Ernesto Aguirre. «Mesede egiten zidaten, baina, aldi berean, baliatu egiten ziren nire egoeraz»

Joxerra Senar -

2019ko otsailak 2
Herritar guztien amets berberak ditu Ernesto Aguirre 33 urteko kolonbiarrak —benetako izen-abizenak ez emateko eskatu du—. «Nire helburua da enpresa batean sartzea, finko egitea eta lasaitasuna izatea». Duela astebete inguru, Nafarroako elikagai enpresa batean hasi zen lanean, han aurrera egiteko bidea duelakoan: «Gurdia maneiatzeko ikastaroa egin, eta hartu ninduten. Hamabost eguneko probaldian nago, eta gero hiru hilabetekoa zein sei hilabetekoa izango dut. Jokabide ona izanez gero hartuko nautela diote». Aurrera egiteko ilusioa du, baina buruaren gainean du behin-behinekotasunaren mamua: «Lagun batek urtebetez lan egin zuen, baina gero ez zioten berritu kontratua».

Ez du bide erraza izan Aguirrek. 2017ko ekainean heldu zen Euskal Herrira, emaztearekin eta haur txikienarekin: beste bi seme-alabak Kolonbian geratu ziren, amaginarrebarekin. Turista bisarekin sartu zen, lan baimenik gabe. Taberna batean hasi zen lanean ostiraletik igandera, platerak garbitzen: «Goizeko zazpietatik gauerdira lan egiten nuen, eta 20-30 euro ordaintzen zidaten egunean. Dirua behar nuen, eta ahal nuenera egokitzen nintzen. Hori egin behar nuen, nahitaez». Aguirrek onartu du konplexua ere bazuela: «Eskubiderik gabe zatoz, eta apurka bidezkoa zer den eta zer ez den ohartzen zara. Jabeek mesede egiten zidaten, baina nire egoeraz baliatzen ziren».

Lan baimena lortu zuenerako, zortzi hilabete iragan ziren, eta taberna utzi zuen. Gerora, banatzaile gisa lan egin zuen eskupean kobratuz, eta, gero, saltoki batean 45 egunez gauez, laguntzaile gisa: «Abenduko jaiegunetan lan egiteagatik, 830 euro jaso nituen». Orain elikagai enpresan aukera ireki zaio. Gainera, aurki bi seme-alabak etorriko zaizkio Kolonbiatik.