Festa eta lehia uztartuko ditu derbiak gaur eguerdian, Anoetan

Realak sei partida egin ditu erreskadan galdu gabe, baina Athleticek sei puntu gehiago ditu sailkapenean. Giro ederra espero da

Ainara Arratibel Gascon -

2019ko otsailak 10
Euskal Herriko emakumeen futbolak beste atal garrantzitsu bat idatziko du gaur: Realak eta Athleticek Anoetan jokatuko dute bigarrenez derbia (11:30, ETB1).

Lehia, aldarrikapena eta festa batuko dira partidan. Aurreko sasoian 21.500 lagun inguru bertaratu ziren Anoetara, eta estadioa ia bete egin zen; oraingoan ere antzeko zerbait pasatzea espero dute. Hortik harago, partida lehiatua eta parekatua espero da, derbiak izan ohi diren moduan. Athletic bosgarren da sailkapenean, 34 punturekin; Reala, berriz, seigarren da, 28 punturekin.

Realak puntu alde hori gutxitu nahi du. Txuri-urdinek sei partida egin dituzte galdu gabe segidan: bost Ligan, eta bat Espainiako Kopan. Taldeak, gainera, denboraldi hasierako joko zuzen eta alaia berreskuratu du. Horrenbestez, bolada on horri segida ema nahi dio, eta aurreko denboraldiko arantza kendu. Izan ere, Athletic hasi eta buka nagusitu zen: 1-4. Asteazkenean, ligan ariko dira txuri-urdinak, Levanteren kontra, eta, igandean, Espainiako Kopako finalerdian, berriro Anoetan. Horrenbestez, ikusteko dago Gonzalo Arkonadak aldaketaren bat egingo duen indarrak neurtu eta banatzeko.

Athleticek, berriz, aspaldian derbian erakutsitako nagusitasunari eutsi nahi dio. Joanekoa 2-1 irabazi zuen Lezaman, Luciaren golei esker. Joseba Agirreren iritziz, «lehia zaila» izango da, Reala «bolada onean» baitago. «Anoetan jokatzea, gainera, pizgarria da. Irabazi egin nahi dugu, ahal bezain goian amaitzeko».
Ainara Arratibel Gascon

Informazio osagarria