Angel Aldarondo.
Donostiako Nazioarteko 64. Zinemaldia. IGARLEAREN BITAKORA

Telegramak butakatik

2016ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Behin Zinemaldiaren erdia gaindituta, eta berez azken tartea bideratuta, urtero bezala, aurten izan diren zenbait joera zein diren aurreratu ditzaket.

1. Aurtengo Sail Ofizialean —eta neurri apalagoan, beste ataletan— zinemak ez du babesleku gisa balio. Etorkizunik gabeko istorioak, bortxakeria latza eta nerabezaroko drama tristeak dira nagusi. Zinemaldiko aukeraketa batzordekoek besarkada baten premia dute, eta halako martxan, ikusleok ere bai.

2. Erraldoiz inguratuta gaude. Benetan txundigarria da, The BFG estreinatu duten urte berean gure Sail Ofizialeko hiru filmetan erraldoiak agertzea. The Giant frikian, Colossal superfrikian, eta A Monster Calls negar-eragilean, gigantismoaz baliatu dira barne-barneko istorio txikiak kontatzeko. Eta ez ahaztu Arregi eta Garañoren Aundiya!

3. Zergatik da hain zaila adiskidetasunari buruzko pelikulak aurkitzea? Lagunen arteko harremanak beti dira bigarren mailako gaia. Aurten, gai hori ardatz duten filmetan, Little men, As you are edo Frantz —modu estalian—, aitzakia besterik ez da homoerotismoa jorratzeko, besteak beste.

4. Aurten ere, pelikula espainiarrek zinemaldiko maila igotzen asko lagundu dute, batez ere, thriller generokoek. Kasualitate gutxi.

5. Izarren kopurua eta kalitatea maila handikoa da, baina distiratsuena Sigourney Weaver, Alienzoragarrian emakumeen rola hautsi zuena, akziozko lehen heroia bihurturik. Urte aproposean gureganatu da, pelikuletan emakumeen garrantzia nabarmenki hazi baita. Gauzak aldatzen diren seinale, kameraren aurrean behintzat.

Orain arte ikusitakoari erreparatuz, harritu nau nire puntuazioan 7-a izatea nagusi. Maisulan baten esperoan, ez da gauza makala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.