Lehenengo gutunak

Maddi Etxeberria Otaegik 'Zein usain dute oroitzapenek?' aurreneko eleberria argitaratu du. Gazte irakurleei zuzendutako lana da

Maddi Etxeberria Otaegi, herenegun, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
mikel lizarralde
Donostia
2018ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Hutsune bat betetzen saiatzen da Erein argitaletxearen Bioleta saila. Nerabezaroa atzean utzi duten gazteentzako atala da, eta, besteak beste, liburu hauek biltzen ditu: Ramon Saizarbitoriaren Kandinskyren tradizioa, Philip Pullmanen Tximeleta tatuajea eta Zubi hautsia, Mariasun Landaren Azken balada eta Karlos Linazasororen Mendekuaren graziaz. Nolanahi ere, Iñaki Aldekoa argitaletxeko editoreak azaldu duenez, «zaila» izaten da esparru horrentzako lan egokiak aurkitzea, eta askotan «enkarguz» egiten dira lanak.

Ez da hori Zein usain dute oroitzapenek? Maddi Etxeberria Otaegiren (Andoain, Gipuzkoa, 1998) opera primaren kasua. Idazleak berak bidali zuen argitaletxera, eta, izkribua irakurrita, Aldekoak ondorioztatu zuen «aintzat hartzeko lana» zela. «Lan pertsonala da, lehen pertsonan idatzitakoa, eta indar handia du. Baina batik bat sinesgarria da, eta sendotasuna erakusten du».

Txiki-txikitatik, irakurzalea eta literaturaren zalea izan da Etxeberria Otaegi, eta horrek idaztera ere eraman zuen gazte-gazte zela. «Koaderno txiki bati» kontatu izan dizkio bere istorioak, baina hainbat sari ere irabazi ditu, hala nola Martin Ugalde eta Urruzunotarrak. Azken horrek balio izan zion «idazle eta zale amorratuak» ezagutzeko. «Normalean, isolatu samarrak izan gara, eta han topatu nituen literatura ni bezala bizi zuten beste hainbat lagun». Asko idatzi izan du, eta Zuzeu agerkari digitalean atera izan dira bere lan batzuk. Izanaren itzalak bloga abiatu zuen, berriz, duela hiru urte.

Gutun bidez eraikitako lana

Gaiak Heleni igortzen dizkion gutunak dira Zein usain dute oroitzapenek? lanaren ardatz. Gaia euskal herritarrak Colchesterretik (Ingalaterra) lagunari bidaltzen dizkion eskutitz horiek gauzatzen dute kontakizuna: lagun zahar eta berriak, amodio zahar eta berriak, bizimodu aldaketa, Euskal Herriarekiko harremana... Gai ugari agertzen dira nobelaren orrietan.

Liburua idazten hasi zenean ez zuen buruan eleberriak hartuko zuen azkeneko forma. «Idazten hasi nintzen, eta gero hartu du forma». Protagonista nagusia Ingalaterran kokatu izana ere ez da oharkabean hartutako erabakia.«Euskal Herritik atera behar nuen, hemengoekin nolabaiteko distantzia bat hartzeko».

Etxeberria Otaegik asko idazten du, baina ez du askorik ezabatzen. «Orraztu egiten dut, edo lekuz aldatu, edo gorde, baina ezabatu, ez dut ezabatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.