek ere positibo eman dutela. Bortzirietako (Nafarroa) baheketaren emaitzen berri ere eman dute: 430 probatan 98 positibo atzeman dituzte; hau da, egindako proben %22,8k positibo eman dute.

Eta eriak, pixkanaka bada ere, ari dira ospitaleetara iristen. Egun, 159 gaixo daude Osakidetzako eta Osasunbideko erietxeetan; horietako 38 larri gaixo daude ZIUetan. Ospitaleratzeak etengabe ugaritzen ari dira; ZIUetan, berriz, ez dago joera argirik.

Neurri berriak

Birusa hesitu nahian, neurri berriak iragarri dituzte administrazioek. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gaurtik aurrera ezingo da gauez kalean jende multzorik elkartu. Atzo argitaratutako dekretuak horrela jasotzen du: «00:00etatik 06:00etara bitartean, bizikideak ez diren pertsona-multzoak edo jende pilaketak ezingo dira egon parkeetan, lorategietan, hondartzetan, kirol-eremuetan, irristaketa edo skate pistetan eta aire zabaleko antzeko erabilera publikoko guneetan, ez eta portuei eta itsas pasealekuei dagozkien espazio publikoetan ere». Halere, neurriak nahasmena eragin du, ez baitago argi Jaurlaritzak zenbateraino muga dezakeen joan-etorrietarako askatasuna, eta, beraz, neurri horiek debeku gisa ezarri dituen, edo aholku gisa. Atzo, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak eskatu zuen«debeku gisa» hartzeko «gehiegizko interakzio soziala eta, beraz, pertsonak elkartzea eremu jakin batzuetan eta ordutegi jakin batean». «Neurriak beteko balira, ez ginateke gai honi buruz hitz egiten ariko», erantsi zuen.

Urkulluk eskerrak eman ditu, «gehiengoaren portaera» ontzat jota eta «neke pandemikoak eragiten duen ahalegin indibidual eta kolektiboa» aintzat hartuta. Gainera, gogorarazi du Ertzaintzak eta udaltzaingoek elkarlanean betearaziko dutela dekretua, «posible den kasuetan». Zehaztu du «garrantzitsuena» dela «jabetzea beste olatu pandemiko batean gaudela, kutsatze gaitasun handia eta azkarra duen aldaera berri batekin eta txertoa hartu ez duen biztanle multzo batean eragina duena». Hortaz, eskatu du «kontzientzia hartzeko portaeren eta ohituren» inguruan. Nafarroako Gobernua, berriz, «neurri multzo bat» prestatzen ari da, datorren astean indarrean jartzeko. Delta aldaeraren kutsakortasunarekin kezkatuta, Carlos Artundo Nafarroako Osasun zuzendariak aitortu du «neurri guztiak mahai gainean» daudela. Beharrezkotzat jo du erabakiak hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.