Udal eta foru bozak. Bizkaia

Handitik handira

Iazko nazioarteko ekitaldi handiek lan ildo bat zehaztu dute datozen urteetarako Bizkaian. Krisi urteetan desagertu ziren azpiegitura handiak ere bueltan datoz.

Durango, Getxo, Barakaldo eta Bilboko alkateak, Unai Rementeriarekin eta MTVko ordezkariekin, iazko irailean. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA.
Ibai Maruri Bilbao.
2019ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun

Zerga bilketak izandako beherakadaren ondorioz, gerrikoa estutu behar izan du Bizkaiko Foru Aldundiak: aurreikusitako hainbat egitasmo bertan behera utzi ditu bukatzear den legegintzaldian; besteak beste, Bizkaiko errepide ardatzak. Autzagane eta Ermuko saihesbideak izan dira azken lau urteetako obra handi bakarrak. Eta Eusko Jaurlaritzaren eskutik, metroaren 3. linea ere inauguratu du. Dena den, Bizkaiak ez dio utzi handira jotzeari. Azpiegituren lekua ekitaldiek bete dute; bereziki, iaz. Unai Rementeria ahaldun nagusiaren ustez, «bikaina» izan da 2018a.

World Football Summit bilera, errugbiko Champions Cup eta Challenge Cup finalak, The World's 50 Best Restaurant ekitaldia, MTV Europe Music Awards jaialdia, Espainiako Vueltako 17. etapa... «Bizkaia munduko mapan ondo kontatu dugu». Rementeriak berak aitortu du urte «errepikaezina» izango dela, baina datozen urteetarako ildo bat markatu du. Nazioarte mailako ekitaldi garrantzitsuak Bizkaira ekartzearen alde lan egingo duela iragarri du. Besteak beste, Frantziako Tourra dute gogoan. Eta datorren urtean San Mames Eurokoparen zelaietako bat izango da. Berriro da hautagai Rementeria. Baina kanpainan bestelako gai batzuk izan ditu hizpide. Juan Mari Aburto Bilboko alkategai jeltzaleak hartu dio lekukoa. Hiriburua «nazioarteko ekitaldien eta kulturaren bihurtu» nahi duela esan du, «urteko 365 egunak beteko dituen agenda» izango duena. Horrez gainera, «talentua» eta atzerriko inbertsioak erakarri nahi ditu.

Ekitaldiei eurei kritika egin ez dien bakarra PP izan da. Baina ez direla behar beste aprobetxatu iruditzen zaio Amaia Fernandez ahaldun nagusi izateko hautagaiari. «Su festa hutsa» izan direla esan du. Elkarrekin Podemoseko hautagai Eneritz Madariagak ez du gaizki ikusten nazioarteko ekitaldi handien agertoki izan nahi izatea. Baina eurek bestelako ekitaldi batzuk hobetsiko lituzketela esan du. Adibide hau ipini du: «Guk, adibidez, emakumeek kulturari egin dioten ekarpenari buruzko nazioarteko jardunaldi bat nahi dugu Bizkaian». Ekarri diren horiek sortu duten aberastasuna «esku gutxi batzuetan» geratu dela salatu du. EH Bilduko hautagai Bea Ilardiaren esanetan, Bilboko eta Bizkaiko beharginen «prekarizazioa areagotzen du eredu horrek», eta tokian-tokiko negozio txikiak kaltetzen ditu.

Ekitaldi horien helburua beste herrialde batzuetan Bilbo eta Bizkaia ezagun egitea ere izan da. Besteak beste, turistak erakartzeko baliagarri izango dela uste dute Bilbo eta Bizkaia kudeatzen duten agintari jeltzaleek. Eta, neurri handi batean, lortu dute. Azken urteetan sekulako gorakada izan du turismoak. Bereziki, Guggenheim museoari bisitariak erakartzeko ahalmena kentzera iritsi gabe, lehia horretan sartu da Gaztelugatxe (Bermeo). Jeltzaleek turismoa Bilbotik atera eta Bizkaiko gainontzeko eskualdeetara zabaltzea izan dute helburu. Baina ez dute lortu. Museoak bisitatu eta Zazpikaleetan argazkiak egin ondoren, Gaztelugatxeri kuku egin eta etxera itzultzen dira turista gehienak. «Ez zait gustatzen Gaztelugatxe horrela ikustea. Dibertsifikatu egin behar dugu turismo eskaintza, Bizkai osora zabaldu, eta kantitatezko turismoa baino gehiago kalitatezkoa behar dugula iruditzen zaigu», azaldu du Ilardiak. «Bizkaia leku ederra da ezagutzeko eta leku ona da bizitzeko, ez dugu turismo eredu horren beharrik». Gaineratu du sektore horrek ezin duela ekonomiaren motorra izan.

Auto pilaketen auzia

Ekitaldi handiek segituko dute, beraz, baina ez iazko neurrian. Obrek, berriz, indarra hartuko dute. Dagoeneko hasi dira Bilbo hegoaldeko saihesbidearen lehen faseko bigarren zatia egiten: egungo zatia AP-68arekin lotuko du. Hori bukatutakoan, Getxo eta Portugalete itsasadarraren azpitik lotuko dituen tunela eraikitzen hasiko dira. A-8, Artatzako errepideko eta Arrondegiko zubiko auto pilaketak saihestea da asmoa. Oposizioak auzitan ipini du azpiegitura horien beharra. Bereziki, saihesbidearen luzapenari egin dizkiote kritikarik gogorrenak. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek gogora ekarri dute ez dituela aurreikusitako erabiltzeak lortu; esperotako autoen %60k hartu ohi dute, diputazioaren datuen arabera. Azpiegitura berrien ordez garraio publikoa lehenetsi dute biek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.