Telesailak

Pantaila txikia, handiaren joerei neurria hartu nahian

Telesailenganako interesak izugarri egin du gora aurten, eta horrek askotariko erronkei eman die bide munduko zein Euskal Herriko fikzioaren merkatuan

Alex Garlanden estreinako telesaila da Devs. RAYMOND LIU.
Mikel Yarza Artola.
2020ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
«Telesailen urrezko aroan gaude» ohiko esaldi bilakatu da askoren ahotan, baina hobe litzateke egungoa janari lasterraren eta gaindosiaren aro izendatzea. Supermerkatuko joeren pareko, milaka ekoizpen daude eskura, eskaintza berriek astero betetzen dituzte apalak, eta horietako asko berehala joaten dira zaborretara, iraungitze data gaindituta.

Telesailen uholdea erabatekoa izan da 2020an. Eskaintzak eta kontsumoak nabarmen egin dute gora, baita bi horien abiadurak ere. Zaila da denen arrastoari segitzea, eta erraza norbera erdipurdiko proposamenen zerrenda luzean galtzea. Streaming bidezko plataformen ugaritzea da horren arrazoi nagusietako bat.

Orain arte, HBOren eta Netflixen artekoa zen telesailen agintearen norgehiagoka. Pauso bat atzerago aritu izan dira Amazon, Starzplay, Sundance TV, Orange TV... Quibi plataforma, berriz, aurten sortu eta desagertu da. Espainian, Movistar Plusek egile zinemaren alde azken urteetan egindako apustua berretsi du, eta zinema independentearen ikur bilakatu den Filmin ere sartu da telesailen lehian, oraingoz ekoizpen propiorik gabe.

Baina aurten bi nobedadek eman dute zeresana: Apple TV Plus eta Disney Plus. Indartsu sartu dira telesailen merkatuan, eta, harpidedunen jokalekua ez ezik, edukien uzta ere baldintzatu dute, Hollywoodeko izen handiak erakarrita. Disneyren apustua da esanguratsuena: Pixar, Marvel eta Star Wars sagaren edukiak oso-osorik eskaini ditu bere katalogoan. Are gehiago, plataformak datozen urteetan azken bi horien hamarna telesail estreinatzea aurreikusten du.

Aurrerapauso historikoa

Jatorrizko bekatua, ordea, ez da Disneyrena. Remake, sekuela, spin-off... horiek guztiak aurrez existitzen ziren. Akaso, 2020a izan da zinemagintza komertzialeko bizio nagusiak telebistaren negoziora igaro diren urtea. Datozen nobedadeei begiratu besterik ez dago: azken denboraldira helduko da The Walking Dead, baina prestatze fasean ditu hirugarren eta laugarren telesail paraleloak, tartean komedia bat ere bai. Dexter hamar atal berrirekin itzuliko da; Hannibalen unibertsoa zabalduko du Clarice telesailak; Grease eta Conan the Barbarian pantaila txikira egokituko dituzte; The Sopranos klasikoak, berriz, film modura izango du segida. House of the Dragon izango da Game of Thrones arrakastatsuaren lehen jarraipena, eta Dune mitikoa telesail bilakatuko da, Denis Villeneuvek zinemarako egokitzapen bikoitza estreinatu eta berehala.

Villeneuve bera telesail batean lanean ari da, eta hori da urte honetako beste joera seinalatuetako bat. Geroz eta Hollywoodeko izar gehiagok egin dute zinematik telebistarako jauzia, kameraren aurrean zein atzean. Martin Scorsese, Guillermo del Toro, Barry Jenkins eta Michael Haneke telesailen arlorako ekoizpenak prestatzen ari dira, baita David Lynch ere, duela hiru urte Twin Peaks aitzindaria eraberritu ostean.

Euskal Herrian, urte esanguratsua izan da euskal fikzioarentzat, are gehiago euskal gatazkari loturiko istorioentzat. Historia garaikidearen hiru aro ezberdin bildu dituzte La Línea Invisible, Patria eta Altsasu telesailek. EITBren berpizkunde gisa ere uler liteke 2020a, Altsasu ez ezik Alardea eta Hondar Ahoak lan laburrak ere osatu baititu.

Baina bestelakoa da euskaldun batek aurten sortu duen telesailik onena: Alex de la Iglesiaren 30 Monedas. Abilezia narratiboa, ausardia formala eta istorio ezin entretenigarriago bat kontatzeko gaitasuna erakutsi ditu zuzendari bilbotarrak, eta azken urteetako proiekturik interesgarrienetako bat osatu, HBOrekin lankidetzan.

Telesail luzeen akabera

Bide berri baten lehen urratsak egiten ari da euskal telesailgintza, eta ulertzekoa da nobedade ia denak atal gutxiko proiektu izatea. Joera hori, ordea, mundu mailan orokortu da, eta kultura kontsumitzeko egungo abiadaren termometro izan liteke.

Mende hasierako Six Feet Under, The Shield eta Mad Men, pasa den hamarkadako American Horror Story, Homeland eta House of Cards... denak izan ziren bost denboraldi edo gehiagoko telesailak. Orain, nahikoa da denboraldi bakarrarekin, horren adibide urteko telesail onenen zerrendan bildutako hamar ekoizpenak.

Zorionez, 2020ak berezko ahotsa duten sortzaileen uzta oparoa eman du. Gozatzeko modukoak izan dira Devs existentzialista, The Eddy musikala eta The Queen's Gambit xake fenomenoa. Barrenak astintzeko, berriz, faxismoaren aurkako The Plot Against America, kolapso garaiko L'Effondrement eta migratzaileen inguruko Eden.

Gidaritza postuetako parekidetasuna da telebista urteko hutsunerik sonatuena eta 2021eko erronka nagusia. Emakumeen urtea izan bedi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.