Istripuetan oinezko gehiago hil direla ohartarazi dute

Eusko Jaurlaritzak 2022ko trafiko istripuen datuak eman ditu. 89 urteko gizonezko bat hil da Ortuellan, txirrindulari batek harrapatuta

Irati Urdalleta Lete.
2023ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak 2022ko trafikoaren balantzea egin du. Hona laburpena: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 44 pertsona hil dira trafiko istripuz, trafiko istripuak apaldu egin dira, eta horietan larri zauritutakoak eta ibilgailuen joan-etorriak pandemia aurreko kopuruetara itzuli dira. Bereziki aipatzekoa da hildako oinezkoen kopurua: trafiko istripuz hildakoen %34 oinezkoak ziren. Atzo egin zuten datuen berri emateko prentsaurrekoa, Bilbon.

Sonia Diaz de Corcuera trafikoko zuzendariak xehatu ditu iaz trafikoan izandako gorabeherak. Azaldu duenez, 2021ean baino bi pertsona gehiago hil dira trafiko istripuen ondorioz: 44. Hildakoetatik 34 gizonak ziren, eta hamar emakumeak. Hildakoetatik %68 kolektibo «zaurgarrietakoak» ziren: hamabost oinezko, hamalau motozale eta txirrindulari bat hil dira. 2021etik, behera egin du hildako motor gidarien zenbatekoak —hamazazpi izan ziren iaz—, baita txirrindularienak ere — bi izan ziren iaz—; aldiz, nabarmen igo da oinezkoena, 2021ean oinezko bakarra hil baitzen.

Istripu gutxiago

Hildakoak gehiago izan badira ere, alderantzizko joera izan dute istripu kopuruak eta horietan larri zauritu direnenak. Hain zuzen ere, Diaz de Corcueraren hitzetan, 7.354 istripu izan dira, 2021ean baino %1,8 gutxiago. Larri zaurituak ere gutxiago izan dira: 455 izan ziren duela bi urte, eta 360 amaitu berri den urtean.

Gainera, pandemiaren murrizketek trafikoan izandako eragina ere apaldu egin da. Hala, joan-etorriak pandemia aurreko zenbatekora igaro dira berriz ere, eta, zenbaitetan, pandemia aurretik baino trafiko handiagoa izan da. Aldiz, hiriburuetako sarreretan beherakada «txiki bat» nabaritu dute. Diaz de Corcuerak irizten dio garraio publikoaren erabilera areagotu delako gertatu dela hori.

2023a hastearekin batera izan da istripuz hildako lehen biktima: herenegun, txirrindulari batek 89 urteko oinezko bat harrapatu zuen Ortuellan (Bizkaia). Gizonezkoa zen, eta bertan hil zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.