Juan Kruz Igerabide Guadalajarako Liburu Azokan, Etxeparerekin

itziar ugarte irizar
2018ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Iberoamerikako literatur jaialdi handienetako bat da Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azoka (FIL), Mexikon. Urteko ekitaldi nagusia da lurraldeko liburugintza sektorearentzat; 32. aldia da aurtengoa, eta 20.000 profesional baino gehiago bilduko ditu, editore, idazle, liburuzain, kritikari eta abarren artean. Horien artean, Juan Kruz Igerabide (Aduna, Gipuzkoa, 1956) izango da aurten, Etxepare euskal institutuaren bidez. Ez Lemaio. Arrasateren erreketa eleberria aurkeztuko du Igerabidek han.

Guadalajarakoaren moduko plaza batean euskal idazleak ikusaraztea da Etxepareren helburua. Duela zortzi urte atondu zuten aurrenekoz euskal literaturaren erakusleihoa Guadalajaran, eta, ordutik hona, Bernardo Atxaga, Mikel Aierbe, Harkaitz Cano, Karmele Jaio, Anjel Lertxundi, Kirmen Uribe, Arantxa Urretabizkaia eta Iban Zaldua izan dira han.

Etxeparerekin batera, Euskal Editoreen Elkarteak eta Euskadiko Editoreen Elkarteak ere dozena bat argitaletxeren berri emango dute euren erakusleihoan.

Hizkuntza hedatzen

Ibilbide luzeko idazlea da Igerabide, eta Espainiako Haur eta Gazte Literatura Saria ere jaso du aurten, Abezedario titirijario (letren txotxongiloa) lanarekin; 5-7 urteko irakurleentzat sailkatutako lana da, eta, dagoeneko, katalanera, galegora eta gaztelerara itzuli dute.

Guadalajaran aurkeztuko duen Ez Lemaio. Arrasateren erreketa Erdi Aroan dago girotuta, eta oinaztarren eta ganboatarren arteko borroken testuinguruan, Arrasateren (Gipuzkoa) erreketa kontatzen du. Lana aurkezteaz gain, liburu azokaren barruko hainbat jardueratan ere hartuko du parte idazleak, abenduaren 2ra bitarte. Atzo, Euskaraldiaren hasierarekin bat, Mexiko Hirian izan zen, UNAM unibertsitatean, hango euskara eta euskal kulturako irakurletzaren barruan antolatu zuten solasaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.