Literatura. 'Kabitu ezina'

Besteak

Idazlea: Aintzane Usandizaga. Argitaletxea: Elkar.

2019ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Zortzi ipuin labur ditu Aintzane Usandizagaren lehen liburu honek, eta guztiak daude giroturik gaur egungo munduaren (ezen ez egunerokoaren) joanean. Egungo belaunaldi gazteari egokitu zaizkion zenbait tasun eta keria aletzen dizkigu, munduari eta bizimoduari aurre egiteko nahiak eta ezinak, ahalak eta beharrak. Norbere indibidualtasun subjektibotik kanpoko mundutxo arroztuak, kuadrillak, bikoteak, familiak. Besteak.

Zertzelada orokor horiek gutxi gorabehera ipuin guztiak bil ditzaketen arren, zaila da liburuari batasunik ematea, zeren orriotako kontakizunak askotarikoak baitira oso, eta gorabeheratsuak; apenas dagoen, alderdi formaletik behintzat, loturarik edo paralelismorik argumentuen, pertsonaien, narratzaileen artean. Ipuin ugaritan (edo ia denetan) dago zerbait ez duguna ulertzen (ez guk eta ez protagonistak, batzuetan), eta ez ulertze horrek akuilatzen du istorioa bera. Arrozte sentsazioa areagotzen du horrek, baina nago efektu hori zentzu narratiboa pixka bat baztertzearen (edo nabarmen kaskartzearen) truke lortzen dela. Irakurlea klimax baten faltan geratzen da ipuin batzuetan, orriak faltako balira bezala (Ovi, a dibidez); beste batzuetan, horrez gain, baliteke betelan gehitxo ere egotea (Hamar urte barru, adibidez). Desorekak eta gorabeherak dira nagusi; batzuetan nolabaiteko intimismo baterantz lerratzen dela ematen du, eta beste batzuetan irudi ia kafkiarren bat dugu ipuinaren epizentro, edo josteta estetikoren bat, bestela, Borgesen erako identitate-joko ez guztiz biribilduren bat. Ezaugarriok ez dute noranzko argirik, eta, propio pentsatuak eta gutxi gorabehera arrakastaz gauzatuak egonagatik ere, espazio murritzegia dute behar bezala garatu eta arnasarik hartzeko.

Haatik, Usandizagaren kontagintzak baditu ipuingile onen ezaugarri zenbait: trebeki erreparatzen die girotzearen parte diren xehetasunei, eta behar bezala josten ditu. Era berean, xehetasunok ongi uztartuta daude gogoeta orokortzaileekin, halako moduz non batzuek besteak indartzen dituzten, eta ez ahultzen. Pena da, hortaz, balio hori lausotu xamarrik geratzea, ezkutuan bezala, distira gehixeago egingo bailuke baldin eta ezaugarriok zentzu narratibo txukunago batekin eta narratzailearen ahots zainduxeago batekin uztartuko balira.

Oro har, ipuin umotu gabeak iruditu zaizkit, gehixeago aprobetxa zitezkeenak, batik bat kontuan izanda zer-nolako bertuteak dituen gainerakoan Usandizagaren kontagintzak.

Halarik ere, bereziki azpimarratzekoak dira egileak kontakizun zenbaitetan marrazten dituen irudiak, zeinak arrunt indartsuak baitira, kasik ipuin bakoitzaren hasierako ilustrazioak bezain plastikoak. Estetikaren zentzu oso indartsu bat dute, gustukoak izan ala ez, eta garrantzi handia hartzen dute kontakizunetan. Halaber, nabarmentzekoa da animaliek (eta haien kontrako nolabaiteko indarkeriak) rol garrantzitsua dutela irudion zentzu estetikoan: txakur hil bat maleta batean galdurik, intsektuak zangotik gora sexu bitartean, arrainontzi bat lurrean txiki-txiki eginik, katuak torturatuz laketzen diren haurrak... Ipuinotako gai nagusietako bat Bestea izanik, iruditzen zait merezi duela gogoetatzea nola erabiltzen diren besteetan besteen diren horiek: gizakiz besteko animaliak, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.