Irabaztea, uretan egotea

Amaia Gezalak Kontxara sailkatzeko estropada guztiak jokatu ditu, Hondarribiarekin eta Hibaikarekin. Bandera ez du lortu, baina badu irabazi izanaren poza, beste alde batetik.
Amaia Gesala Hibaikako arraunlaria Donostiako kaian.
Amaia Gesala Hibaikako arraunlaria Donostiako kaian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Berria -

2018ko irailak 9
Arraunlaria. Horixe da Amaia Gezala hondarribiarra (1987). Arrauna maite du, arraunean gozatzen du, eta arrauna bizi du. «Hamahiru-hamalau urterekin hasi nintzen herrian, aulki mugikorrean, eta hemen jarraitzen dut oraindik», kontatu du. Badu datu handi bat bere ibilian: Kontxara sailkatzeko estropada guztiak jokatu dituen bakarra da, Sandra Sanchez galiziarrarekin batera. «Ikaragarri pila gustatzen zait arrauna; gozatu egiten dut, eta ez dakit noiz askatu naizen kirol honetara itsasten nauen horretatik».

Emakumezkoen Kontxak hamaikagarren aldia du aurten, eta nork ez du gogoan 2008koa, aurrenekoa, eta haren sailkatze estropada, bezperakoa. Egundoko itsaso txarra zegoen, eta lehengoz olatu artean aritu ziren emakume arraunlariak estropada historikoan. «Ez dakit sekula ez ahazteko zerbait balitz bezala dudan, edo ahaztu beharreko moduan», azaldu du. «Oso polita izan zen, eta, nola aurrenekoa zen, jokatu egin behar zen bai edo bai; han atera ginen, itsaso zakar harekin». Gezala Hondarribian zen orduan, eta bertan aritu zen arraunean 2012ra arte. Hurrengo urtean hasi zen Hibaikan, eta Errenteriako klubean segitzen du.

Ñabardura bat egin nahi izan du 2008 urtea emakumeen traineru estropaden aurreneko aldia izan zela dioen datuan: «Hori ez da zuzena. 2005ean, Hondarribian, Txingudi Bandera antolatzen hasi ginen. Udalera jo genuen laguntza eske, eta han hasi ginen. Gogoan dut Cabok irabazi zuela, eta beste taldeak Txingudi eta Zumaia-Getaria izan zirela». Gezalak hemezortzi urte zeuzkan orduan, eta, handik hiru urtera, Donostiako badian zen, sailkatze estropada ezagun hartan.

Nork esango zion Gezalari orduan urtez urte estropada horretan izango zenik: «Hala gertatu da. Ez diot aparteko garrantzirik ematen. Adierazten du oso gustura nabilela arraunean, besterik ez». Umiltasun horrekin berarekin onartzen du sailkatu, ez dela urtero sailkatu Estropada jokatzera: «Hondarribiarekin ez ginen urtero sartu. Gehiagotan izan naiz barruan kanpoan baino, dena dela».

Bi jardunaldietan arraun askotan egin arren hamaika urte hauetan, inoiz ez du bandera preziatua astindu. Hori ere onartu, eta aurrera, irabazi eta garaile izatetik askoz urrunago begiratuz, gainera: «Kontua ez da irabaztea; kirol hau aurrera ateratzea da funtsezkoena». Baieztapen indartsu hori bota du emakumeen traineru estropaden geroaz hizketan hasi denean: «Harrobia edukitzea da garrantzitsuena. Harrobia baldin badago, arraunlariak egongo dira, eta, arraunlariak egonda, taldeek segitzea izango da logikoena».

Haren eskuetan balego, ordea, bada gauza bat aldatuko lukeena: arraunlarien helburu nagusia. «Ez da bakarrik irabazle izatea. Emakumezko arraunlariak barneratua izan behar luke oraintxe ibil daitekeela goiko lehian, eta, handik gutxira, banderak irabaztetik urrun, baina traineruak uretan izatea dela ezinbestekoa, emaitzen gainetik».

Bertatik bertara ezagutu izan du hori Hibaikan. Aro oparoa itxi zen aurreko denboraldia amaitu eta gero, eta ia arraunlari guztiek utzi zuten taldea edo arrauna. Baina traineruak uretan segitzen du: «Gazteak zetozen eta datoz atzetik, indartsu, eta, nola jarraipena eman behar zitzaion Hibaika egitasmoari, gazteen gogoari segika, nik ere aurrera jarraitzea erabaki nuen, eta hemen nabil».

Gaineratu du urtea ona ari dela izaten: «Banituen zalantzak iaz, jarraitu edo utzi, nekatua ere banago-eta, baina ez zait damutzen aurrera segitu izanaz, asko-asko ari bainaiz gozatzen Hibaikaren berreraikitze honetako lehen urtean». Datorren urtean segida izango duen ezin jakin oraindik: «Ikusiko dugu zer esaten diguten gazteek denboraldi hau amaitzean, baina ilusioa dute, indarra, eta traineruak uretan segi behar luke».

Gaur, txanda helburu

Gezala gaur ere Kontxako urean izango da, beste askotan bezala. Lehen txandan joango da Maialen trainerua, gaur zortzi bosgarren egin ondoren, eta Gezalak oso garbi du zertara aterako diren: «Txanda irabazi nahi dugu. Beti izaten da polita Kontxan txanda irabaztea, nahiz eta bigarren igandeko lehendabizikoa izan eta ez ohorezko txanda».

Lanak bukatu eta gero, Gezalak beste estropada bati ekingo dio. Denboraldiak amaitu eta hasten den horri. Egindakoaren azterketa, atseden hartzea eta gogoeta sakonak dauzka zain.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna