ERAGILEEN IRITZIA

2015eko uztailaren 17a
00:00
Entzun
«Ikastolek behar dute gobernuaren laguntza; ez gara itunpeko arrunta»

Josu Reparaz Nafarroako Ikastolen Elkartea

Bozen aurretik jardun zuten hizketan NIE Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta alderdi politikoek. Aldaketa gauzatzear dela, bi eskari jarri ditu mahai gainean Josu Reparaz zuzendariak. Batetik, gobernuak aintzat hartzea: «Ikastolek behar dute gobernuaren laguntza; ez gara itunpeko arrunta». Bestetik, hegoaldeko ikastoletan garraiorako eta jantokirako laguntza ematea.

Aldaketak izango dira euskarazko hezkuntzan. D eredua eskaintzen hasiko dira eremu ez-euskalduneko eskola publikoetan, euskararen legea aldatu zenez. Ez da berehalako aldaketa izango. Eremu horretako ikastolekin zer gertatuko den, kezka izan da azken hilabeteotan. Reparazek ohartarazi du «azterketa sakona» behar duela gai horrek: «Eskaintza bikoizten bada eskari txikia izanik, biei kalte egingo die». Bi aldetatik erreparatu du NIEko kideak: ikastolek arriskua lukete ikasleak galtzeko; eskola publikoetan, arriskua litzateke erdarazko ikasle askoren alboan euskarazko gutxi egoteko. «Horrek ondorio txarrak lituzke».

Aldaketarekin, beste egoera bat zabalduko dela, esperantza hori daukate ikastolek: «Itxaropen momentua da, euskarari beste bultzada bat emango zaiola uste dugu».

«Mozketa garaiaren ostean azpiegiturak nola geratu diren berrikusi behar da»

Santiago Alvarez Herrikoa gurasoen elkartea

Lau alderdiek sinatutako ituna egoki ikusi du Herrikoa guraso elkarteak. «Neurriak nahiko positiboak dira», azaldu du Santiago Alvarez presidenteak: «Sare publikoa lehenestea, onarpen irizpideak aldatzea... Egokia da». Zain daude, hala ere, paperean jasotakoa benetan nola gauzatuko den. Duda bat badute: liburuak. Sistema «berrikustea» aipatu dute, eta Herrikoak oraingo ereduan segitu nahi du.

Gobernu berriak hezkuntzan jarri beharreko lehentasunen artean, LOMCE aipatu du Alvarezek. Eskari argia egin du: ahal den heinean, erreforma martxan ez jartzea. «Aragoin egin duten bezala, berrikus dezatela guztia». Erkidego horretako gobernuak atzera bota du DBHko eta Batxilergoko curriculuma, beste dekretu bat eginda. Hori Nafarroan egitearen alde legokeela iradoki du gurasoen elkarteak.

Azpiegiturak ere aipatu ditu: «Mozketa garaiaren ostean azpiegiturak nola geratu diren berrikusi behar da». Ikasle guztiek baliabide egokiak eduki behar dituztela nabarmendu du Alvarezek: «Denek aritu behar dute kondizio beretan».

Ez dira eskari berriak: «Hainbat aldiz egin dizkiogu UPNri». Baina ez dizkiete aintzat hartu. Baietz espero dute orain, ituneko alderdiek orain arte agertutako iritzia ikusita.

«2011ko egoerara itzuli behar genuke abiapuntu gisa, eta negoziatzen hasi»

Aitziber Perez LAB

Laukotearen itunean «urrats inportanteak» ikusi ditu LAB sindikatuak —hark dauka ordezkaritzarik handiena Nafarroako sare publikoan—. «Aldaketa nabaria» ageri da, Aitziber Perez ordezkariaren esanetan. «Hala ere, ikusi behar da nola garatzen diren printzipio horiek». Giltzarria zein den nabarmendu du: «Ikasleak izan behar dira ardatza, eta hezkuntza komunitate osoak parte hartu behar du».

