Literatura. 'Hilketa lokartua'

Emakume burutsu eta ausartak

Idazlea: Agatha Christie. Itzultzailea: Xabier Aristegieta. Argitaletxea: Igela.

Irati Majuelo.
2020ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Klasiko baten itzulera dakar Igela argitaletxeak urte amaiera honetan, «hilketaren erreginaren» berrargitalpen azalberritu bat. Itxura freskoarekin iritsi da gurera Agatha Christie, baina ohiko dituen ezaugarri literarioak atzean utzi gabe.

Izan ere, Hilketa lokartua izenburutzat izanagatik, ezin esan irakurlea aise lokartuko denik, intrigak gidatutako eleberria baita hau. Hilketa posible baten bueltan korapilatzen dira trama osatzen duten pertsonaia ugariak, bakoitzak istorioari bere ekarpena eginez, edo, gutxienez, jazotakoaren bertsio propio bat emanez, amaieran puzzle osatu bat lortu nahian. Baina, sarri, piezak enkajatze hutsak ez du balio izaten egiaz jabetzeko, ez behintzat Marple andereñoak bezainbesteko mesfidantzarik ez izanez gero.

Marple andereñoaren abenturetako bat da hau, beraz, Christieren eleberri ugaritako protagonista izan dena. Gertakariak ebazteko ezinbesteko pertsona bada ere, ezohiko detektibea da Marple, jardun horrek misteriozko nobeletan izan ohi duen kanon maskulinizatuarekin bat egiten ez duena. Hala, Christiek emakume heldu bat proposatzen du jazotakoa ikertzeko, nahi duena lortzeko bere itxura adeitsu eta maitagarria eta gertuko harremanak baliatzen dituena: herriko dendariekin hitz-aspertuan ibiltzea, lagunen bidez ezezagunekin zitak lortzea edota lorategia txukuntzea: horra bere ikerketa-teknikak. Hortaz, gure dama zaharrak protagonismoa eta erdigunea ez ditu askotan hartuko, baina, buruargitasun eta zuhurtzia handiz, gainerako pertsonaiak misterioa argitzera gidatuko ditu.

Gwenda eta Giles ezkonberriak dira eleberriaren haria gidatzen duten pertsonaiak, Ingalaterran erosi berri duten etxean 18 urte lehenago jazotakoa argitzeko gai sentitu, eta, Marpleren eraginpean, horretan saiatuko direnak. Kasu honetan ere, misteriozko eleberrien eredu orokorretik at kokatzen du bere lana Christiek. Ohikoa den arren arrazoiketaren eta irudipenen arteko talka azaleratzea, azken horiei garrantzia emateak desberdin dezake, akaso, nobela hau. Gilesek, senarrak, gertakarien azterketa objektiboak proposatzen ditu aldiro, susmagarrien hitzetan oinarrituak. Horrez gain, bere buruari kasua argitzeko gaitasuna ziurtasunez aitortzen dio. Gwenda zalantzatiago agertzen da hasieran, batik bat bere eldarnio batetik abiatzen baita eleberri honen misterioa. Ordea, emazte gaztearen zantzu eta bihozkadek uste baino garrantzi handiagoa izango dute, baita Marpleren begietara ere. Horrez gain, Gwenda ez da atzean geratzen, eta une gehienetan berak eramango du, ausardiaz, ikerketaren gidaritza. Christiek, beraz, lehen planoa euren indar propioz hartzen duten emakumezko pertsonaiak eskaintzen dizkigu, eta haien ideia, uste eta zantzuei ematen die garrantzia.

Euskarara Xabier Aristegietaren esku arituen bidez ekarria, zaila da eleberri honi spoiler-ik gabeko kritika egitea. Detaile txikiei adi ibili beharko da irakurlea, esna, irudipenak egia eta baieztapenak gezur bilakatzea erreza baita iraganeko mamuak lokarturik ez daudenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.