Eider Rodriguezek irabazi du Zilarrezko Euskadi saria

Sei ipuinez osatutako 'Bihotz handiegia' ipuin liburua saritu du Euskadiko Liburu Denden Elkarteak, pertsonaien indarra nabarmenduz

Eider Rodriguez idazlea. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
gorka erostarbe leunda
2018ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Sei istorio biltzen ditu Eider Rodriguezen Bihotz handiegia liburuak; sei istorio horietako protagonistak emakumeak dira: bere senar ohia zaindu behar duen emakume bat, eskuak bereak ez direla dioen beste emakume bat... «Zenbait kasutan, egoera kafkar batetik hasita, gogoeta desberdinen lekua dira kontaketa hauek: iraganeko erlazio bati buruzkoak, istripu larri baten ondorenari erantzuten diotenak, gaitz bati aurre egiten diotenak... Pertsonaiek ematen dioten indarrez beteriko istorioak dira. Aurrera nolanahi segitzen duten pertsonaiak». Euskadiko Liburu Denden Elkarteak Rodriguezen liburua nabarmendu du aurtengo Zilarrezko Euskadi sariarekin, eta modu horretara laburbildu dituliburuaren indarguneak, prentsara bidalitako ohar batean.

Susa argitaletxeak iazko udazkenean kaleratu zuen liburua, eta idazketa prozesuan gozatu egin zuela aitortu zion egileak BERRIA egunkariari eskainitako elkarrizketan. Kritika onak bildu ditu ordutik hona. «Distira» aipatzen zuen, esaterako, Joannes Jauregik, BERRIAn egindako kritikan. «Funtsean, esku artean dugun hau egilearen ipuingintzaren alerik finena da, bere ibilbidearen kateari tinko eutsi eta distira ateratzen diona». Aurrez, Eta handik gutxira gaur (2004), Haragia (2007) eta Katu jendea (2010) ditu plazaratuak, Susarekin denak.

Gazteleraz, Vivian Gornick idazle estatubatuarraren Apegos feroces liburua nabarmendu dute dendariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.