KRONOLOGIA

2017ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
2008

Martxoak 14. Donostiako Udalak ofizial egin zuen hautagaitza, Viktoria Eugenia antzokiko ekitaldi batean.

Maiatzak 31. Logotipoa aurkeztu zuten jendaurrean.

Abuztuak 1. Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburu izateko bulegoa inauguratu zuten.

2009

Maiatzak 21. Santi Eraso izendatu zuten kultur programaren arduradun.

2010

Uztailak 9. Espainiako Kultura Ministerioan aurkeztu zuten 300 orriko proiektua.

Irailak 28. Europako epaimahaikideen aurrean eta ahoz defendatu zuten proiektua Madrilen. Fernando Bernues antzerki zuzendariak zuzendu zuen egitasmoaren aurkezpena.

2011

Ekainak 28. 2016. urteko Europako kultur hiriburu izendatu zuten Donostia, Madrilen.

2012

Urtarrilak 26. Donostia 2016 Fundazioa eratu zen. Hautagaitzaren kudeatzaile izandako Eva Salaberriak hartu zuen zuzendari postua.

Maiatzak 8. Ainara Martin D2016ko zuzendari kulturalak dimisioa eman zuen, «arrazoi pertsonalengatik».

Maiatzak 10. Onarpen ofiziala. Europako Batasuneko Kultura ministroen Kontseiluak Donostiaren izendapena berretsi zuen.

Maiatzak 11. Olatu Talka jaialdia egin zuten.

Maiatzak 15. Aurrekontu murrizketa. 89 milioikoa zen hasierako kalkulua, baina 72 milioira gutxitu behar izan zutela jakinarazi zuten instituzioek.

Uztailak 6. Fernando Bernues izendatu zuten proiektuko zuzendari artistiko.

2013

Martxoak 21. Espero baino ia bi milioi gutxiagoko aurrekontua. Hitzartutakoa baino %77 txikiagoa da Eusko Jaurlaritzak fundazioari eman zion dirua (1,5 milioi adostu zituzten hasiera batean, baina 350.000 eurokoa da saila). Guztira, 3,5 milioi euroko aurrekontua izan zuten urte hartan.

Maiatzak 24. Olatu Talka jaialdia Donostia eta Euskal Herriko beste hainbat herritan.

Ekainak 21. Eva Salaberriak Donostia 2016ko zuzendaritza utzi zuen. Bestetik, 2020ra arteko aurrekontua 72 milioitik 62 milioira murriztu zuten.

Uztailak 5. Polemika piztu zuen Abc egunkariaren filtrazioak. Itziar Nogeras Elhuyar fundazioko zuzendariak lankideei helarazitako mezu bat publiko egin zuen. Donostia 2016ko zuzendari izango zela azaltzen zien lankideei Nogerasek. Artean lehiaketa publikoa egin gabe zegoen.

Uztailak 24. Itziar Nogeras izendatu zuten Donostia 2016ko zuzendari. Lehiaketa publikoa egin zuen LKS enpresak, eta, hemezortzi pertsonaren artean, Nogeras proposatu zuten posturako. Fundazioak gehiengoz onartu zuen proposamena.

Abuztuak 25. Donostia bisitatu zuen Europako Kultur Hiriburutzaren epaimahaiak, eta, Diario Vasco egunkariak filtratutakoaren arabera, «oso kezkatuta» zeudela adierazi zuten. Proiektuak aurrekontuak betetzen ez zituelako, atzerapenak pilatzen zitzaizkiolako, lantaldea txikia zelako eta esku sartze politikoak zeudelako.

Abuztuak 31. Donostia 2016ren kultur arduradunek babesa azaldu zioten proiektuari, esku sartze politikorik egon ez zela esanez.

Irailak 16. Itziar Nogeras zuzendariaren aurkezpen ofiziala. Hautaketa prozesua gardena izan zela defenditu, eta izendapenak «erabateko adostasuna» izan zuela adierazi zuen.

Abenduak 12. Fernando Bernuesek utzi egin zuen zuzendaritza artistikoa. Bestetik, Espainiako Kultura Ministerioa ere fundazioaren parte gisa onartu zuten, 1,1 milioi euroko ekarpena egingo zuela kontuan hartuta. 2014ko aurrekontua ere onartu zuten: 6.855.298 eurokoa.

