Tokio 2020. Antolaketa

BURBUILAN SARTUTA

Antolakuntzak autobus bidezko zerbitzua jarri du, kazetariak eta bestelako parte hartzaileak hoteletatik guneetara zuzenean eramateko, inorekin harremanik izan gabe. Neurri gehienak zorrotz betetzen dira.

MPC prentsa gune nagusira sartzeko kontrolak. BERRIA.
jakes goikoetxea
Tokio
2021eko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Lasaitua ematen du hoteletik sarrerako segurtasun zaindariaren mahaian papera bete gabe ateratzeak: ez irteera ordurik, ez gelaren zenbakirik, ez akreditazio zenbakirik... Lanera joanez gero, ez dago ordu laurdeneko mugarik berriro bueltatzeko.

Jokoetako antolakuntzak autobus bidezko garraioa antolatu du hoteletatik olinpiar guneetara joateko: autobus batean hoteletik MTM autobus geltoki nagusira, eta gero, beste autobus batean MTMtik dagokion olinpiar gunera. Atzerritik Jokoetara joandako kazetariek eta bestelako ordezkariek ezin dute garraio publikoa erabili lehen hamalau egunetan.

Hotelaren aurrean bertan dago autobus geltokia. Ordu erdian behin izaten dira autobusak. Autobusaren zain, espaloian ezkerrera eta eskuinera doazen herritarrek, atzerritarrei baino gehiago, lepotik zintzilik dituzten akreditazioei begiratzen diete.

Ordua baino pixka bat lehentxeago, gizon bat eta neska bat azaldu dira. Uniforme urdin koloregaldua eta handiegia du gizonak. Antolakuntzako peto horia neskak. Nondik atera dira? Autobusaren etorrera kontrolatzea, geltokia libre egon dadila ziurtatzea da bataren lana; bidaiarien sarrera ordenatzea, bestearena. Gehiegizkoa dirudi. The Truman Show filmaren itxura ere badu: guztia eta guztiak kazetarien bueltan.

«Arigato»(eskerrik asko), kazetariak neska petodunari, eskerrak emateko eta bere hizkuntzan errespetua adierazteko. «Good morning», neskak kazetariari, egun ona opatzeko eta errespetua adierazteko.

Autobus oso bat dozena erdi bat bidaiarirentzat. Motxila handiekin guztiak. Antolakuntzaren autobus guztietan gertatzen den moduan, aire girotua dena emanda. Ez da autobuseko zerbitzurik estimatuena. Bidaiariek wifia nahi dute. Elkarrizketa gutxi entzuten da, gehienak pantailari begira joaten dira. Autobus guztiek erakusten dute, denek ikusteko moduan, wifi sarearen izena eta pasahitza. Sushi2020. Kostako da Tokion sushia jatea, ordu laurdeneko eta mugitzeko mugekin.

Hotelaren eta MTM autobus geltoki nagusiaren artean 40 bat minutuko bidea dago. Kristalaren beste aldean, Tokio taupadaka ari da. Tarteka, Olinpiar Jokoen afixen bat ikusten da.

Autobus geltoki nagusia da garraioaren korapiloa. Bertatik ateratzen dira leku guztietara joateko autobusak, bai lehiaketetako olinpiar guneetara, bai MPC prentsa gune nagusira (ondoan du telebistentzako gunea, IBC).

Ordena, ordena eta ordena

Helmuga bakoitzak zenbaki bat du, eta zenbakien aurrean boluntarioak daude, bidaiarien zalantza guztiak argitzeko eta autobusetako sarrera-irteerak ordenatzeko. Olinpiar Jokoetan guztia baita oso ordenatua. Guztia ordenatzeko boluntarioak badituzte, behintzat.

Autobus guztien parean daude kono laranjekin osatutako ibilbideak, bidaiariak autobusera banan-banan sartzeko, pilaketarik sortu gabe. Praktikan, ordea, eguna joan eta eguna etorri, agerian geratzen ari da konoen ibilbideak ez direla beharrezkoak, ez baitabil haiek erabili behar izateko adina bidaiari. Hala ere, batzuetan boluntarioek prestatutako ibilbidea egitera behartzen dute, baita bi bidaiari soilik badaude ere. Ordena, beste behin.

Eguneko lehen helmuga MPC prentsa gune nagusia da, antolakuntzarekin zenbait kontu argitzeko. Hirietako autobusen itxurako batek egiten du geltokiaren eta MPCren arteko ibilbide laburra. Kilometro eskas.

