KRITIKA. Donostiako 81. Musika Hamabostaldia

Bertuteak arratsean

Bilboko Orkestra Sinfonikoaren irudi bat. M. HAMABOSTALDIA.
2020ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun

Bilboko Orkestra Sinfonikoa



Zuzendaria: Erik Nielsen. Pianoa: Javier Perianes. Egitaraua: W. A. Mozarten piano eta orkestrarako 20. eta 21. kontzertuak, eta S. Prokofieven 1. sinfonia.Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Abuztuak 21.

Leopold Mozartek bere alaba Nannerl Maria Annari idazten dion eskutitzean, 1785eko otsailaren 16an, Wolfgangen pianorako 20. kontzertuaren (KV 466) estreinaldiaren berri ematen dio, besteak beste. Azken horrek atazak azken momenturako uzteko zuen joeraren seinale, kopista oraindik lanean zebilen kontzertua hastear zegoela, eta Mozartek ezin izan zuen azken mugimendua osorik jo. Soilik partitura berezietan erabili zuen tonalitateak sortzen duen giroagatik akaso, erromantikoen gustuaren galbahetik pasatu zen aise. Bada, hortaz, obra berezia, Mozarten bereizgarri jostalaria ezkutatzen duena. Berezitasun hori nabarmenduz, Romance-aren joan-etorrien zehaztasun eta norabide argian ez ezik, lehen mugimenduan orkestraren presentzia sendoaren gainetik eraiki zuen sarrera sotilean zein Rondó-aren intentsitate finean ageri ziren Javier Perianes pianista huelvarraren bertute ezagunak.

Soilik hilabete geroago amaitu zuen Mozartek bere pianorako 21. kontzertua (KV 467). Aurrekoaren kontra-jolasean, izaera ia tolesgabea aurkezten du, Perianesen eskuetan bereziki gardena. Erik Nielsenen imintziorik gabeko keinuari jarraituz, Bilboko Orkestra Sinfonikoa neurritsu eta orekatu agertu zen une oro, Andante-an sortzen den gau giroan pianotik zetozen samurtasun handiko pianissimo-en garapenean lagun, oboearen parte-hartze finarekin.

Mozarten bi obren artean, Sergeri Prokofieven 1. sinfonia eman zuen orkestrak, 1917ko udan gaur egungo San Petersburgo hirian konposatua. Bere autobiografian adierazten duenez, Joseph Haydn biziko balitz, bere estilo propioa mantendu, baina gauza berriak ere barneratuko zituelakoan idatzi zuen Klasikoa izendatu zuen sinfonia, bistako arrazoiengatik. Aurreko obran erakutsitako oreka eta neurriari eutsiz, orkestra zuzen ibili zen bai Larghetto kantarian, bai Finale kementsuan.

Programa agortuta, Perianesek arrats garbietan leihateetatik sartzen diren eguzki izpien antzera argitu zuen Kursaala, Manuel de Fallaren Serenata andaluza pianorako piezarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.