«Zailtasun eta erronkei aurre egiteko», basogintzari laguntzeko beharra

Baso jabeentzako laguntza «bereziak» eman ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Tratamenduen iraupena kolokan dago oraingoz

Basoko langile bat, intsinis pinu bat botatzen. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA.
Julen Otaegi Leonet.
2020ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Basogintzak jasan duen krisiari aurre egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiak diru laguntza «bereziak» abiatu zituen iaz, gaixotutako pinudietan egin beharreko lanetarako. Gaixoturiko pinuen mozketak egiteko laguntzen aurrekontua 1.573.000 euro zen, eta, gaur egunera arte, erdia baino gehiago baliatu dute: 890.000 euro inguru. Guztira, 542 hektarea moztu dituzte laguntzei esker.

«Ez dago zehatz jakiterik» zenbat mozketa egongo dituzten aurten, jabeen esku baitago azken erabakia. Halere, 336 eskaera egin dituzte gaur arte, eta 761 hektareako eremua hartzen dute haiek. Sektorearen iraupena bermatzeko, pinudiak mozteko laguntzekin botatako lurretan espezie berriak landatzeko laguntzak ere eskaini zituen Foru Aldundiak.

Laguntza horien aurrekontua 3.035.000 euro zen, eta, oraingoz, erdia baino gehiago banatu dute: 1.785.000 euro. Egindako landaketen artean, 22 espezie ezberdin landatu dituzte: esaterako, zedroa, sekuoia, pagoa, izeia, haritza, lizarra...

Arantxa Ariztimuño Gipuzkoako Mendi eta Natura inguruneko zuzendariak adierazi du, xingolaren krisiak eragindakoak ez ezik, baso jabeek badituztela kezkatzeko «beste zailtasun eta erronka batzuk ere».

Horregatik, aldundiak atera berri duen 2020ko diru laguntzen deialdia ere azpimarratu du. 10.000 baso jaberentzat izango da. Mozte, birlandatze zein basoen ohiko mantentze lanen gastuak arintzeko balio izango dute diru laguntzek: baso bideak hobetzea, itxiturak egitea, suteei aurre egin eta horien kalteak ordaintzea...

Gaitzaren aurka

Ariztimuñok argi eta garbi utzi du nahitaezkoa dela baso jabeei laguntzea: «Gizarteak ulertu behar du baso jabeak baso landaketa bat egiten duenean urte askoan zaindu behar izaten duela, 30 urtez gutxienez; urte horietan etekin ekonomikorik ez da izango. Baso jarduera bizirik nahi badugu, baso jabeen ahalegin hori aitortzea ezinbestekoa da». Izurriteari aurrea hartzeko asmoz, iazko udaberrian hasi ziren tratamendu esperimentalekin: lurretik 1.050 hektarea fumigatuko zituztela azaldu zuten, Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, Espainiako Gobernuaren ezetza iritsi baitzen airezko tratamendua zela eta.

Udan, ordea, 150 hektarea airez fumigatzeko baimena lortu zuten: 90 Amoroton (Bizkaia), eta 60 Idiazabalen (Gipuzkoa), Luaiondon eta Aramaion (Araba). Lurrez ere 24 tratatuko ziren: zortzina Artzentalesen (Bizkaia), Beasainen (Gipuzkoa) eta Murgan (Araba). Tratamenduaren emaitzetan oxido kuprosoa probatutako produktuen artean eraginkorrena zela frogatu zen.

Halako emaitzekin 2020rako tratamendua zabaltzea espero bazen ere, Arantxa Ariztimuñok jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak oraindik ez dakiela ziur posible izango ote den hura egitea: «Tratamendua aurten berriz egiteko baimen eskaera egin zitzaion Espainiako Gobernuari. Hark ez du oraindik erantzunik eman».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.