Noiz sortua: 2015-05-27 00:30:00

Udal eta foru hauteskundeak. Nafarroa

UPNren emaitzen ostean, Catalanek autokritika egin behar dela deritzo

Parlamentuko presidentearen ustez, «espero gabeko emaitzok» aztertu behar dira.

Miguel Sanzek ezohiko kongresu bat egiteko eskatu du
Enrique Maia, Javier Esparza eta Yolanda Barcina, astelehenean, UPNren zuzendaritzaren bileraren ostean.
Enrique Maia, Javier Esparza eta Yolanda Barcina, astelehenean, UPNren zuzendaritzaren bileraren ostean. JESUS DIGES / EFE

Joxerra Senar -

2015eko maiatzak 27
Barcinaren hiztegian ez da autokritikarik sartzen, baina atzo hori aldarrikatu zuen Alberto Catalan parlamentuko presidenteak. UPNk 20.514 boto eta lau parlamentari galdu zituen iragan igandean, 2011ko hauteskundeekin alderatuta. Astelehenean, Yolanda Barcinak aitortu zuen «espero ez ziren emaitzak» izan zirela, eta legealdian hartu beharreko neurri gogorrekin lotu zituen, baina ez zuen egin bere kudeaketaren gaineko kritikarik. Catalanen arabera, ordea, emaitzak aztertu eta hausnartu behar dira derrigorrean: «Dagokion autokritika ere egin beharko da, emaitza hauek ez baikenituen espero». Ez zen ausartu bide horretan gehiago sakontzera, baina UPNn barneratzen ari dira oposiziora pasatu beharko dutela, eta ezinegona hasi da azaleratzen.

Etorkizuneko UPNren gidaritza hartzeko lasterketa berriz piztu daiteke, nahiz eta Jose Javier Esparzak posiziorik onena izan. «UPN oposiziora badoa, prest nago lidergoa hartzeko eta, gainera, oposizio tinkoa egiteko», adierazi zuen astelehenean.

Bere nahia hori ez izan arren, Miguel Sanzek ezohiko kongresu bat antolatzeko beharra azpimarratu zuen asteleheneko zuzendaritza batzordean. Bileran, eztabaida bizia izan zuen Barcinarekin berarekin. Nahiz eta hautagaitzari uko egin eta parlamentuko bozetatik at geratu, Barcinak alderdiaren presidentetza du 2009ko apirileko kongresutik —2013an berretsi zuen kargua, Catalani ozta-ozta irabazi ostean—. Oraingoan, ordea, Sanzek lehen mugimendua egin du Barcinaren agintaldia amaitzeko.

Astelehenean, aukera horri buruz galdetu zioten Barcinari, eta ez zuen baztertu. «Garrantzitsuena da gogoeta egitea, gure alderdiak nafar guztientzat erreferentzialtasuna gal ez dezan». Erreferentzialtasun horri eustea izango du erronka. Izan ere, balizko gobernu bat mehatxagarria gerta liteke kaosa iragarri duen alderdiarentzat. Gobernu horrek tentuz eta zentzuz kudeatuz gero, UPNren proiektua bera hankaz gora gera daiteke, eta hori izango da hastear den legealdi berriko lehia politiko nagusia.

«Dena da posible», erantzun zuen astelehenean Barcinak, kongresuaren aukeraz galdetuta. Oraindik goizegi bada ere, aurreratu zuen «kongresua izan edo ez» moduak bainoago ideiak direla garrantzitsuagoak. «Argi eduki behar dugu estrategia. Esparza ez bada presidente, lan egingo dugu lauko gobernua ordezkatua izan dadin lau urte barru, halakoek kaosa ekarri besterik ez baitute egiten». Haren esanetan, garrantzitsua izango da UPN batuta egotea.

Igandeko boto galerak lehen ondorioa izan du. Marivi Castillo Tuterako zerrendaburuak dimisioa eman du. UPNk alkatetzak gal ditzake Nafarroako udal nagusi askotan: tartean, Tutera, Tafalla, Barañain, Iruñea, Lizarra, Eguesibar eta Zizur. Hala, Nafarroako Gobernuaz gain, UPNk lurraldeko udal nagusiak gal ditzake. Akordioak lortu ezinak kamuts uzten du haren garaipena.

Geroa Baik gaur egingo du lehen bilera, eta akordio politikoaren oinarriak hitzartzeko negoziazioen abiapuntua izango da. Elkarrizketa zailak izango dira. Alderdiek hiru hilabete dituzte gobernua osatzeko.

Hasier Arraiz Sortuko presidenteak atzo Donostian esan zuen «eskuzabaltasunez eta malgutasunez» jokatuko dutela: «Azpimarratu nahi dugu hauteskunde hauetan gure helburu nagusia Nafarroan aldaketa politikorako aukera zabaltzea zela. Eta helburua lortu da». Xede hori nola gauzatuko den ez dakiela esan du: «Ez dakigu zein den formula orain, baina horretan gaude». Haren ustez, borondate politikoa badago, lortuko da, «dudarik gabe».

Sortuko buruzagiak garrantzitsutzat jotzen du, gainera, Iruñean alkatetza lor dezakeela EH Bilduk: «Guri dagokigu Iruñeko Udaleko aldaketa gidatzea, harrokeriarik gabe. Ohore bat da, Euskal Herriko hiriburua baita».

120 kargudun, ateratzear

Lau alderdien arteko negoziazioek ematen dutenaren zain, balizko gobernu aldaketak lehen ondorio ukigarria izango du. UPNk izendatutako 120 kargudun politikok gobernua utzi beharko dute. Horri udaletako kargudunak erantsi beharko zaizkio. 120 postu horietatik erdiak soldata handiko goi karguak dira: bederatzi, kontseilarienak, zuzendari nagusienak eta enpresa publikoetako eta fundazioetako gerenteenak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna