Literatura. 'Emakume guztiok'

Subalternoak hitz egiten duenean

Egileak: Elizabeth Casillas eta Higinia Garai. Itzultzailea: Bego Montorio. Argitaletxea: Astiberri.

2020ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Lehenengo historia. Berezko abortua izan zuen Marianak, eta, horren ondorioz, 17 urte pasa zituen kartzelan. Birgizarteratze latza izan zuen; guztiek, familiak berak ere, izkin egin baitzioten.

Bigarren historia. Hamar urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten Cinthiari abortatzeagatik. Gizartean onartua izateko, bere iragana ezkutatzen saiatu zen.

Hirugarren historia. Maria Teresak lau urte eta erdi egin zituen kartzelan, abortuaren aurkako legeak hala ezarrita. Bost urte zituela gerrak ama eraman zion, 11 urterekin bortxatu zuten eta bikotekideak tratu txarrak eman zizkion.

Laugarren historia. Hamar hilabeteren ostean espetxetik ateratzea lortu zuen emakume bat da Elsi. Aurreko historietan bezala, abortua leporatu zioten, eta, estatuak zapaldu eta jazarri nahi izan zuen arren, bere eskubideen alde borrokatu zuen.

Historia diot eta ez istorioa, lau emakume hauen testigantzak direlako Casillas eta Garayren nobela grafiko honetan jasotzen direnak. Astiberri argitaletxearen eta Mundubat GKEaren arteko lankidetzaren emaitza da Emakume guztiok (2020) obra, zeinak El Salvadorretik hasi, eta, mundu osoko emakumeen giza eskubideen beste aldarri bat dakarren. Abortua da leitmotiv-a; zehatzago, 1998az geroztik El Salvadorren indarrean dagoen abortu legea. Hala ere, obra, lau historia zehatzetatik abiatu arren, gaur-gaurkoz egoera berean dauden emakume askoren ahotsen lekuko da: «Gu irten ginen, baina askoz gehiago daude». Emakumeen ahizpatasunean sinesten du obrak, abortatzeko eskubidean, berdintasunean, intersekzioan, erabakitzeko askatasunean; feminismoa gorputz kolektibo bat bada, Casillas eta Garayren obra gorputz kolektibo horren errepresentazio bat dugu.

Ilustrazioek ere badute zer aipaturik, eraikitzen diren paisaiek Erdialdeko Amerika iradokitzen baitute: gorriak arrosekin, berdeak urdinekin eta moreak horiekin nahasten dira, nobela grafikoari argia emanez eta El Salvadorreko iruditeria eraikiz. Askotan, baina, kolorez betetako marrazkiek talka egiten dute zuri-beltzarekin. Jolas kromatiko horrek fokalizaziorako aukera ematen du, hitzik erabili barik fokalizatu nagusiari begira jartzen baitu irakurlea. Batzuetan, ilustrazioek sobran dute hitza, eurek bakarrik asko kontatzen baitute, ezer esan gabe; besteetan, testuak hartzen du esangura handiagoa. Guztiarekin ere, komunikazio idatziaren eta bisualaren arteko elkarrizketa orekatua eta zentzuzkoa sortzen dela esan dezakegu, nobela grafikoek bere-berea duten erregistrotik.

Indar handiko obra dela iruditzen zaigu: originala da, gaia kontatzeko erabilitako formatu, genero eta diskurtsoarengatik. Gainera, kontatzen diren historiek transzendentziarik badutela erakusten du obrak, orain artean ahotsik izan ez duten emakume subalternoen egoerak deskribatzen baitira; areago, subalternoek eurek hitz egiten dute. Horra hor obrak duen bertute handiena: hitz egin nahi izan dutenei hitza ematea. Ur Apalategik (2010) erakutsi zigun literatura arma indartsua bilaka litekeela: «Hitzak arantzak dira, esaldiak muturrekoak, literatura mehatxu bat»; eta, zer da, bada, Emakume guztiok (2020) obra, salaketa bat ez bada?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.