Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Gizartea Emakume izateagatik, trabatuta

Publizitatea

Gizartea

Zientzia

Emakume izateagatik, trabatuta

Gizartearen gainerako alorretan gertatzen den fenomeno bera gertatzen da zientzian ere: goi mailako lanpostuetan gizonezkoak dira nagusi. Egoera hori iraultzeko, hezkuntza premiazkotzat jo dute kontsultatutako adituek.
Neska bat Eureka zientzia museoan, Donostian, esperimentu bat erabiltzen.
Neska bat Eureka zientzia museoan, Donostian, esperimentu bat erabiltzen. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

2017-11-05 / Juanma Gallego

Aurrerapauso itzelak. Laburtu behar izanez gero, horiek izan litezke zientziaren alorrean gizateriak egindako bidea deskribatzeko hitz egokiak. Partikula azpiatomikoen txikitasunetik unibertsoaren handitasunera, aurrera egiten du ezagutzak. Etengabean.

Baina zientziak, ordea, herren jarraitzen du genero berdintasunari dagokionez. Adierazle guztiek hala berresten dute, behin eta berriz. Eta kimu berrietan ikusten den egoera ere kezkatzeko modukoa da. «Hainbat ikerketak diotenez, 6 urterekin neskek uste dute azkarrak diren pertsonak mutilak direla. Hau da, 6 urte besterik ez dituztenean, neskek desberdin ikusten dituzte beren buruak; eta beti txarrerako», azaldu du Maria Luz Guenaga Deustuko Unibertsitateko ingeniariak. Adituaren esanetan, beste hainbat txostenek eta ikerketak frogatzen dute neskek matematiketan beren buruak mugatu egiten dituztela. Problema berdina geometria ala marrazketa gisa planteatuz, neskek askoz ere emaitza hobeagoak lortzen dituzte marrazketa denean. «Hau guzti hau, ebatzi beharreko problema berdin berdina izan da. Muga psikologiko eta sozial indartsuak daude atzean».

Guenaga Inspira izeneko proiektuan dabil, buru-belarri, neskak zientziari eta teknologiari lotutako hezkuntzara gerturatzeko ahaleginetan. Emakundek bultzatutako Berdintasunerako Gunean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako teknologia parkeek antolatutako jardunaldietan parte hartu du ingeniariak. Zientzia eta teknologia berdintasunean gaia izan dute hizpide urriaren 16an Donostian, eta 26an, Gasteizen. Datorren asteartean, Bizkaian antolatutako jardunaldia egingo dute, Leioan. «Berdin dio zer esparruri erreparatzen diozun. Mundu osoko arazoa da», salatu du. «Unibertsitatean, esaterako, ingeniaritzetan %25 baino gutxiago dira emakumeak, eta ingeniaritza zehatz batzuetan portzentajeak bereziki txikiak dira: %10 ingurukoak».

Inspirazioa bultzatu

Egoera iraultzeko, Lehen Hezkuntzako 6. mailan dauden neskekin lanean ari dira. Helarazi nahi dieten mezua argia da: emakumezkoek zientzian eta teknologian parte hartzen dute; horretarako, arlo horretako emakumeek beren lana erakusten diete. Sei saioren bitartez, neskei irakasten diete zientzia eta teknologia edonon daudela. Guenagak ondo ezagutzen ditu emakume zientzialarien eta teknologoen inguruan dauden estereotipoak. «Emakume bat aipatzen denean, beti da urliaren neska laguna edo sendiaren emaztea. Zientzialaria edo teknologoa bada, frikitzat jotzen da, gainera». Beste zenbait saiotan emakumezkoek historian izan duten eta gaur egun duten garrantziaren berri ematen diete neskei, erreferenteak edukitzeko. «Beren amak, izekoak edo lagunak izan daitezke erreferenterik hurbilenak. Alegia, guztiz normalak diren emakumeak, zientzian edo teknologian lanbidea dutenak, hain zuzen». Programa hori gauzatzeko, ikastetxeetan neskak eta mutilak banatzen dituzte. «Hori polemikoa izan da batzuetan, baina esperientziak erakutsi digu nesken oinarrizko abiapuntua desberdina dela, eta espazio propioa izan behar dutela. Oro har, neska eta mutilek ez dute interes handirik zientzia eta teknologiarekiko, baina neskek dituzten mugak edo baldintzak desberdinak dira, mutilek dituztenekin alderatuz. Ikusi dugu neskek momentu horietan protagonistatzat jotzen dituztela beren buruak». Adierazteko edo hitz egiteko modua ere desberdina dela esan du adituak.

Hezkuntza ereduan sakontzea funtsezkoa dela uste du Itziar Zubillaga DNA Data enpresako Kalitate zuzendariak. Biologian doktorea da Zubillaga, eta gaixotasun genetikoen diagnostikoaren enpresaren zuzendaritzan dago.

Rolen aldaketa

«Hezkuntzaren bidez, irakatsi behar da pertsona izateagatik denok irits gaitezkeela nahi dugun hori izatera », azaldu du Zubillagak. «Hala ere, askotan, neskei esaten zaie bide hau edo bestea aukeratzea komeni zaiela». Horregatik, gizartean dauden rolak aldatzea premiazkoa dela uste du. «Hitz egin baino lehen, ondo pentsatu behar dugu zer esan behar dugun. Askotan entzuten dira 'senarrak etxean ez dit laguntzen' eta tankerako esaldiak; seme-alabek hori entzuten dute». Hezkuntza egokia izan arren, inguruneak asko baldintzatzen duela uste du Zubillagak.

Nuria Gilsbert CIC Energiguneko zuzendariak Ikerbasquek argitaratutako Zientzia Euskadin 2017 txostenean bildutako datuei erreparatu die. «Doktoretza mailetan %25 emakume gehiago badaude ere, gehikuntza hori ez da islatzen gero berrikuntza sisteman lan egiten duten pertsonei dagokien datuetan».

Artaziaren fenomenoa deitu izan zaio horri, estatistiketako grafikoek hartu ohi duten itxura adierazteko. Zientziari lotutako lanbideetan, emakumeen eta gizonezkoen presentzia antzekoa izanda ere, gorako lanpostuetan aurrera jo ahala, gizonezkoen kopurua handitu egiten da, emakumeen kopurua txikitu egiten den bitartean. Unibertsitateei dagokienez, artazia EHUn gertatzen da bereziki. Katedra edo emeritu postuetara heltzean, diagrama zabaltzen hasten da. Katedradunen %80 eta emerituen %90 gizonezkoak dira. Ikerketa zentro publikoetan ere antzeko joera dagoela azaldu du. Halere, berak zuzentzen duen ikerketa zentroan fenomeno hori ez dela ikusten nabarmendu du. «CIC Energigunen ez dugu diskriminazio positiboko politikarik izan, eta meritokrazian oinarritzen gara. Parekotasuna izateaz gain, zuzendaritza batzordean ere emakumeok gehiengoa gara».

Egoera hori ez dela ohikoena jakinda, nola bultzatu parekotasuna beste zentroetan? Horrekin zalantzak dituela aitortu du Gilsbertek. «Ez dut uste emakumeentzako kuotak eskaini behar direnik, baina uste dut goi mailako lanpostuetan gauden emakumeek beste emakumeei laguntza eman behar diegula; bestela, generoaren arabera curriculuma modu ezberdin baloratzen baita».

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak