Athletic 0-1 Cadiz

Sormena behar, eta eduki ez

Athleticek galdu egin du Cadizen aurka, nahiz eta ia ordu erdiz bederatzi aurkariren aurka aritu. Unai Lopezek sartu du gol bakarra, bere atean

Unai Simon eta Unai Lopez, atzo. FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Athletic.Unai Simon; Capa (Lekue, 86. min), Nuñez, Iñigo, Yuri; Dani Garcia (Kodro, 78. min.), Unai Lopez; Muniain (Sancet, 62. min), Raul Garcia, Morcillo (Villalibre, 46. min.); eta Williams (Iñigo Vicente, 62. min).
Cadiz. Conan Ledesma; Akapo, Fali, Cala, Espino; Iza, Jonsson (Jose Mari, 72. min.), Augusto (Jon Ander Garrido, 88. min.), Alex (Alejo, 61. min.); Malbasic (Salvi,61. min.) eta Lozano (Negredo, 61. min.)
Gola. 0-1. Unai Lopezek, b.a. (56. min.). Epailea. Gonzalez Fuertes. Txartel horiak: Athleticeko Villalibre, Kodro eta Iñigori; Cadizeko Faliri. Txartel gorriak: Cadizeko Akapori (48. min.) eta Negredori (69. min.).

Hutsegite galanta egin zuen atzo Athleticek. Historiko ere dei dakioke, beti gogoratuko baitu ezin izan ziola Cadiz igo berriari irabazi, nahiz eta aurkariak bi jokalari gutxiagorekin jokatu behar izan zuen ia ordu erdi luzez. San Mamesen ez zegoen ikuslerik, eta alde horretatik, ondo: taldeak erakutsi zuen gabezia handiarekin lotsatu beharrik ez.

Gol bakarra egon zen partidan, eta Unai Lopezek sartu zuen, gainera. Bere atean. Nola, eta Cadizen kontraeraso batean, ordurako jokalari bat gehiago zuenean Athleticek. 56. minutuan gertatu zen jokaldi hori. Lozanok erdiraketa egin zuen, Unai Nuñez buruz burukoan oso erraz gainditu eta gero. Defentsako lanean laguntzera jaitsia zen euskarri gipuzkoarra, baina, lagundu nahian, soka bota zion lepora taldeari.

Beste horrenbeste egin zuen Alvaro Negredok handik hamahiru minutura, baina Cadiz bere taldea kaltetzeko. Bazuen txartel horia, eta zer egingo eta bere burua lurrera bota Athleticen area barruan. Penaltia lapurtzera joan, eta aldagelan bukatu. Etxekoek kontrako emaitza bazuten ere, bazen nahikoa denbora partida berdindu ez ezik, iraultzeko. Baina orduan azaldu ziren taldearen gabeziak. Eta horrekin are gehiago piztu zen Gaizka Garitanoren inguruan dagoen zarata. Kritikoek leporatzen diote defentsako lana lehenesten duela, erasokoa ia erabat baztertuz; ez dituela behar bezala baliatzen jokalari erasokorrenen ezaugarriak. Ez da bekatua estilo jakin baten alde egitea, eta Garitanok badu berea. Ondo lantzen du hori, eta defentsako lanean oinarrituz heldu da heldu den lekuraino taldearen ardura hartu zuenetik. Erasoa ere bada, ordea, futbola, eta ondo daki hori entrenatzaileak. Landuko du Lezamako saioetan, baina ikusten da ez dela berea. Eta ez du zertan izan. Gertatzen dena da atzokoaren moduko egoeretan oso agerian geratzen dela gabezia hori.

Aukera garbirik ez

Talde batek jokalari gehiago dituenean aurkariak baino, zelaia zabaldu egin behar du, baina ez baloia horizontalean batetik bestera bakarrik mugitzeko. Barruko jokoa ere behar du, aurkaria itxi,ondoren hegaletan leku eta denbora gehiago izateko hegalekoek. Baloiaren abiadurak ere azkarra behar du izan. Athleticek zelaia zabaldu zuen, baina barruko jokoa erabili gabe, eta erdiraketen hautua egin zuen bakarrik. Gogorra da esatea, baina Cadizek estutasun handirik gabe eutsi zion emaitzari.

Azkar ilundu dira Athleticek Eibarren igandean lortutako garaipenaren distirak, eta are gehiago piztu, aldiz, Garitanoren jardunaren inguruko eztabaida.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.