71.000 haurrek dute obesitatea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Teknologia eta pediatria uztartuta egingo diote aurre obesitateari. Informazio kanpaina abiatu dute «plater osasungarria» zabaltzeko asmoz

JUANAN RUIZ / @FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Haurren obesitateari eta gehiegizko pisuari aurre egiteko asmoz, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak zenbait neurri aurkeztu zituzten atzo, Gasteizen. Iratxe Salcedo medikuak ohartarazi zuenez, egun 7 eta 14 urte arteko 71.000 haurrek dute gehiegizko pisua edo obesitatea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua esan zuen «osasun publikoko arazo» gisa aztertu behar dela afera: «Ingurune eta ohitura osasungarriak sortzeko lan egitea lehentasunezkoa da, betiere beste erakundeekin eta sektoreekin lankidetzan».

Teknologia eta pediatria uztartzen ditu lehen neurriak. Hain zuzen ere, Mangolsen bidaia jokoa aurkeztu zuten, eta, Murgak adierazi zuenez, haurrek eta familiek aukera izango dute horren bidez elikaduraren gaineko informazio jasotzeko eta «ahalduntzeko». Areago, gaineratu zuen pediatrek ere erabili ahal izango dutela, haur eta familien bilakaera zein den jakiteko: «Jokoa pazientearen historia digitalarekin integratuta egongo da, eta, beraz, osasun arloko profesionalak aukera edukiko du hurrengo maila aktibatzeko eta haren bilakaera monitorizatzeko».

Elikagai osasungarrien aldeko informazio kanpaina baten berri ere eman zuten, eta, osasun sailburuak «plater osasungarria» aurkeztu zuen: «Plateraren %50 frutek eta barazkiek bete behar du; %25 karbohidratoek, eta %25, proteina osasungarriek». Gaineratu zuen kanpainak «modu grafikoan» jasotzen duela elikagai horien garrantzia, eta zenbait euskarritan iritsiko dela herritarrengana. Orain arte egindako urratsak ere gogoan izan zituen; eskola patioen eraldaketa eta eskola bideen proiektua, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.