Lan ituna oraindik ez sinatu izana salatu dute futbolariek

Julen Etxeberria.
2020ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Urtarrilaren 15ean zen sinatzekoa Espainiako Ligako emakume futbolarien lehen lan ituna. Gero, urtarrilaren 20ra atzeratu zuten hitzarmenaren sinadura. Baina alferrik. Atzo ere ez zuten ezertxo ere sinatu, eta ACFF Espainiako Emakumezkoen Kluben Elkarteak jakinarazi duenez, hitzarmena ez da sinatuko bi baldintza hauek betetzen ez badira: batetik, Espainiako Futbol Federazioak ACFFri Elite Programan sartzeko aukera ematea —Espainiako Lehen Mailako klub bakoitzak milioi erdi euro jasoko luke, eta Bigarren Mailako bakoitzak 100.000—; eta, bestetik, Espainiako Federazioak Mediapro telebista operadorearekin daukan gatazka konpontzea.

Hori egin bitartean, ez da itunik sinatuko, eta futbolariek lan hitzarmen baten babesik izan gabe jarraituko dute. Futbolariak haserre daude, eta haserre horren berri eman zuten atzo. Haien ordezkaritza batek Espainiako Futbolarien Elkarteak (AFE) Madrilen daukan egoitzan eman zuen prentsaurrekoa, eta bertan salatu zuten ez dituztela kontuan hartzen. «Ez dakigu zer pasatzen ari den, alde guztiek baiezkoa eman baldin badute. Hitzarmenak sinatuta egon beharko luke. Guri berdin digu nola iristen den akordioa. Guri gure eskubideak axola zaizkigu. Gauza asko daude jokoan. Denbora honetan, futbolariok lan eskubideak galtzen ari gara, ez gara ari kotizatzen eta. Guk gauzak ari gara galtzen bidean. Ez gaituzte kontuan hartzen», esan zuen atzo Ainhoa Tirapu Athleticeko atezainak.

Tirapuk azaldu zuenez, ez lukete nahi berriro grebara deitu. «Errealitatea da akordioa lortzeko denbora bat eman genuela, baina, lehen esan dudan bezala, futbolarion irudipena da ez gaituztela serio hartzen. Ez dugu baztertzen edozein neurri hartzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.