Koronabirusa

Hainbat zahar etxetan babes egokirik gabe ari direla berretsi dute sindikatuek

Protestak egin dituzte Gasteizko Caser egoitzako langilearen heriotza gaitzesteko. «Estres handiko uneak» izan dituztela adierazi dute

Caserreko langileak, atzo, hildako lankidearen omenezko bilkuran. RAUL BOGAJO / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2020ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Zarataz eta txaloz adierazi zuten haserrea eta tristura atzo Arabako zahar etxeetako langileek, herenegun zendu zen kidearen omenezko elkarretaratzeetan. Egoitzetan COVID-19arengatik ofizialki hildako lehen behargina da, baina dozenaka daude kutsatuta edo gaixorik, asteak egin dituztelako babes materialik gabe. «Eta egoitza batzuetan oraindik maskarak berrerabili beharrean daude», deitoratu du David Alonso ELAko ordezkariak. Sindikatu horrekin batera, LABek, CCOOk eta UGTk ere deitu zuten protestara; segurtasun handiagoa eskatu zuten zahar etxeetako langileentzat, eta probak egiteko guztiei.

Gasteizko Caser egoitzan lan egiten zuen hildako gizonak, laguntzaile. UGTko kidea zen, eta sindikatuak haren lana izan du gogoan: «Konpromiso handia izan zuen edadetuekin». Zentroko unitate soziosanitarioan ziharduen; bertako 21 egoiliarretik hogei kutsatuta daude, eta zentroan 30 lagun inguru zendu dira —156 toki ditu orotara—. Haren heriotzak ezustean harrapatu zituen lankideak herenegun, Alonsok azaldu duenez: «Etxean zegoen, ondo-edo; uste genuen aurki itzuliko zela lanera, eritasunaren bigarren astean zegoelako. Ez genuen halakorik espero». Are, egoera latzena gainditzen hasiak zirenean heldu da kolpea: «Tunelaren amaieran argia ikusten ari ginen: jendea sendatzen ari zen».

Izan ere, azken asteak «oso zailak» izan dira: «Estres handia pilatu dugu; intentsitate fisiko eta emozional handia izan da». Egoitzetan lan egiteko modua erabat aldatu da, eta beharginen zama, handitu: «Arreta zentratuagoa eman behar dugu orain, indibidualizatuagoa, egoiliarrak logeletan daudelako, ez espazio komunetan». Adinekoen zaintzan segurtasun tartea mantentzea ia ezinezkoa da, baina egoitzetako beharginak babes neurririk gabe jardun dira asteetan: «Politikariek esan dutenean ekipoak bidali dituztela, poltsa bat baino ez zaigu iritsi. Zentro batzuetan ez dago maskara eta bata nahikorik. Geure onena ematen ari gara adinekoak zaintzeko, baina eman diezagutela babes materiala; ez dugu gaixotu nahi, eta ez ditugu egoiliarrak kutsatu nahi».

Zaintza eredua ezbaian

Koronabirusaren foku larrienetako bat dira zahar etxeak. Datu guztiak eguneratu gabe dauden arren, gutxienez 600 egoiliar hil dira gaitzaren ondorioz; heriotza guztien %40 baino gehiago dira. Sindikatuen ildoari jarraikiz, sarraskia zaintza ereduarekin lotu du Alonsok: «Madrilek aukera eman die diputazioei egoitzetan esku hartzeko, baina ez dute ezer aldatu». Azken urteetako lan gatazkak oroitu ditu: «Lurralde bakoitzean baldintza desberdinak ditugu, baina funtsean, ratioek mugatzen gaituzte: zoru altuago bat jarri behar zaie enpresei. Etengabe salatu ditugu gabeziak, eta beste albo batera begiratu dute. Orain, zoritxarrez, hildakoak ari dira hori berresten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.