Koronabirusa

Positibo berriak 69 dira Hegoaldean, eta eutsi egin zaio beheranzko joerari

Azken 24 orduetako datuen arabera, hamasei pertsona hil dira, eta kopurua pixka bat igo da. Adinekoen zentroetan 761 egoiliar hil dira

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Koronabirusaren probetan positibo eman dutenen kopuruak beherantz jarraitzen du. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, azken orduetan 69 positibo antzeman dituzte COVID-19arekin Hego Euskal Herrian, birusa atzemateko probetan. Martxoaren 10az geroztik ez ziren horrelako datuak agertu. Orduan, 50 izan ziren egun batean erregistratutako kasuak, eta datuek goranzko joera izan zuten ordutik martxoaren 26ra arte. 891 kasu zenbatu zituzten egun hartan, eta hortik aurrera hasi ziren positiboberrien kopuruak behera egiten.

Hil berri direnen kopuruari dagokionez, herenegungo datuekin alderatuta —hamar izan ziren—, pixka bat igo da. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan hamasei pertsona hil dira azken orduetan. Horrenbestez, Euskal Herrian 1.817 dira COVID-19arekin hildakoak. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako datu ofizialik ez dago, eta baliteke hildakoen kopurua zehaztu baino handiagoa izatea. Ezagun da hamar euskal herritar behintzat hil direla gaitzarengatik, baina ARS osasun agentziak Akitania Berriko datuak ematen ditu, eta noizean behin Pirinio Atlantikoetako daturen batzuk, baina ez gehiago.

Sendatu diren edo ospitaleko sendagiria jaso duten pertsonak ere gero eta gehiago dira. Gobernuek eman dituzten datuen arabera, azkeneko 24 orduetan 214 pertsona sendatu dira Hegoaldean. Aldiz, gaixorik dauden 785ek ospitalean jarraitzen dute; horietatik 126 daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan, bezperan baino hiru gutxiago.

Datuak emateko era, baina, ez da berbera. Espainiako Osasun Ministerioak PCR proban positibo eman dutenen datuak soilik jakinarazten ditu; aldiz, Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak test azkarretako emaitzen berri ere ematen dute. PCR probak gizakien organismoan birusik dagoen azaleratzen du, eta sudurrean eta faringean makilatxo bat sartuta egiten da. Positibo emanez gero, horrek esan nahi du birusa gorputzean dagoela. Test azkarrek, berriz, birusaren aurka sortu diren antigorputzak atzematen dituzten. Alegia, infekzioa gorputzean egon den ala ez adieraz dezakete, eta atzamarretik odol lagin bat aterata ikertzen da.

2.850 gaixo zahar etxeetan

Koronabirusak gogor jo ditu zaharren egoitzak. Gutxienez 761 egoiliar hil dira. Koronabirusaren eraginez hildako guztien %42 dira —Nafarroak eta Bizkaiak ez dituzte datuak eguneratu azken astean; gainera, datu ofizialetatik aparte, bi herrialde horietan 210 egoiliar gehiago hil dira antzeko sintomekin, probarik egin gabe—.

Hego Euskal Herrian, 2.850 adineko inguru kutsatu dira zaharren egoitzetan. Bizkaiko Foru Aldundiak atzo emandako datuen arabera, 822 egoiliar kutsatu dira; azken zenbaketan baino 37 gehiago dira. Horietatik 69 daude ospitaleratuta, eta 572k gaitza gainditu dute. Nafarroan 933 ziren kutsatuak joan den astean; 233 sendatu direla adierazi du gobernuak, eta 215 ziren hilak apirilaren 29rako. Gipuzkoako zaharren zentroetan atzo ez zuten hildako berririk izan; 548 adineko kutsatu dira han, eta 162 hil. 272k gaitza gainditu dute. Arabako zahar etxeek, berriz, astea pasatu dute hildakorik gabe, baina atzo heriotza bat izan zuten. 550 adineko kutsatu dira han, 137 hil dira, eta 247 sendatu dira.

Egoiliarrak ez ezik, langileak ere kutsatu dira egoitzatan. Esate baterako, Bizkaian 311 langilek eman dute positibo, eta 175 bakartuta daude sintomak dituztelako edo kutsaturen batekin harremana izan dutelako. Duela bi aste, Gasteizko Caser zahar etxeko langile bat hil zen gaitzak jota.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.