Mozketek zeresan handia eman dute azken agintaldian. Horiek bertan behera uztea lehentasunezkoa da, LABen iritzian: «2011ko egoerara itzuli behar genuke abiapuntu gisa, eta, hori eginda, negoziatzen hasi». Zerrenda luzea egin du eten beharreko neurriei buruz: ikasleen ratioak igotzea, irakasleei eskola ordu gehiago ipintzea —beste zereginetatik kenduta—, irakasleen heziketa gutxitzea, eskoletako baliabideak murriztea, azpiegituretan egindako mozketak... «Ez die langileei soilik eragiten horrek denak: kalitatearekin oso lotuta daude».

LOMCE izango da beste gai inportantea. Perezen ustez, «ausardia» eduki behar du gobernu berriak, eta harago joan: «Ez da ez aplikatzea soilik. Nafarroak bere legea behar du hezkuntzan». Euskal Herriko sistemaren bidean «trantsizio» gisa planteatu du hori.

«Itunpeko eskolei buruz ustezko erruduntasuna iradoki dute itunean»

Jesus Maria Ezponda Itunpeko ikastetxeak

Gobernu berriaren norabidearekin ez daude ados eragile guztiak. Nafarroako ikastetxe itunpekoen elkarteko (CECE) zuzendari Jesus Maria Ezpondak dio atal asko daudela argitu gabe itunean: «Faltan sumatu dugu gobernuak zein helburu duen zehaztea». Hala ere, kritikarako puntu batzuk sumatu ditu.

Bi atalekin ez dago ados Ezponda. Batetik, itunak dio bermatu behar dela itunpeko eskolek obligazio guztiak betetzen dituztela. «Ustezko erruduntasuna iradokitzen da». Bestetik, ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten eskolei ez laguntzea aipatu dute, betiere segurtasun juridikoa bermatuz. Ez dago ados Ezponda —eskola horietako bateko zuzendaria da—: «Aukeratzeko askatasuna mugatu nahi izatea gaitzetsi egiten dugu».

Itunpeko eskolek itunean leku eskasa dutela salatu du —«ordezko rola dute»—. Ikastolek egindako lanari eta haien etorkizunari aipamen egin diote itunean. «Ondo ikusi dugu hori. Ildo horretan, aitortu nahi dugu dugu itunpeko beste eskola askok eginiko lana».

Hezkuntzan ardatza zein izan behar duen galdetuta, hiru lehentasun aipatu ditu: «Askatasuna, kalitatea eta ekitatea». Hori eskatu du: «Inor ez bereiztea motibo ideologiko edo ekonomikoengatik».

«Espero dugu departamentuak jendartearen eskariak jasotzea»

Sergio Iribarren Sortzen

Aurrerapausoak ekarriko dituela gobernu berriak, itxaropen hori du Sortzen elkarteko ordezkari Sergio Iribarrenek. «Elkarlanean» aritu behar dela nabarmendu du. Ez dira horrelakoak izan azken urteak, haren esanetan: «Orain arte, zulo beltzean erori dira hezkuntza komunitatearen eskariak». Itxaro dute aldaketa horra ere heltzea: «Espero dugu departamentuak jendartearen eskariak jasotzea».

Lana izango dutela argi du. Euskarari dagokionez, adibidez, «harresiak» aipatu ditu: «Eremu ez-euskaldunean aurreiritzi asko zabaldu dira». Horietan euskarak eta D ereduak «lekua irabazteko» lan handia dagoela dio, eta hezkuntza komunitateak baduela non ekina.

PAI ingelesez ikasteko programaren aurkako jarrera izan dute eragile askok azken legealdian. Geldialdian sartuko da orain. Iribarrenek berretsi du «iruzurra» izan dela PAI, eta Espainiako kasu batzuek erakutsi dutela ez duela bete helburu pedagogikorik. «Barcinak esan zuen zein zen PAI ezartzearen helburua: D ereduari atea ixtea».

Eragileen parte hartzea indartu beharko luke gobernu berriak, Iribarrenen iritzian, eta «elkarlana» bultzatu haiekin. Hori eginez gero, indar handia lukeela nabarmendu du: «Hor potentzial handia dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.