mikel p ansa
HIZPIDEAK

Pragmatismoa

2018ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Irakurtzekoa da Kotte Ezenarro Hendaiako alkateak herriko gazteekin izenpetu duen kontratua. Irakurtzekoa da, gutxitan irakurtzen ahal direlako halakoak: alkate batek, bere eskuz idatzitako testu bat, esanez udalak gaur egun ez duela lokal hutsik, baina «engaiatzen» dela gehienez ere hemezortzi hilabeteko epean lokal bat, «gaztetxeek dituzten behar eta jarduerei egokitua», proposatzeko gazteei.

Egun mugitua izan zen atzo Hendaian. Sasiko gaztetxeak husteko agindua zuen, eta gazteek beste lokal bat okupatu zuten goizean. Lokal hori udaltzainek erabiltzen dutela, eta husteko agintzera joan zen Ezenarro. Bertsioak aldentzen dira puntu horretan: alkateak esan zuen lasaiki eskatu ziela gazteei lekua husteko; gazteen hitzetan, aldiz, bultzakadarik eta bortizkeriarik ez zen falta izan. Edozein moduz, alkateak bere eskuz izenpetu zuen kontratua, gazteek lokala uzteko baldintzarekin. Heldu den astean egitekoak dira aurreneko bilera bat.

Konparazio guztiak izaten dira traketsak, baina denboran pare-parean tokatu da Iruñeko Maravillas gaztetxearen auziarekin, eta saihetsezina da konparatzea. Hendaia ez da Iruñea, eta udal bat ez da Nafarroako Gobernua; bistan da. Batzuek eta besteek dituzten presio mediatikoak eta tentsio politikoak ere ez dira igualak, gainera. Aldiz, seguru pentsatzekoa da Hendaiako gazteek, Iruñekoek bezala, errezeloak izango dituztela zeinek berearekin. Baina bada diferentzia handi bat: bertara joan da Ezenarro. Eta Hendaiako Herriko Etxeak lortu du okupazio bat geratzea, ordu gutxitan. Zernahi kritikatzen ahalko zaio Ezenarrori, baina Nafarroako Gobernua baino pragmatikoagoa izan da. Eta eraginkorragoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.