Hala ere, antolakuntzak ez du uzten oinez, aire librean, joaten; bai, ordea, bidaiariak autobusean pilatzen. Autobusaren edukiera kontrolatzen duten boluntarioak dira, autobusa beteta egonda ere, jende gehiago sarrarazten dutenak.

MPCra doazenen artean, kazetariak eta argazkilariak nagusi. Argazkilariek lurrean pausatu dituzte teleobjektiboak. Lehiaketa bat dirudi, ea nork duen handiagoa erabakitzeko. Bada ia argazkilariaren gerriraino iristen denik ere. Bidaiari gehienak gizonak dira. Aire girotua, dena emanda.

Azpiko aparkalekutik sartzen da MPCra. Autobusa hustu, eta bidaiarien zain daude boluntarioak. Besoarekin norabidea erakusten duten boluntarioak dira Olinpiar Jokoetan ugarienak.

Taxiak ere iristen dira bertara. Boluntarioek, makila argitsuak eskuetan, hegazkinen moduan bideratzen dituzte espaloiaren ondoan gelditu arte.

MPCren sarreran, karpa zuriak. Aurrena eskuak gelarekin garbitu behar dira. Bisitariak eskuak garbitzen dituen bitartean, gorputzeko eskaner batek tenperatura neurtzen dio. Pantailan gorputzen siluetak ikusten dira. Berde antzekoa bada, ondo; laranja edo gorria bada, seinale txarra, litekeena da berriz tenperatura hartzea. Sukarra edukiz gero, PCR proba.

Hurrengo urratsa, akreditazioa baieztatzea. Akreditazioa gerturatu behar da irakurgailu batera. Gailuak akreditazioa benetakoa dela ziurtatzen duen bitartean, maskara kendu eta pareko koadro batera begiratu behar da, akreditazioa eta aurpegia bat datozela ziurtatzeko. Egunotan pilatutako begi zuloek ez dute, itxuraz, aurpegiaren ezaugarri biometrikoetan eraginik.

Karpatik, eskanerretara. Boluntarioetatik, militarretara. Poltsikoak hustu behar dira. Zorionez, motxilak ez, barruko gailu elektronikoen eta kableen festa handia baita.

«Edaririk edo likidorik badaramazu?», galdetu du militarretako batek. «Bai, urontzi bat», erantzuna. Ateratzeko, militarrak. Ez hori bakarrik: irekitzeko eta trago bat emateko. Urontzia ireki, eta tragoa. Militarra adi begira, ura zintzurretik behera joan dela ziurtatzeko asmoz. Kazetaria ez da ziplo erori. Ez zaio aurpegiko kolorea aldatu. Aurrera. «Eskerrik asko egoera ulertzeagatik, egun ona izan dezazula», agurtu du eskanerraren bukaerako militarrak.

Tokyo Big Sight eraikinean dago MPC. Japoniako erakustazoka handiena da, hiriburuko badiari begira eraikia. Lurretik gora eraikitako lau dorre, goian elkarri lotuta. Titaniozko azala dute.

Kazetari asko

Alde batean, telebistentzako eremua; bestean, gainerako guztientzakoa. Bertan daude jatetxe bat, olinpiar batzordeen eta zenbait komunikabideren bulegoak... Eta listu testak entregatzeko edo listu laginak bertan uzteko areto erraldoi bat, bionboz beteta intimitate pixka bat izateko eta, berriro ere, konoz gainezkajendea ordenatzeko. Euskal Herriko edozein txertodromotan baino jende gehiago hartzeko moduan. Praktikan, egunero hutsik.

Prentsa aretoa da estimaziorik handien duen lekua, jende gehien biltzen duena. Mundu bat, mundua bera, futbol zelai baten pareko eremuan. Mahai ugariz, Internet konexioz, telebistaz, zerbitzu teknikoz... hornitua. Wifia ere bai, jakina. Sakura2020. Tarteka, baita kafea ere. Aire girotua dena emanda. Boluntarioak dena txukuntzen, kable gorriak biltzen, mahaiak garbitzen, zaborra jasotzen...

Eta isiltasuna. Ez bakarrik olinpiar guneetan, ikusle faltagatik. Prentsa aretoan ere, konexioak konexio eta grabazioak grabazio, isiltasuna da nagusi. Tarteka txaloren bat, dominaren bat lortu duen kirolarien herrialdeko kazetariena.

MPCko lanak bukatuta, Kasaiko ur bizien kanala da eguneko helmuga. Berriro ere autobus geltoki nagusira bueltatu behar da, eta Kasaira doan autobusa hartu. Kasain, kontrol guztiak pasatu, ur tragoarena barne. «Eskerrik asko egoera ulertzeagatik, egun ona izan dezazula».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.