KRITIKA. Dantza

Iragana eta oraina

Static Shot dantza pieza. MAITALDIA.
Agus Perez.
2022ko irailaren 18a
00:00
Entzun

'Lorraineko balleta'

Konpainia: Lorraineko balleta. Piezak eta koreografoak: Trisha Brown (Twelve Ton Rose), Maud Le Pladec (Static Shot). Lekua: Senpereko Larreko kulturgunea. Data: irailak 16.

EliralE konpainiaren kolaborazioarekin antolatu da aurtengo Dantza Maitaldian ikusi dugun azken emanaldia, eta Larreko kulturguneko aretoa (Senpere) goraino bete da Lorraineko balletak ekarri duen egitarau bikoitza ikusteko.

Lehen zatian Trisha Brown-en Twelve Ton Rose (Hamabi tona arrosa) ikusi dugu. Estatubatuar koreografoak (1936-2017) hainbatetan ekarri zituen bere piezak Euskal Herrira, eta haren lan bat 1995ean ikusi genuen lehenbizikoz, Gipuzkoan Maiatza Dantzan antolatzen zenean.

Senperen ikusi dugun piezan oinutsik agertu dira dantzari guztiak, neskak soineko beltz soil baina ederrekin, marra gorri bertikal bat eskuma aldean zutela. Mutilek, ordea, gorri koloreko praka eta mahuka luzeko trixertak jantzi dituzte, nahiz eta une batzuetan nesken soinekoa gorria izan eta mutil baten janzkera beltza izan den.

Nabarmendu nahi dut Burt Barr-en jantzien diseinua, bat datorrelako Brownek bilatzen zuen araztasun erabatekoarekin, erraztasun estetikoari inolako kontzesiorik egiten ez zuena. Soinu-banda, bestetik, John Cageren muturreko ildo esperimentalistatik ibili da —Anton Webern, konpositorea—, eta dantzarien teknika bikaina Trisha Brownen inprobisazio egituratuen erakusgarri izan da. Azken finean, Modern Dance delakoaren aitzindari izan ziren haiek mugimenduzko giza eskulturak eraikitzea bilatzen zuten buru-belarri, estetika hutsagatik, baina gaur egun fosildutzat jotzen dugu bere garaian ezin aurreratuagoa iruditzen zitzaigun esperimentazioa.

Bigarren zatian, ordea, antzinarotik orainera igaro gara Maud Le Pladec-en Static Shot (Tiro estatikoa) lan harrigarriarekin. Peter Harden eta Chloe Thevenin-en musika erritmikoa markatu eta kementsuarekin batera, 23 dantzarik egin duten erakustaldiak ez dauka parekorik, eta zaila da hitzetan azaltzea taula gainean gertatu dena.

Pieza honetan parte hartu duten 23 dantzarien janzkera definigaitza bezain koloretsua izan da atentzio gehien eman diguna, bai hasiera batean, bai emanaldi osoan zehar, egia esan. Hainbat hiri-tributako kideak izan zitezkeen, festa-jantziak izan zitezkeen, batek daki, baina Christelle Kocher-en jantzietan denetarik zegoen: era askotako maskarak batzuetan, prakak, soinekoak, txandal itxurako arropak, bularretako distiratsuak, jantzi erdi gardenak, kolore deigarriak nonahi.

Eta bitartean, erritmoa, gero eta markatuagoa zena, gero eta gorago zihoana. Eta dantzarien mugimendu konpasatuak, lerroak eraiki eta deseraikitzen, elkarren arteko norabideak gurutzatzen, kurbak eta zirkuluak egiten, norbanakoen bariazio txikiak taldeko ordenan txertatuz eta kanpoko arropa eta maskara batzuk dantzaren beroagatik erantsiz...

Sinestezina, benetan, dantzarien taldeak erakutsi dituen energia eta prestakuntza, eta ongi irabaziak ikusleen aldetik jaso dituzten txalo bero-beroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.