begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Grabatutakoa eta gogoratutakoa kontu bera ote?

2023ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Cannes Zinemaldiko Kritikaren sail txit goreneko sari nagusia irabazi zuenetik, 39 garaikur gehiago eskuratu ditu Charlotte Wellsen lehen film luzea den Aftersun-ek, Avatar guztiei aurre eginez, buru emanez, gure aretoetan irmo dirauen horrek. 39 sari eta 96 izendapen. Denak merezimendu osoz lortuak. Jendea ustekabean harrapatu du Charlotte eskoziarraren lanak, ikusleak zein kritikariak atrapatuta ditu.

Bahiturik gaitu, baina ordainean, donarian, zer pentsatua eman digu; baita irudiaren errealitateaz eta errealitatearen irudiaz gogoeta egiteko parada, beta luzatu ere, aspaldian eguneratu gabeko bere Linkedin orrian Londresko Arte Unibertsitatean lizentziaturik eta Catalyst izeneko ekoiztetxearen fundatzaile moduan bere burua aurkezten duen Charlottek.

11 urteko neskato bizkor batek eta —bere uste burlatian— 131 urte dituen aita gazte eta guapo osoak antzezturiko, bizitutako, filmaturiko Turkian pasaturiko bakazio batzuen oroipenak eta bideokamera ziztrin batek grabaturiko irudiak hartzen ditu abiapuntu Wellsek memoriak berarekin batera dakarren traizioaz, memoria geurearen ahuleziaz eta amaigabeko botereaz negar, barre, zinema egiteko.

Filma bada hildako gureak betirako bizirik gordetzen dituen zinemaren krudelkeria gazi-gozoaren gaineko pentsaketa saio epela ere. 11 urteko Sophie aitak grabazioetan zuen adinera iristerakoan, aita jada ez dago bizirik... bizitzan. Irudietan, aldiz, bai, jakina. Horra hor zinemaren bihozgabekeria...

Badira hamaika kontu, hamaika gako, hamaika pentsaera 102 minutu horietan. Eta beste hainbat film eta zinemagileren aztarna politak ere bai. Charlottek berak aitortua, Aftersun labur zenbaiten batura eta jostura da.

Esaterako... Vimeo plataforman, irekian eta erraz asko aurkituko duzuen bere Tuesday izenekoarena. 2015ean burutua, adi, zelatan, erne dagoen jendeak segituan jakin zuen bertan bazegoela benetako zinemagile pisuzko bat. Tuesday horretan ere, galera baten inguruko irudi nabar eta isilak...

Aipa genitzake beste makina bat oihartzun ere. Aftersun ikusten ari zarela, erraietara datozkizu We Need to Talk About Kevin zuzendu zuen Lynne Ramsayren 1997ko Gasman laburrarekin sumaturiko sentsazio berdintsuak. Sarean dohainik duzuen lan horretan, Charlottek berean sortzen duen irudi bertsua dago: gizon bat, kamerari bizkarra emanez, zigarreta erretzen. Gehiagorik ez da pasatzen, antza, baina zerbaitek, auskalo zerk, estutzen dizu bihotza; Aftersun-en irudietan murgildurik zaudela, Ramsayren Ratcatcher-en garraztasunaren oroipenak ere urratuko dizu eztarria...

Bai, pelikula ugari katramilatzen dira Charlotterenean. Eta akorduan, Eskoziako beste emakume sortzaile bat. Adi izanez gero, Aftersun-eko 50. minutuan (edo) hiru liburu ikusiko dituzue apal batean. Erreparatu, arren, batean agertzen den izenari: Margaret Tait, bai. Poeta. Zinemagilea. Munduak sekula ez zion jaramon handirik egin bizirik, kamera bat beti eskuan, zegoela. Etorriko ziren gero aitortzak, salbatuko ziren gero bere filmaketak, omenduko zuten gero New Yorkeko MOMA museoan ere. Eskoziako Highlandseko Orkadak irlak izan ziren bere unibertsoa. Erroman ikasi zuen zinema, eta, irudiarekiko bere harremana azaldu nahian, Federico Garcia Lorcaren gogoeta bat aipatu ohi zuen. Lorcak esana, ez utzi, inoiz eta inolaz ere ez, irudia behatzeari, barrandatzeari; edozein momentutan zure aurrean zabalduko baitu bere izana.

Badira euren barrenetan pelikula bat baino hamaika gehiago gordetzen dituzten pelikulak. Aftersun horietako bat izanik, ez galdu bistaz, arren, muntaketa gelan, Charlotte ondoan zuela, Blair McClendonek egindako lan paregabea. Muntaketa mingots-eztitsu horrek filma leitzen laguntzen gaitu. Ez ahaztu Charlotte, eta saia zaitezte Margaret zein Lynne berreskuratzen zuen etxe barruko pantailetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.