Oscar Lage. Tecnaliako zibersegurtasun arduraduna

«Gauzek euren ekonomia sortzen hastea ekarriko du egia bakarra izateak»

Zientzia fikzioa dirudi Lagek kontatzen duenak, elkarrekin automatikoki hitz egiten duten fabriketatik hasita. Bloke kateen teknologiak aldaketa handiak ekarriko ditu, batez ere ekonomian.

TECNALIA.
Irune Lasa.
2017ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Tecnalian zibersegurtasun arduraduna, Oscar Lagek(Bilbo, 1982) aditua da Blockchain teknologian. Laster ezagunak egingo zaizkigun hitzak, berak lehenago esan, entzun edota ikertu ditu.

Eta, orain, beste kontzeptu bat: Gauzen Ekonomia. Zer demontre da hori?

Kar kar. Egia da, jada zenbait forotan, batez ere Blockchain eta adimen artifizialari lotutakoetan, gauzen ekonomiaz hitz egiten hasi gara. Nolabait, hurrengo olatu kolpea izango dena. Ea... Lehen eboluzio batean datuak bidaltzen zituzten gauzak zeuden: adibidez, tenperatura neurtzen eta datu horiek bidaltzen zituzten sentsoreak. Hurrengo eboluzioan sistema ziberfisikoak iritsi dira, eragin egiten dute inguru errealean; hori da, adibidez, Gauzen Internet. Baina, horrek muga asko ditu, adibidez, zibersegurtasunaren ikuspegitik. Azkenean, ez gara prozedura mordoa automatizatzen ari ez dugulako nahikoa konfiantzarik datuen iturrian. Eta Blockchain iritsi da. Batzuek, handizka, Egia Bakarra deitzen diote. Esajerazioak esajerazio, egia da Blockchainen erregistratutako datuak inork ezin dituela aldatu, ezabatu, inork ezin du hor egin duena egin duenik ukatu... Egia bat egongo da. Eta horrek, kontratu adimendunekin batera, ahalbidetuko du adimen artifiziala... Gauzek euren ekonomia propioa sortzen hastea. Datuak sortu, saldu, erosi, dirua mugitu...

Gauzen Interneten pentsatzean,saltokira esnea eskatuko duen hozkailuan pentsatzen dut nik beti.

Bai, hala da... Eta utziko diozu hozkailuari ordaintzen? Emango diozu kreditu txartelaren giltza hitza?

Hozkailuari? Ezta pentsatu ere!Edo bai? Blockchainarekin?

Hori da. Eta gehiago ere. Imajinadezagun: gauza bati eman geniezaioke, adibidez, burtsako baloreen kartera bat, eta haiek trukatzen jarduteko agindu... Gauza horrek, beraz, balioa sor dezake, akzio horiek salerosten ibili denean, edo beste gauza bati pagatu akzio batzuen truke. Gauza jakin batek balio bat sor dezake, demagun, energia hornitu duelako... Informazioaren Internetetik balioaren Internetera pasatuko gara. Informazioaren Interneten asmatu genuen informazioa trukatzeko. Orain, Blockchainarekin, jauzia etorriko da. Nirea den zerbaitek balioa badu eta digitala bada, horren gaineko kontrol erabatekoa izango dut, Blockchaine baten erregistratutakoan, besteak beste, trazabilitate erabatekoa daukagulako. Eta hor sartzen dira kontratu adimendunak, gure kontrol hori ziurtatzeko.

Irakurri dizut bloke kateen teknologia enpresa txiki eta ertainen (ETE) mesederako izan daitekeela. Besteak beste, hori ikertzen ari zarete Tecnalian.

Aholkularitza handiak, banku handiak dira Blockchain teknologiak erabiltzen hasi direnak, eta hortik onura izaten ari direnak. Tecnaliak uste du teknologia honek eta harekin lotutakoek zentzu handia izan dezaketela ETEetan, gauza asko asmatu eta garatu ditzaketela; ez dira handiak izaten ideia onak dituzten bakarrak. Horrez gain, beste paradigma bat ere zabaltzen da: pentsa, informazioaren Internetarekin sortu eta 1990eko hamarkadako burbuilaren eztanda gainditu zuten eta informazioarekin trafikatzen duten enpresak dira orain nagusi munduan, Google, Amazon... Bada, askok uste dute hurrengo olatu kolpe honetan sortuko diren eta sortzen ari diren start-up-en artean egongo direla etorkizuneko ekonomiako enpresa handiak.

4.0 industrian aritu nahi duten enpresa txiki eta ertain horiek teknologia honetatik onurak izan ditzakeela uste duzue.

Hain zuzen, horretara joan behar dugula uste dut. Industriaren azken iraultza honetan, eskariak produktu gero eta pertsonalizatuagoak nahi ditu. Fordismoko kopuru handietako serieak baino gehiago, orain serie motzagoak, espezializatuagoak, pertsonalizatuagoak nahi dira. Horrek gaur egun kostu gehiago dauka, aldaketa, zehaztapen, eskari, kudeaketa, logistika guztia, nolabait esateko, eskuz egiten dugulako. Hori guztia, ordea, automatizatu ahalko genuke fabrikazio ekosisteman egiazkotasun erabateko iturri komun bat izanda. Eta muturreraino joanez, jada hasiak dira sortzen Industrial Marketplace delakoak.

Eta horiek dira...?

Imajinatu eBayren antzeko ekosistema bat, Blockchain bat non norbaitek eskatzen duen halako pieza fabrikatzea behar duela, halako mekanizatuarekin eta halako kalitatearekin, halako osagaiekin... Blockchain horretara egon daitezke konektatuta enpresa handiak, baita ETEak ere, edota eskari jakin bat eskuratzeko koordinatu daitezkeen ETEen talde bat. Fabrikak (gauzak) eskari hori egingo du eta beste fabrikek euren eskaintzak egingo dituzte. Enkante hori denbora jakin batean itxiko da, eta erregistratutako eskaintza onenak irabaziko du. Dena automatikoa, inork botoi bati eman gabe. Hor ETEentzako aukera bat dago, eskaritik geografikoki hurbilago dagoen eskaintza errentagarriago bihurtuko baitu. Aurreikusten da, nahi da, 4.0 industriak ekoizpena kontsumo gunera hurbiltzea, eta horrela, esaterako, kontsumitzaile handiak bagara Euskadin, ekoizle handiak ere izan gaitezke. Asiako ekoizle handientzat hori arazoa izan daiteke baina, Europan, Euskadin, aukera argi ikusten da, eta horregatik fabrikazio aurreratuaren aldeko apustua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.