Europak mugatu egin du erleei kalte egiten dieten hiru pestizidaren erabilera

Ezin izango dira aire zabalean erabili, baina bai berotegietan. Greenpeacek ontzat jo du, baina gai toxikoak zaintzeko eskatu du

Erleak erlauntza batean. JON URBE / FOKU.
Jon Rejado.
2018ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Nekazaritzanhiru pestizidaren erabilera mugatzea erabaki dute Europako Batasuneko herrialdeek, erleei kalte egiten dietelakoan. Hiru pestizida horiek klotianidina, imidakloprida eta tiametoxama dira. Neonikotinoideen barruan daude, eta oso erabiliak dira nekazaritza estentsiboan. Azken urteetan, pestizida horien erabilera ezbaian egon da; aurten, otsailean, EFSA Elikagaien Segurtasunerako Europako Agentziak frogatutzat jo zuen erleei kalte egiten dietela. Produktuok aire zabalean erabiltzea debekatu dute; ez, ordea, berotegi itxietan, non ezin baitiete kalte egin erleei. Debekua urte amaieratik aurrera egongo da indarrean.

Europako Batzordeak esana du aipatu hiru pestizidak «arrisku handikoak» direla erle kolonientzat: laboreak gai toxiko horiekin tratatu ondoren, polena eta nektarra kutsatuak geratzen dira, «bai laborearenak, baita inguruan dauden landareenak ere». Horrek erleei eta erlastarrei kalte egiten die labore horietan janaria bilatzen dutenean. Gaineratu du gai kimiko horiek «mugatzea» dela arrisku horri aurre egiteko modu bakarra. Horretarako zenbait proposamen egin zituen, eta atzo bertan onartu zituzten Europako Batasuneko kideek.

Vytenis Andriukaitis Elikagaien Segurtasunerako Europako komisarioaknabarmendu du erleei kalte egiten dieten faktoreek eragina dutela «bioaniztasunean, elikaduran eta ingurumenean». 2013an, Europako Batzordeak partzialki debekatu zuen hiru pestizida horien erabilera laboreetan eta haiekin tratatutako hazietan. Ordea, atzoko erabakiaren ostean, handitu egin dituzte hiru pestizidei jarritako mugak. Bozketan, Europako Batasuneko kide diren hemezortzi herrialdek erabilera mugatzeko neurrien alde egin zuten; herrialde horiek EBko populazioaren %76,1 ordezkatzen dute orotara. Proposamena onartzeko, derrigorrezkoa zen %65eko muga gainditzea. Errumaniak, Txekiar Errepublikak, Hungariak eta Danimarkak mugak jartzearen aurka egin dute. Beste zortzi herrialde abstenitu egin ziren.

Pozik, baina tentuz

Elkarte ekologistek pozik hartu dituzte hiru pestiziden erabilerarako jarritako mugak. Avaazeko kide Antonia Staatsek, esaterako, txalotu egin zuen atzo erabakia: «Akordioa egon izan ez balitz, kolokan egongo litzateke erleek-eta egiten duten polinizazioa». Greenpeace ere baikor agertu zen neurriarekin, baina gerora baliatuko diren intsektiziden gainean jarri zuen arreta. Franziska Achterberg Greenpeaceko elikagaien segurtasuneko arduradunak gogorarazi zuen badaudela gai toxiko gehiago: «Europako Batasunak bermatu behar du ez dela truke soil bat izango, eta hiru pestizidak ez direla beste gai toxiko batzuekin ordezkatuko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.