Dependentziak dituen kostuak eztabaidagai

Espainiarekiko harremana ikuspegi ekonomiko, politiko, sozial eta kulturaletik aztertuko dute EHUko ikastaroetan bihar eta etzi

Juan Jose Ibarretxe izango da biharko hizlarietako bat. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
2018ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak Espainiarekin duen dependentziak kosturik ote duen aztertuko dute EHUk antolatutako udako ikastaroetan, bihar eta etzi. Donostiako Miramar jauregian egingo da ikastaroa: Badu kosturik Euskadirentzat Espainiarekiko duen dependentziak? du izenburua. Hainbat hitzaldi eta mahai ingururen bidez, bi aldeen egungo botere egiturak nolakoak diren aztertuko dute. Lau eremutan banatu dituzte «Euskadik Espainiako Estatuarekin dituen loturak»: botere egitura eta gobernantza, hezkuntza eta ikerketa, hizkuntza eta identitate ikurrak, eta ekonomia eta politika publikoak. Dependentziatik eratorritako kostu kuantitatibo zein kualitatiboak izango dituzte hizpide. Helburua: «Euskadik Espainiarekiko duen dependentziak zer kostu duen aztertzea».

Iñaki Goirizelaia EHUko errektore ohia da ikastaroaren zuzendaria, eta, BERRIAri azaldu dionez, «ezagutza zabaltzea» izan da ikastaroa antolatzeko arrazoi nagusia. Goirizelaiaren iritziz, «kulturadun herria» izatea oso garrantzitsua da, eta herritarrei horretarako tresnak ematea ere bai. Uste du «kostuaren gaia» asko aipatzen den «gaurkotasunezko gai bat» dela, eta bi aldeetako argudioak ezagutu behar direla: «Independentziaren kostuaz asko hitz egiten da azken boladan. Guk dependentziaren kostuaren berri eman nahi dugu, herritarrek bi aldeetako argudioak izan eta iritzi bat garatu ahal izateko».

Goirizelaiak dio ezagutza zabaltzea dela unibertsitatearen funtzioa, eta iritzi kritikoa garatzeko tresnak eman behar dituela unibertsitateak. Horregatik, ezinbestekotzat jotzen du foro akademikoan parte hartzea. Ikastaroa iragartzen duen dokumentuan ere herritarrek erabakitzeko behar dituzten edukiak eta ezagutzak jaso beharra nabarmentzen da.

Ikastaroko irakasleak, unibertsitateetako irakasleak eta gaietan eskarmentua duten adituak izango dira. Goirizelaiaren esanetan, garrantzitsua da bertako eta nazioarteko ikerlariak egotea ikuspegi ezberdinen berri izateko. Esan du interesgarria dela ikustea nola begiratzen zaion kanpotik Euskal Herriaren egoerari. Ikastaroko ikasleek iritzi propioa eraiki dezaten, EAEk Espainiako Estatuarekin dituen harremanak ikertuko dituzte, eta azterketa akademiko bat osatzen ahaleginduko dira. Azterketa ahalik eta osatuena egite aldera, hainbat ikuspuntu sartzeko beharra ikusi zuten. Horretarako, alor ekonomikoa, politikoa, soziala eta kulturala landuko dituzte batik bat.

Bi eguneko ikastaroa bada ere, egitarau zabala dute prestatua. Lau multzotan banatu dituzte mahai inguru eta hitzaldi guztiak,eta multzo bakoitzak helburu gisa jarritako arloari erantzungo dio. Bihar goizean bi ponentzia orokor azalduko dituzte, Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakari ohiak bata, eta Steve Ansolabehere Harvard Unibertsitateko irakasleak bestea. Lehenengoa «derrigorrezko dependentziaren» ingurukoa izango da; bigarrena, dependentziaren kostua kalkulatzeko erabiltzen duen formula matematikoari buruz.

Gero, multzo jakinetako gaiak landuko dituzte. Biharkoak bi ardatz nagusi izango ditu: botere eta gobernantza egiturak etaekonomia eta politika publikoak. Hauek ariko dira lehen mahai inguruan: Juan Jose Alvarez, Joxerramon Bengoetxea eta Enoch Alberti irakasleak, eta Mikel Legarda Espainiako Kongresuko EAJren diputatua , besteak beste. Bigarrenean, Imanol Esnaola (Gaindegia), Fernando de la Hucha (NUP), Helena Franco (EHU) eta Joseba Jauregizar (Jaurlaritzako Teknologia zuzendari ohia); 18:00etan, mahai inguru irekia egingo da, GEDekin, Eusko Ikaskuntzarekin, Bilgune Feministarekin eta Ipar Hegoa Fundazioarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.