Uhinak espetxe barruraino

Hala Bedi irratiak 'Kafe expreso' saioa estreinatuko du gaur. Euskal presoei dago zuzenduta

Hala Bedi irratiaren Kafe expreso irratsaioaren aurkezpeneko kartela. BERRIA.
enekoitz telleria sarriegi
2021eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Zubi lan bat espetxearen eta kalearen artean. Euskal presoen, senideen eta lagunen artean sentipenak, sormena eta mezuak banatzeko bitartekari eta lanabesa. Horixe nahi du izan Hala Bedi irratiaren Kafe expreso saioak. Gaur estreinatuko dute, Hala Bedi tabernatik zuzenean (15:00), eta ostegunero entzun ahalko da uhinetan, Hego Euskal Herriko espetxe guztietan —Hala Bediren bidez Zaballan (Araba), 97 irratiaren bidez Basaurin (Bizkaia), Naiz irratiaren bidez Martutenen (Gipuzkoa), eta Antxeta eta Eztanda irratien bidez Iruñean (Nafarroa)—.

Espetxe barrutik jasotako proposamen bati tiraka ondutako saioa da gaur estreinatuko duten hori, Ainhoa Villaverde esatariak azaldu duenez: «Zaballan dagoen preso politiko emakumezko batek bisitan joandako lagun bati komentatu zion ea zergatik ez genuen irratsaio berezi bat egiten presoei begira. Bere garaian, Parisen ere emititzen zela halako bat, senideek eta lagunek mezuak bidaltzeko aukera izaten zutela... ideia horretatik abiatuta egin zion proposamena. Hainbat lagun elkartu gara ideia horren inguruan, eta pixkanaka-pixkanaka Kafe expreso izeneko irratsaioari forma eman diogu».

Barrutik kanporako proposamena, tankera bereko saioetan oinarritutakoa, baina elementu gehigarri bat duena: umorea. «Ikusita presoen inguruan azken urteetan egon diren gorabeherak eta tentsioak, inportantea iruditzen zitzaigun umoretik abiatzea. Noski, errespetuz eta maitasunez egindako umorea».

Euskaraz izango da saioa, nahiz eta senideei eta lagunei emango zaien aukera euren mezuak beste hizkuntzetan ere helarazteko. Villaverdek argitu duenez, preso politikoei zein sozialei zuzendutakoa da irratsaioa, eta «testuinguruak» izan du zeresana haren sorreran: «Gaur egun egiten ari diren mugimenduek zeresana izan dute ziurrenik proposamen jakin hau mahai gainean jartzerakoan».

Hala Bediko esatariak dio haiek «tresna edo bitartekoa» izango direla, baina irratsaioa aurrera ateratzeko presoen eta haien senide eta lagunen parte hartzea izango dela ezinbestekoa. Nola? «Presoek nahi dutena bidal dezakete: idatziak, olerkiak, sormen lanak, musika eskariak, anekdotak, hausnarketak... Senideek eta lagunek, aldiz, bidali ditzatela presoentzako mezuak, musika eskariak, edo kontatu dezatela paketean betaurrekoak sartzea lortu dutela».

Saioa ez da astero iguala izango. Aurkezpena tabernatik egingo dute gaur, zuzenean, baina beste saioak estudiotik egingo dituzte. Atalak ere ezberdinak izango dira. Leihotik leihora atala izango da irratsaioaren ardatza, presoen eta senideen mezuak ahotsez zein idatziz partekatzeko atala. Iragarki eta hiztegi talegeroak ere egongo dira, umore kutsukoak. Ihes egiteko soinuak atala ere bai, soinu negatibo zein positiboen grabazioekin. Pasabide sekretuak izenekoan, presoen eta senideen anekdotak jasoko dituzte. Bidaia astralak izenekoan, aldiz, presoei eskainiko zaie bidaia birtualak egiteko aukera, haien eskariak kontuan hartuta.

Miren Larrañagak, Ruben Sanchezek, Ekaitz Samaniegok eta Ainhoa Villaverdek berak osatzen dute Kafe expreso irratsaio berriko lantaldea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.