1936ko gerra eta frankismoaren hasiera

Ekinaldi legegile bat aurkeztu dute biktimei «babesa bermatzeko»

Frankismoaren Krimenen Aurkako Plataformak erregistratu du testua Eusko Legebiltzarrean. Alderdi politikoen borondaterik eza salatu du
Plataformako kideak Eusko Legebiltzarrean, atzo.
Plataformako kideak Eusko Legebiltzarrean, atzo. BERRIA

Jokin Sagarzazu -

2019ko uztailak 4
Eusko Jaurlaritzak ala Eusko Legebiltzarreko alderdiek egiten ez bazuten haiek egingo zutela ohartarazi zuten, otsailean, Giza Eskubideen Batzordean. Eta egin dute. Euskal Autonomia Erkidegoak ere Memoria Historikoaren Lege bat izan dezan —Nafarroak badu, 2013tik—, Eusko Legebiltzarrean herri ekinaldi legegile bat erregistratu zuten atzo Frankismoaren Krimenen Aurkako Euskal Plataformako kideek. Legegintzaldi honetan ez bada hurrengoan lantzeko egin dute. Tramiterako onartu ala ez, datozen egunetan erabaki beharko du Legebiltzarreko Mahaiak, eta, alde azalduko balitz, 10.000 sinadura beharko lituzkete egitasmoak bere bidea egiteko. Babesak biltzen irailean hastea espero dute.

Plataformako kideek 80 artikuluko lege bat aurkeztu dute. Horretan jasotzen diren hainbat neurri aurrera eramaten ari da Jaurlaritza —biktimen datu basea, hobi komunak hustea, DNA bankua...—, baina plataformakoentzat ezinbestekoa da egitasmo horiek eta beste batzuk lege batean biltzea, horien bideragarritasuna ez dadin egon gobernuan dagoen alderdien borondatearen edo beste faktore batzuen menpe. Legearekin, egitasmo horien segurtasun juridikoa bermatu nahi dute, eta, bereziki, biktimen eskubideena. «Egin daitekeen lan guztiari eta orain arte egin denari lege babesa eman nahi diogu. Lege bat izateak, gainera, gobernuan dauden alderdiak behartzen ditu hor jasotzen direnak betetzera, eta oposizioak tresna bat du hori exijitzeko», azaldu du plataformako kide Josu Ibargutxik.

Testuan ageri da, besteak beste, biktimen eta biktimarioen zerrendak egiteko beharra, eta erreparazio moral eta ekonomikorako neurriak. Halaber, euskal erakundeen betebehar ekonomiko eta judizialak aipatzen ditu egitasmoak: adibidez, beren gain hartzea gorpuak hobitik ateratzearen gastu guztiak, edo auzibideak zabaltzen laguntzea eta hori bultzatzea. Hainbat plan aurreikusten ditu: gorpuak lurpetik ateratzearenaz gain —Erorien Haranean dauden Euskal Herritarrak ekartzekoa barne—, haur desagertuei buruzkoa, «memoriarako tokiak» izendatzeko eta babestekoa, edo sinbologia fankista eta monumentu frankistak kentzekoa. Zigor eta isunen atal bat ere badu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna