KRITIKA. Musika

Teoriaren mirabe

2022ko apirilaren 30a
00:00
Entzun

'Ensemble Intercontemporain'

Zuzendaria: Nacho de Paz. Egitaraua: S. Sciarrino, A. Cattaneo, P. Boulez, R. Lazkano, M. Mochizuki, C. Iannota, C. Czernowin eta M. Jarrell. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Apirilak 27.

Musikeneren eta Bilboko Institutu Frantsesaren eskutik, Pierre Boulezek 1976an sortutako Ensemble Intercontemporain izan zen asteazkenean. Euren bisita Musikeneko ikasleei zuzendutako hainbat masterclass eta konposizio ikasleen obrak biltzen dituen beste itxiera kontzertu batekin osatuko dute, taldea hasieratik ezaugarritu duen formakuntza, gidaritza eta sorkuntza konpromisoari jarraituz. Tamalez, entzule gutxi gerturatu ziren Viktoria Eugenia antzokira, obren aukeraketa anitza bazen ere.

Salvatore Sciarrino italiarraren Lo spazio inverso obrak ireki zuen kontzertua, 1985ekoak. Temporik gabe hasten da, eta estreinaldiaren esku-programan aditzera eman zuenez, segida «grabitazio polifoniko» batetik dator, «zerumugan mendien profilak batzen diren bezala». Urtebete lehenago idatzi zuen Pierre Boulezen bere Dérive 1, Répons eta Messagesquisse obretatik eratortzen dena.

Kontzeptuzalea naizenez, ezin alde batera utzi urte horretan bertan Arthur C. Danto arte kritikariak bere artikulu ezagun eta aipatuena argitaratu zuela, artearen amaieraren tesia plazaratzen zuena, alegia. Artearen historia mailakako prozesua delako ideiari eutsiz, Dantok dio XX. mendean zehar arteak geroz eta autokontzientzia sakonagoa duela, eta sorkuntza artistikoarekin batera beti agertzen dela sorkuntzaren beraren inguruko hausnarketa bat, artea eta artea ez denaren arteko muga ezartzen duena. 1960ko hamarkadatik (A. Warholen Brillo Box polemikotik), edozer izan daiteke artea, baldin eta hori arte gisa pentsatzea —ez soilik hautematea— posible bada. Hala, arteak eta artearen justifikazioak bat egiten dutenean, artea desagertu egiten da.

Ramon Lazkanoren Egan-2 zatiak, gaueko freskoenak, «soinu-ibilbide baten jarioa deskribatzen» du, konpositorearen hitzetan; Clara Iannottaren D'àpres-ek (2012) kanpai soinuaren barreiatzea oroitzen du. Dantoren teoriaren pean baino ezin ditut horrelakoak kokatu. Egon lasai: paradoxikoa badirudi ere eta hala erabakitzen badugu, artea amaitu arren, badira artelanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.