2014

Martxoak 6. Igor Otxoa Donostia 2016ko proiektuen zuzendariak utzi egin zuen kargua. Bernuesekin batera, «aurreko egituraren» parte zelako normaltzat jo zuen Otxoaren agurra 2016ko taldeak.

Apirilak 1. Itziar Nogerasek dimisioa emateko asmoa azaldu zion fundazioari. Hark jarraitzeko eskatu zion.

Apirilak 2. Itziar Nogerasek dimisioa eman zuen.

Uztailak 2. D2016k hiru hilabete zeramatzan zuzendari nagusirik gabe. Steve Green Europako Kultur Hiriburutzaren Jarraipen eta Aholkularitza Batzordeko kideetako bat Donostiara etorri zen. Haren esanetan, hiriburutza guztietan egoten dira krisi uneak, eta programarekin aurrera egiteko eskatu zuen.

Irailak 6. Pablo Berastegi Lozano (Iruñea, 1968) izendatu zuten Donostia 2016ko zuzendari nagusi.

Irailak 12. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak salatu zuen D2016 zuzentzeko euskara ez eskatu izana.

Urriak 17. Donostia 2016 proiektuaren egoitza ofizialki inauguratu zuten.

2015

Urtarrilak 10. Donostia 2016ren kultur ikur ibiltaria izan behar zuen XVI. mendeko San Juan galeoiaren erreplika ez zutela garaiz amaituko adierazi zuten. Pasai San Pedroko Albaola Itsas Kultur Faktorian 2013ko urtarrilaren hasieran hasi ziren itsasontziarekin, baina arazo tekniko eta ekonomikoek atzeratu zuten proiektua.

Martxoak 13. Donostia 2016 Fundazioaren patronatuko kide izanda ere, Espainiako Kultura Ministerioak auzitara eraman zuen hizkuntza gutxituen inguruko goi bilera bat antolatzeko Kontseiluarekin sinatutako hitzarmena, patronatuari aurretik abisatugabe.

Martxoak 19. Juridikoki Espainiako Ministerioaren helegiteari aurre egitea erabaki zuen orduko Donostia 2016ren Fundazioaren patronatuko presidente Juan Karlos Izagirrek.

Apirilak 29. Europako Kultur Hiriburuen Jarraipen Batzordeak proiektuari buruz argitaratutako txostenaren balorazio «positiboa» egin zuen Juan Karlos Izagirrek. Aldi berean, Melina Mercouri sariari esker 1,5 milioi euro jaso zituen D2016k.

Maiatzak 30. Olatu Talkaren seigarren edizioa egin zuten.

Ekainak 30. Hauteskundeak irabazita, Eneko Goia Donostiako alkate izendatu zuten, eta patronatuko kideak aldatu ziren: Goia patronatuko buru izendatu zuten, Miren Azkarate EAJko eta Ernesto Gasco PSE-EEko zinegotziekin batera.

Urriak 24. Espainiako Kultura Ministerioak atzera bota zuen hizkuntza gutxituen inguruko goi bilerari jarritako helegitea.

Urriak 30. Kutxa Fundazioak 500.000 euroko ekarpena egin zion D2016ri, kultur hiriburutzaren «babesle global» bihurtuz.

Urriak 31. Programazioaren aurkezpen ofiziala egin zuten Tabakaleran: 500 kultur eragile eta artistarekin diseinatu eta garatutako 102 proiektu aurkeztu zituzten.

2016

Urtarrilak 19. San Sebastian eguneko danborradarekin batera, hasiera eman zioten kultur hiriburuaren urteari.

Urtarrilak 23. Elkarbizitzaren zubia lelopean, inaugurazio ekitaldi nagusia egin zuten Maria Kristina zubian.

Ekainak 17.Bake-ituna erakusketa inauguratu zuten; 600 obratik gora bildu zituen, San Telmo museoaren eta Koldo Mitxelenaren artean banatuta.

Ekainak 21.Uda gau bateko ametsa antzezlanaren lehen emanaldia egin zuten Kristina Enea parkean; hilabetez, gauero antzeztu zuten obra.

Azaroak 17.Lekurik gabe, denborarik gabe. Giltzapekoak erakusketa zabaldu zuten. Euskal presoek egindako hainbat lan zentsuratu egin zituzten.

Abenduak 16. Aarhus eta Pafos hiriei, 2017ko kultur hiriburuei, lekukoa pasatzeko ekitaldi instituzionala egin zuten.

Abenduak 17. Tabakaleran egindako festa batekin eman zioten amaiera urteari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.