Amagoia Mujika Tolaretxipi.
HIZPIDEAK

Bakearen maldan gora

2018ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Foro Sozialak aitortu bezala, «Euskal Herriko bake prozesuan aurrera egitea askoz zailagoa izango litzateke Kofi Annanen eta nazioarteko komunitateko beste pertsona esanguratsuen laguntzarik gabe». Egiteko nagusietakoa baitzuen konponbide elkarrizketatuaren alde egitea. Euskal Herrirako bezala, Kataluniarako ere horixe eskatu zuen urriaren 1eko erreferenduma egin eta egun gutxira, eta aurretik ere hamaika lekutan zen aritua bakea lortzeko ahaleginean, Nazio Batuen Erakundeko kide eta idazkari nagusi gisa, eta baita beste eginkizunetan ere. Ekarpen ukaezina egin duen arren, ezintasunez jositako bidea izan da harena, batez ere NBEko jardunean.

Izan ere, herrien beharrei erantzuteko zeregina lukeen nazio batuen erakunde bat amesten zuen, ez estatuen edo merkatuen beharretara egokitutakoa, eta NBEren izaera aldatzen saiatu zen, idazkari nagusi karguari —ordura arte administratzaile hutsa zenari— bere izaera eta karisma gehituz. Bakearen Nobel saria eman ziotenhorregatik, baina itxurazko aldaketa besterik ez zela ohartua zegoen ordurako, bere ekintzek ezin izan baitzuten Ruandako genozidioa geldiarazi, ezta Darfurko hilketak, Somaliakoak edota Srebrenicakoak ere. 2003an jo zuen goia haren atsekabeak, Irakekoa «legez kanpoko gerra» zela esanda ere, adierazpen hutsean geratu zelako. Siriarako mandatari berezi izendatu zutenean ere, dimisioa eman zuen bost hilabetera, ordurako estatuen interesek betoa ezarria zietelako giza eskubideei. Ezin izan zuen mundua aldatu, ametsa ere ez zuen bete, baina bakearen maldan gora aritu da, azkenera arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.