Amazonia larrialdian. Politika suntsitzaileak. Laura Vicuña Manso. Antropologoa

«Desagertzera kondenatua dago Karipuna herria»

Brasilgo Porto Velho barrutian dagoen herri indigenak duela 30 urte izan zuen lehen harremana herri ez-indigenarekin. «Talde ekonomiko handiek» mehatxatuta bizi dira.

Cecilia Valdez
Buenos Aires
2019ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Laura Vicuña Pereira Manso antropologoa Cimi Misiolarien Kontseilu indigenistako kide da, eta indigenekin dihardu lanean, jasaten dituzten erasoei nola erantzun diezaieketen laguntzen. Brasilgo Porto Velho barrutian jaio zen, eta barruti berean dago Rondoniako Karipuna herria. Indigenekin bizi eta lan egiten du han, Amazonia gaur egun pairatzen ari den suteek gehien eragindako komunitateetako batean.

Zein da karipunen historia?

Karipuna lurraldeak 153.000 hektarea dauzka. Duela 30 urte izan zuen herri honek lehen harremana gizarte ez-indigenarekin. Garai hartan, epidemia baten ondorioz, zortzi pertsona baino ez ziren: bost heldu eta hiru ume. Gaur egun 58 dira, baina Karipuna herria desagertzera kondenatua dago, bere lurraldearen etengabeko inbasioaren ondorioz. Herri eta komunitate hau oso kalteturik dago zurgintzan, meatzaritzan eta nekazaritzan dihardutenen eraginez. Baliabide naturalak lapurtzeaz gainera, herritarrak heriotzarekin mehatxatzen dituzte. Gainera, lurralde honetan herri bakartuak daude; alegia, indigenak ez direnekin batere harremanik ez dutenak. Gure kezka nagusia da lurraldeak okupatzen dituztenek haiek hiltzea lurrak bereganatzeko.

Nola eta noiz hasi ziren suteak Rondonian?

Lurrak ustiatzen dituzten talde ekonomiko handiek Suaren Eguna dekretatu zutenean. Hemen bertan, Rondonian, talde kriminalek sare sozialen bidez esan zuten lur guztiei su emango zietela abuztuaren 19tik aurrera, eta halaxe gertatu zen. Porto Velho da sute foku gehien duen hiria Brasilen. Abuztuan bakarrik 30 bat foku zeuden Karipunan. Talde horiek probokatu zituzten lurra «garbitzeko» aitzakiarekin. Eta orain, lurrak ez duenean ezertarako balio, esaten ari dira bazkarako erabiliko dituztela, nekazaritza eta abeltzaintza jardueretarako. Lurrak okupatzen aurrera egiten du jarduera horrek.

Zein dira lurrak ustiatzen ari direnak?

Batik bat zurgintzan ari direnak, garimpeiroak[urre bilatzaileak], edota arrantzaleak. Legez kanpo jarduten dute. Azken aldian grileiroak ere sartu dira, legez kanpoko teknikak erabiliz [gobernuan dituzten harremanak edo dokumentazio faltsua] estatuari lurrak eurenak direla esaten diote, eta denbora bat igaro eta gero, eta legeak gero eta malguagoak direnez, indigenak beren lurretatik botatzen dituzte. Hori da talde ekonomikoen oraingo estrategia. Karipuna herriari bere lur guztia inbaditu diote. Eta lurralde hau babestua dago berez, estatuak homologatua, eta Karipuna herriarena dela dioen ziurtagiria dute. Baina talde ekonomikoekin batera politikariak sarturik daude.

Zein da komunitateen etorkizuna?

Hiltzeko mehatxupean daude kriminalki sute foku handiak pairatzen ari diren komunitateak. Elikagaien subiranotasuna galdu dute; besteak beste, baliabide naturaletatik bizi den herria delako. Herri hauen arazo nagusia talde ekonomikoen eta kriminalen esku hartzea da. Bolsonarok berak inbasio guztiak babesten ditu diskurtsoen bidez.

Zer egin beharko litzateke egoera hau amaitzeko?

Beharrezkoa da jendea sentsibilizatzeko premiazko lan bat egitea, duela milaka urtetatik naturarekin harmonian bizi ziren herri indigena guztiak babesteko. Eremu berde bat eta ekosistema orekatua baditugu, indigenek naturarekin eta ingurumenarekin duten elkarbizitza moduari esker izan da. Lurra zaintzea ezinbestekoa da, talde ekonomiko horiek ere ezingo dute-eta bizi landaretzarik eta urik gabe. Horregatik, nazioarteko komunitateari eskatzen diogu basoak, herri indigenak eta haien lurrak defendatzen laguntzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.