Amaia Nausia Pimoulier.

Historia ikasteak ez du ezertarako balio

2022ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Madrilen aurten EvAUn, unibertsitatean sartzeko ebaluazioan, nota altuena atera zuen ikasleak, Gabrielek, Filologia Klasikoa ikastea erabaki du. Latineko irakaslea izan nahi du. Ez luke albiste ere izan behar, ezta? Ikasle honek10 bat atera du ikasgai guztietan, Gorputz Heziketan izan ezik: 9 bat atera omen zuen Batxilergoko lehenengo urtean. Antza denez, askorentzat ulergaitza da edozein gradu ikasteko aukera izanda Humanitateetako ikasgai bat aukeratu izana. Nola da posible? Zergatik ez ingeniaritza bat? Arkitektura? Medikuntza? Gaitasuna eta talentua alferrik galtzea dela diote askok.

Sare sozialetan denetarik entzun behar izan du Gabrielek, zera bota zuen @CriptosBrun-ek: «Gero, bere aita baino okerrago bizi dela kexatuko da, zeinak industria-peritua egin zuen, eta berdin balio zizun ontzi bat proiektatzeko edo Vespa bat konpontzeko». Memeak nonahi ere, Filologia Klasikoa amaitzean Gabriel langabezian irudikatzen dutenak.

Humanitateekiko mespretxua ez da berria. Zenbatetan entzun behar izan nuen nire ikasle garaietan ea zertarako balioko zidan Letrak ikasteak? Ikasle bikain horietako bat nintzen ni. Batxilergoa Ohorezko Matrikularekin amaitu nuen. Berdin zioen ikasgaiak, Matematika zein Fisika, Gaztelera edo Historia, beti oso nota altuak jasotzen nituen. Eta, aldi berean, oso goiztiarra izan nintzen zer ikasi nahi nuen erabakitzerako garaian ere; argi nuen Historia ikasiko nuela unibertsitatean. Nire aitak, ordea, oinarrizko hezkuntza jasotzeko aukera besterik izan ez zuenez —gazte-gaztetatik lan egin behar izan zuen—, ikusten zuen letretako karrera baten alde egitea potentziala alferrik galtzea zela, zer lan-irteera espero zizkion Historiako ikasle bati? Beraz, ikasketa mistoak aukeratzera animatu ninduen, «aterik itxi ez dezazun», esaten zidan behin eta berriz. Horregatik, Grekoa alde batera utzi behar izan nuen Matematikaren alde. Aitak nire tutorearen konplizitatea izan zuen, «horren Ikasle ona izanda lizentziatura bikoitza egin dezake, edo bi aldiz graduatu, lehenik Historian eta gero Zuzenbidean, edo Ekonomian». Esanez bezala, behin Historiaren kapritxoa kenduta, gero zerbait praktikoa eginen du.

Kontua ez da bakarrik betiko leloa, hau da, «balio duenak balio du, eta balio ez duenari Letrak geratzen zaizkio». Gaztetatik esaten digute produktibitatera bideratu behar ditugula gure ikasketak, gure etorkizunean pentsatu behar dugula eta aukeratzen dugunak lan-merkatura bideratuta egon behar duela, sistemarako baliagarriak diren karrerak lehenetsiz. Humanitateekiko mespretxua ez da oraintsukoa, eta arrakasta hilaren amaieran izaten den nominaren arabera neurtzen den sistema batean bizi gara, ezagutza-eremuak produkzio-sistemari egiten dion ekarpen praktikoaren arabera neurtzen diren bitartean. Gainera, eta uste dut horretaz beste noizbait hitz egin dudala, Giza Zientziak historikoki gutxietsiak egon dira, hain zuzen ere horietan emakumeen presentzia handiagoa izateagatik. Ulergarria da, izan ere, Humanitateetako karrerek ez dutela ezer produzitzen, gehienez ere, eta zorte handiz, azterketa kritikoa egiteko gaitasuna duen jendea; eta hori, gaur egun unibertsitate-sistema dagoen bezala, ez dago ziurtatuta.

Zertarako aukeratu, beraz, Filologia Klasikoa edo Historia bezalako ikasketak? Niri Historiak balio izan dit beste errealitate batzuk irudikatzeko. Ez dut inoiz Historia ikertu edo pentsatu nostalgiarako bide bezala, ez ditut faltan botatzen iraganeko garaiak. Historiak balio izan dit eta balio dit oraindik gizarte antolakuntzak, pentsamoldeen egituratzeak nola eraiki diren ulertzeko. Eta Patriarkatua, Kapitalismoa, Estatu Modernoa nola eraiki diren eta horiek eraikitzeko mekanismoak zein izan diren ulertzeko balio didan bezala, Historiak erakusten digu horiek guztiak nola deseraiki. Eraiki dena desegin daitekeelako. Beste gizarte antolakuntzak posible direlako. Ez dut inolaz ere determinismoan sinisten, hain zuzen ere Historiaren azterketak hori erakutsi didalako; eta horren ulerkerak izugarrizko askatasun sentimendua ematen dit.

Baina egia da, Historia ikasteak ez nau aberastu, ez dizkit ate asko ireki, lan munduan behintzat ez. Ingeniaritza ikasi zuten lagunen soldatak nirea baino altuagoak dira, zalantzarik gabe. Baina historiaren azterketak erakutsi dit hori ekoizpenaren nagusitasunean oinarritutako eraikuntza historiko baten ondorioa dela, zeinetan lehia sormenaren gainetik kokatzen den, eta lankidetza eta ezagutza partekatuaren gainetik produktibitateari ematen zaion garrantzia.

Egia da, Historia ikasteak ez dit ezertarako balio izan, agian gauzak zergatik eta nola funtzionatzen duten pixka bat ulertzeko besterik ez. Beno, eta agian gizarte justuago bat irudikatu eta proiektatzeko ere, non inor ez den epaitzen Filologia Klasikoa aukeratzeagatik unibertsitatean sartzeko ebaluazioko notarik onenarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.