Emakumeen Bira. Ashleigh Moolman-Pasio. Cervelo-Biglako txirrindularia

«Ez dut uste erlojupekoak lasterketa erabakiko duenik»

Annemiek van Vleuten eta Anna van der Breggen indartsu ikusi arren, iaz bezala berriz irabazteko ilusioa du Moolman-Pasiok.

ainara arratibel gascon
2018ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Hitz egiterakoan pozik igartzen zaio Ashleigh Moolman Pasio Cervelo Biglako txirrindulariari (Pretoria, 1985). Sasoia ondo hasi du: «Nire kirol ibilbideko udaberririk onena izan da». Uste du duela bi urte mokorrean izandako lesioak «psikologikoki indartsuagoa eta taktikoki bizkorragoa» egin duela. Birako ibilbidea gustuko du: «Egunero dago non min egin». Erlojupekoan denbora galdu arren, azken bi etapetan hori berreskuratzeko modua duela uste du.

Aurreko urtekoa berriz lortzeko moduan ikustenal duzu zeure burua?

Uste dut sasoi onean nagoela. Denboraldia indarrez hasi nuen, eta ondoren eten txiki bat egin nuen. Nire lehen erronkagarrantzitsua da Bira. Profesional naizenetik maiz korritu izan dudan lasterketa da, oso aproposa baita nire benetako sasoia neurtzeko. Iaz estreinakoz irabazi nuen. Oso berezia izan zen, Euskal Herriko zaleek modu oso berezian bizi baitute txirrindularitza. Gainera, azken etapan erabaki zen dena, eta oso lehia polita izan genuen Annemiekek [Van Vleuten] eta biok. Orica oso indartsu zegoen, baina gai izan nintzen gailentzeko. Saiatuko naiz berriz irabazten; konfiantzaz eta ilusioz nago. Horretarako prestatu naiz. Baina ez da erraza izango, batez ere etapak luzeagoak izanda, kontrol handiagoa izango delako tropelean.Pozgarria da Bira berriro World Tourrean egotea. Iaz, antolatzaileek ahalegin handia egin zuten hori lortzeko, eta merezitako saria jaso dute.

Zer iruditzen zaizu ibilbidea? Gustuko al duzu?

Ez dut zehatz-mehatz aztertu, baina, ikusi dudanagatik, min egiteko aukera asko ematen ditu. Uste dut oso lehiatua izango dela lasterketa. Gustuko dut, batez ere, gorabeheratsua delako, eta nire korritzeko modurako oso aproposa da hori. Batez ere, Aretxabaletan amaitzen den etapa da niretzat egokiena.

Iruditzen zaizu alde handiak egongo direla erlojupekoan?

Oso luzea da, eta ziur nago aldeak egongo direla. Erdipurdiko egun bat izanez gero, minutu eta erditik gora gal dezakezu. Eskalatzaileak ez gara hain ondo moldatzen erlojupekoetan, are gutxiago horren laua izanda. Baina nik azken urteetan ahalegin handia egin dut horretan hobetzeko. Erlojupekoan bizikletan dudan postura egokitzen saiatu naiz. Hortik harago, argi dudana da eskalatzaileok azken bi etapetan eraso egin beharko dugula, aldea murrizteko. Ibilbideak aukera ematen du horretarako, eta ni saiatuko naiz. Ez dut uste erlojupekoak lasterketa erabakita utziko duenik.

Zein ikusten dituzu faborito erlojupekoa irabazteko?

Van Vleuten eta Van der Breggen. Egungo tropelean diziplina horretan onenak dira, eta uste dut ez dutela aukera alferrik galduko. Haiek dira, nire ustez, gainera, Bira irabazteko hautagai nagusiak. Ea nik haien pare egotea lortzen dudan.

Boels Dolmans eta Mitchelton oso talde indartsuak dira. Zuen taldea nola dago?

Oso ondo. Agian, bakarka begiratuta bi talde horiek indartsuagoak dirudite, baina gu oso batuta gaude. Talde lanean dago gure indarra.

Pozik al zaude denboraldiarekin?

Oso pozik. Beti kostatu izan zait sasoia hartzea. Udaberriko klasikoak ez dira niretzat aproposenak. Nahiago ditut mendia duten lasterketak. Baina aurten maila onean sumatu dut neure burua denboraldi hasieran, eta alde horretatik gustuko nago. Uste dut nire kirol ibilbideko udaberririk onena izan dela.

2016. urte amaieran istripua izan zenuen, Nazioarteko Itzuliko erlojupekoan. Motor bat jo, eta mokorreko hezur iliakoa apurtu zenuen. Ondoriorik utzi dizu?

Egia esan, kolpe gogorra izan zen. Lesio mingarria izan zen, eta kostatu zitzaidan osatzea. Hiru hilabete inguru eman nituen bizikleta ukitu gabe, eta osatzeko prozesua oso gogorra izan zen. Niretzat, iazko Bira oso inportantea izan zen, irabazteaz gainera ikusi nuelako gai nintzela berriro ereonenen artean lehiatzeko, eta beldur guztiak gainetik kendu nituen.Izan ere, halako eten baten ostean, beti dituzu zure mailaren inguruko zalantzak.

Lesio hark zer erakutsi zizun?

Ikasgai handia izan da. Nire kirol ibilbideko handiena. Txirrindulari hobea izaten lagundu didala uste dut. Errepidean beti izan naiz kementsua, amore ematen ez duten horietakoa, eta lesioak are gehiago indartu nau esparru honetan. Izan ere, psikologikoki indartsuagoa naiz. Sufritzen jakin behar da askotan, eta, horretarako, ezinbestekoa da buruz indartsua izatea. Bestalde, taktikoki bizkorragoa naizela uste dut, eta indarrak ondo neurtzen ikasi dudala, tropelean hobeto kokatzen eta erasoak ondo neurtzen.

Biraren ondoren, zein izango da zure erronka nagusia?

Giroa. Eskalatzaileontzat lasterketarik politena da, eta ea gai naizen sasoiari eusteko eta irabazteko lehian sartzeko.

Eider Merino, Ane Santesteban... Zein iritzi duzu euskal txirrindulariez?

Uste dut etorkizun handiko txirrindulariak direla, lehiakorrak. Pixkanaka eskarmentua hartzen ari dira nazioarteko probetan, eta tropelean gero eta konfiantza handiagoa dutela ikusten da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.