Irisgarritasuna bermatzeko legea onartuta, etorkizuneko gizarteari begira

Jon Rejado.
2018ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Nafarroako Parlamentuak Irisgarritasun Unibertsalari Buruzko Foru Legea onartu zuen atzo. «Bizi itxaropenaren luzapena eta populazioaren zahartzea ekarriko dituen eszenatoki demografikoari begira» landu dute, araudiaren zioan ageri den bezala, «gizarte inklusiboagoa lortzeko bidean, autonomia bermatzeko eta aukera berdintasuna bultzatzeko». 2010ean onartutako legea berritu dute, eta neurriak ezarri dituzte arautu gabe zeuden hainbat eremutan: justizia administrazioa, kultur ondarea, kirol eta aisialdi jarduerak, hezkuntza, garraioa...

Garraioari dagokionez, urte bateko epean administrazio publikoek Ibilgailuetan Irisgarritasuna Ezartzeko Plana onartu beharko dute. Plan horretan, besteak beste, jendearentzako arreta eta informazio guneetan keinu hizkuntzako interpreteen zerbitzua emateko beharra jaso beharko dute. Hirigintza antolatzeko tresnetan ere aintzat hartu beharko dute irisgarritasuna, baita etxebizitzak eraikitzean ere. Hain zuzen, legeak aurreikusten du aniztasun funtzionala dutenei babes publikoko etxebizitza gehiago bideratzea.

Hondakin legea, aurrera

Atzoko osoko bilkuran Hondakinei eta Haien Fiskalitateari Buruzko Foru Legea ere onartu zuten, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerraren botoekin. Europako araudiak ezarritako helburuak erdieste aldera, zenbait neurri jaso ditu testuak.Besteak beste, 2022. urterako derrigorrezkoa izango da hondakin organikoa bereizita jasotzea, bai etxeetan, bai saltoki eta jatetxeetan. Epemuga hori finkatu arren, 2020an hondakinen pisuaren %50 konposterako edo biometanizaziorako erabiltzeko helburua jarri dute, eta 2027. urtean, %70.

Legearen helburu nagusiak dira hondakin gutxiago sortzea, haien kudeaketa hobetzea, ekonomia zirkularraren arloan aurrera egitea eta klima aldaketaren aurkako borrokan sakontzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.