Hautetsiek sostengua adierazi diete euskoari eta Baionako herriari

Euskal Moneta elkartearen 'Berrikuntzari bai!' agiria hamalau hautetsik sinatu dute oraingoz. EHLGren iritziz, estatuaren jarrera «ergela» da
Etxegarai Baionako auzapeza hainbat herritako hautetsiekin, atzo.
Etxegarai Baionako auzapeza hainbat herritako hautetsiekin, atzo. I. M.

Eihartze Aramendia Iparragirre -

2018ko martxoak 4
Ipar Euskal Herriko hautetsien sostengu zabala jaso dute Baionako herriak zein euskoak. Hala adierazi dute Euskal Moneta elkarteak proposatutako Berrikuntzari bai! agiria sinatu duten hamalau hautetsietako hainbatek atzo egindako agerraldian. Sinatzaileen artean dira, besteak beste, Lucien Betbeder Auzapezen Biltzarreko lehendakaria eta Lekorneko auzapeza, Kotte Ezenarro Hendaiako auzapeza, eta Max Brisson eta Federique Espagnac senatariak.

Baionako herriari euskoa ordainketetan erabiltzeko duen nahia «errazteko» eskatu diote Frantziako Gobernuari, eta lurralde elkargoen deszentralizazioa eta kudeaketa «askearen» printzipioak gailendu behar dutela nabarmendu dute. Euskal Moneta elkarteak gogorarazi du egungo araudiak ordainketak tokiko monetekin egitea baimentzen duela: «Alta, Pirinio Atlantikoetako prefeta [Gilbert Payet] horren kontra agertu da 2012ko erabaki batean oinarrituz, baina erabaki hori zaharkiturik dago 2014an bozkatua izan den Ekonomia Soziala eta Solidarioaren Legearen ondotik». Dante Edme-Sanjurjo Euskal Monetako zuzendariak prefetari hitzordu bat proposatuko diola jakinarazi du, «euskoaren aurkezteko eta egin dituen adierazpenek erakusten duten ez ulertzeen argitzeko».

Jean-Rene Etxegarai Baionako auzapezak Ipar Euskal Herriko auzapez guztiak gonbidatu ditu haien kontseiluari euskoari kidetzea proposa diezaieten.

«Ulertezina»

EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganberaren iritziz, estatuaren jarrera «ergela eta ulertezina da», eta gobernuari bere jarrera berriz ikus dezan galdegin dio. Era berean, gaur Baionako Glain elkarteen gunean iraganen den Euskoaren Egunera joatera deitu ditu herritarrak, «euskoa eta Baionako herria sostengatzeko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna