Bayern Munich 71-80 Kirolbet Baskonia

Helburua zuzen beteta

Baskoniak azken laurdenean hautsi du partidaren parekotasuna Bayernen aurka. Euroligako kanporaketak garaipen bakarrera ditu

Baskoniako Semaj Christon jaurtiketa bat egiten Bayerneko defentsen aurrean, atzo, Munichen. PHILIPP GUELLAND / EFE.
mikel rodriguez
2020ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Bayern Munich. Sisko (2), Bray (10), Lucic (4), Barthel (10), Monroe (18) —hasierako boskotea—, King, Lo (16), Zipser (11), Flaccadori, Lessort, Huestis eta Radosevic.
Kirolbet Baskonia. Henry (8), Dragic (13), Shields (4), Xengelia (11), Eric (16) —hasierako boskotea—, Gonzalez, Christon (8), Janning (8), Diop (7), Garcia, Fall eta Pollonara (5).
Markagailua. 25-21, 41-44 (atsedenaldian; 54-60 eta 71-80. Epaileak. Zamojski, Difallah eta Tsaroutxa. Baskoniako Eric eta Diop kaleratu zituzten.Bestelakoak. 4.345 ikusle Audi Domen.

Helburua lortu du Kirolbet Baskoniak Munichen, nahiz eta denboraldi osoan erakusten ari den irregulartasun eta gabezia berberak agerian utzi berriz. Partida irabaztea eta Euroligako kanporaketetan sartzeko aukera garaipen bakarrera edukitzea zen xedea, eta hori lortu zuen atzo. Municheko Bayern baino talde hobea da, lehen itzulian Gasteizen erakutsi zuen bezala, eta sailkapenak erakusten duen bezala. Nahikoa izan zuen hori azken laurdenean parekotasuna hautsi, eta joan den azarotik lehenbiziko aldiz Euroligako bi norgehiagoka jarraian irabazteko (71-80).

Partida Xengeliaren hiruko batekin hasi zen. Iragan asteburuan Fuenlabradaren aurka egin zuen erakustaldiaren ondoren, norgehiagoka hasteko modurik onena zirudien, baina atzokoan ahalegina gehiago neurtu behar izan zuen georgiarrak. Bi minututan 0-7ko markagailua ezarri zuen Baskoniak, baina agudo hasi zen denboraldi honetan erakutsi dituen praktika txarrekin, eta Bayernek ongi ustiatu zituen bere bertute mugatuak: Greg Monroe —partidako saskiratzaile onena, hemezortzi punturekin— eta hiruko lerroko jaurtiketak. 25-21 aitzinatu ziren lehen laurdenean.

Baloi galerek Baskonia odolusten ari dute sasoi honetan, eta atzo ere nabarmena izan zen egiturazko akats hori. Lehen laurdenean bederatzi baloi galdu zituzten gasteiztarrek, eta lehenbiziko zatia 11 galerekin bukatu zuten. Haien zorterako, Bayern ere ez zen fin ibili —zortzi galera lehen hogei minutuetan—. Gainera, bigarren laurdenean alemaniarrei huts egin zitzaien lehenbizikoko arma bat, hirukoetan zuten estatistika bikaina —bortzetik sei lehen laurdenean, 24tik bederatzirekin bukatu zuten partida—.

Bigarren zatian Baskoniak markagailua irauli zuen (36-37koan paratu zen aitzinetik, eta 39-40koan berriz). Michael Eric fin ibili zen erasoan (hamasei puntu), eta Xengeliak asistentzian eta errebotean lan ona egin zuen, pibot estatubatuarrarekin lotura onak eginez. Horrekin batera, Zoran Dragic piztu zen bigarren laurdenean —hamar puntu egin zituen, eta hamahirurekin bukatu zuen partida—.

Protagonista gehiago

Bigarren zatian berri ona izan zen jokalari gehiagok protagonismoa izan zutela, Xengeliaren, Ericen eta Dragicen lan ona osatzeko. Achille Pollonarak, Semaj Christonek eta Pierria Henryk ongi jokatu zuten. Matt Janning kamuts aritu zen minutu gehienetan, baina hirugarren laurdenean saskiratze inportante bat egin zuen lau puntuko aldea irekitzeko, eta laugarrenean haren hiruko batek 11koa ireki zuen (57-68), ordura arteko handiena. Epaileek Eric eta Ilimane Diop egotzi zituzten bortzgarren faltak egin ondoren, baina Xengelia atseden hartu ondoren kantxaratuta, arabarrek ez zuten partida larri bukatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.