«Inoiz baino beharrezkoagoa»

Mugak Zabalduz karabana Italiara bidean da dagoeneko. Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak antolatutako aldarrikapen ekintza horren helburu nagusia da Europak errefuxiatuen auziari erantzuteko ezarri dituen politikak salatzea. Hamar egunez ibiliko dira Siziliako lurretan. Bideoa albistearen amaieran.

Mugak Zabalduz karabanako kideak, atzo, Bilbon, abiatu baino lehen. L. J. / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Bilbo
2018ko uztailaren 14a
00:00
Entzun

Euskal Herri osoko 130 pertsona, hau da, mukuru betetako bi autobus irten ziren atzo goizean Bilbotik Frantzia eta Italia arteko mugara bidean. Helmugak, hauexek: Ventimiglia, Sizilia eta Calabria Italiako eskualdeak. Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak beste hainbat kolektiborekin batera antolatzen duen Mugak Zabalduz karabanak hasiera eman zion aurtengo bidaiari. Zapiak lepoan eta banderolak eskuetan, horia zen nagusi San Nikolas elizako atarian, 08:00ak jo gabe zirenean. Ordu horietan oraindik berorik ez zegoen Bilbon, baina iristen ari ziren lagun taldeen arteko besarkadek eta algarek giroa epeldu zuten. Adin guztietako jendea batu zen, eta nabarmena zen aniztasuna: ikasleak, langileak, erretiratuak. Parte hartzaileetako batek irribarretsu esan zuen: «Zenbat ikasle etorri diren aurten, zer poza ematen duen!».

Hirugarren aldia da Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideek karabana antolatzen dutena. 2016an, Greziara joan ziren, eta iazko udan, berriz, Melillara (Espainia). Edorta Alonsok bietan parte hartu izan du: Zeanuritik (Bizkaia) irten, eta Siziliako lurretara bidean da. Ezinbestekotzat dauka salatzea errefuxiatuek Europako Batasunera iristean jasan behar duten egoera; are gehiago, azken asteotan zer gertatu den ikusita: «Inoiz baino beharrezkoagoa da».

Saioa Etxeberria leioarrak, berriz, lehenengo aldia du. Unibertsitateko lagunek aurreko urteetan bizi izandako esperientziak kontatu ondoren erabaki zuen bidaian izena ematea: «Urte guztian hedabideetan agertzen dena gertutik ikusi, eta, aldi berean, esperientziatik ikasteko helburuz noa».

Bidaiari ekin aurretik, pankartak eskuetan, manifestua irakurri zuten, eta, bertan, karabanak dituen dozena erdi helburu azaldu zituzten. Haien artean dago emakumeek migrazio prozesuetan duten presentzia ikusaraztea. «Emakume izate hutsagatik pairatzen duten indarkeria espezifikoa agerian jartzeaz gain, berretsi behar da egoera horren protagonista eta subjektu politikoak direla», gaineratu zuten. Horri buruz, karabanan doazenen %70 emakumezkoak direla azpimarratu zuen Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak.

«Bost minutu barru aterako dira autobusak», gogoratu zuen antolatzaileetako batek, artega baina bidaia hasteko ilusioz. Azkar hustu zen plaza. Bidaian joan ezin izan direnak soilik gelditu ziren bertan, eta gogotsu agurtu zituzten kideak. Halaber, gogoratu zuten egoera salatu beharra dagoela Bilbon bertan ere, urrutira joan gabe. Hain zuzen, haietako batzuk jarraian joan ziren Bilboko gizarte etxeetan dauden migratzaileei laguntza eskaintzera.

Bilbotik irten eta Gasteizen jende gehiago batzeko geldialdia egin ondoren, autobusak Saltera (Girona, Herrialde Katalanak) abiatu ziren. Han, penintsulako ehun kolektibotik gora elkartzekoak ziren bidaiari ekiteko. Uztailaren 22ra bitarte, hainbat gune bisitatu eta makina bat protesta egingo dituzte.

Hendaian ibilaldia

Ipar Euskal Herrian ere martxa antolatu du egun hauetan Bizi mugimenduak, errefuxiatuei babesa eskaintzeko. Atzo abiatu ziren, Baionatik, eta gaur Hendaiako atxikitze zentrora iristea dute jomuga. Hobengabeen kartzelei ez! lelopean, gaurko mobilizazioan parte hartzeko deialdi «masiboa» egin du Bizik.

[youtube]https://youtu.be/gBGOsf37kFo[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.