Ikur bihurtuta

Sinbolo bihurtu dira Jorge Oteizak sortutako 'Apostoluen frisoa' eta 'Pietatea'. Gerora, erlijio gatazkak alde batera utzita, eskulturak euskal kulturarekin eta euskararekin lotu izan dira.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2018ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Lanak bukatu ondoren, Martin Ugaldek elkarrizketa egin zion Jorge Oteizari. 1969ko azaroa zen. Hala jaso zuen Zeruko Argia aldizkariak. «Kosta zaizu —esan nion, nere malizi ta guzti—». Jarraian, Oteizaren erantzuna. «Nere naigabeak kosta ba zaizkit ere, nik nai bezala geratu da [...] orain arte izan ditudan buru-auste ta nekeak kolpetik uxatu ba lira bezala sentitzen naiz, eta barru-barruko pox gozo batek daukat aidean». Pedro Anasagasti idazle eta apaizak ere egin zion elkarrizketa, eta, apostoluengatik galdetuta, honela erantzun zion eskultoreak: «Nire desilusio guztiak betetzea lortu dut obra honekin». Oteizak imajinatu ere ez zuen egingo handik urte batzuetara kantuak eta olerkiak idatziko zirela Arantzazuko auziari buruz. Erlijio eztabaidetatik askatu eta euskal kulturaren sinbolo bihurtu ziren, pixkanaka, Apostuluen frisoa eta Pietatea obra.

Harriek lurrean eman zituzten urteetan, hainbat olerki idatzi ziren gaiari buruz. Gabriel Arestiren Q da guztien artean ezagunena, baina Jean Diharce Xabier Iratzeder euskaltzain eta fraide beneditarrak ere Arantzazurat izeneko poema idatzi zuen 1957ko urtarrilean, apostoluak lurrean zirelarik. «Arantzazuko mendi mendian / hamalau arkaitz lazgarri / bai zeru-minez, bai euskal-minez/ bihotz guzien pizgarri».

1950eko hamarkadan izandako erlijio gatazketatik askatu, eta euskal kulturari eta herriari lotuta agertuko ziren geroago. Bitoriano Gandiagak 1974an idatzitako Iru gizon bakarka olerkian nabari da joera hori. «Zergatik ditu elkartu semearen heriotza eta amaren itxaropena? / Zergatik daude apostoluak zutik buruzagia zerraldo badatza? / Hutsune nabarmenki handi hau zergatik ez dago ilunez beztuta? / Herriko igerlea Herritik mintzatu zaizu». Oteizaren lagun mina zen Gandiaga, eta olerki bat baino gehiago idatzi zion eskultoreari. Hamaseiharrieta da ezagunena. «Triki, tauki, tauki, / mailuaren hotsa. / Triki, tauki, tauki, / mailuaren hotsa / hamasei harri lantzen ari da Oteiza. /Ai, oi, ai, /ari da Oteiza».

Arestik idatzi zuen «profeta» zela Oteiza, eta kutsu berdintsua hartzen dute Xabier Leteren hitzek ere. Hala idatzi zion Ez gera alferrik pasako izeneko poeman Oteizari. «Beste bihotz batzuek jasoko dute gure esperantza: ez gera alferrik pasako. Gure oiñak markatutako bidetik / bihar, etzi eta beti / anai berriek jarraituko dute askatasunera daraman ibilbidea».

Esangura berriak

Sinbolo bihurtu dira Apostuluen frisoa eta Pietatea. 1968an, Oteiza Arantzazuko santutegira itzuli zen urte berean, Nestor Basterretxeak eta Fernando Larrukertek euskal kulturaren eta ohituren gaineko filma estreinatu zuten: Ama Lur. Bada, Oteizaren bederatzigarren apostuluaren burua erabili zuten filmaren irudi gisa. Ez da eskulturen irudia erabili den kasu bakarra. Euskalgintzaren irudi gisa ere erabili izan da maiz.

Arantzazu euskal kulturaren eta euskararen gordeleku izan da historikoki. Euskaltzaindiak santutegian egin zuen euskara batua sortzeko biltzarra, 1968ko urrian. Oteizaren irudiari lotu zaio euskara batua gerora; nahiz eta biltzarra egin zutenean santutegiaren fatxada hutsik zegoen oraindik. Koldo Zuazo idazleak, adibidez, apostoluen irudia eraman zuen Euskara Batua: ezina ekinez egina liburuaren (Elkar) azalera.

Gauza bera gertatu da Pietatea-rekin ere. 1976ko irailaren 8an Guardia Zibilaren tiroen ondorioz hil zen Jesus Mari Zabalaren heriotza salatzeko, Arantzazuren Pietatea-ren irudia erabili zen, Hil egin zuten leloarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.