Kataluniako hauteskundeak

Trigonometriari adi

Inkestek diote ERC nagusituko dela eta independentismoak aukera duela diputatu gehiago lortzeko; baina emaitzak oso estu daude, eta parte hartzeak eta zalantzatiek erabakiko dute.

Mikel P. Ansa

2017ko abenduak 17
Estatistika, aritmetika eta matematika guztiak ere ez dira aski izango abenduaren 21ean zer gertatuko den asmatzeko; eta gutxiago, ondoren zer gobernu osa litekeen igartzeko. Azaroaren hasieratik orain arte argitaratu diren 24 inkesta aztertu ditu BERRIAk, eta ondorioa da emaitzak oso estu daudela, bi aldagaik baldintzatuta. Lehena parte hartzea da, %80ren bueltakoa izango dela uste baitu analista askok. Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetan parte hartzea %67tik azpikoa izan da beti, 2015 arte; %75era ailegatu zen orduan; 4.150.000 boto emaile inguru esan nahi du horrek. %80ko parte hartzeak 4.440.000 boto emaile mugituko lituzke gutxi gorabehera. Abstentzioaren %5eko gorabehera batek, beraz, 300.000 botoren aldea leukake. Bigarren aldagaia botoa erabaki ez dutenen multzoa da. Uste da ehunka mila hautesle direla botoa azken ordura arte erabakiko ez dutenak. Milaka boto asko daude dantzan, eta orain inkestek erakusten dituzten emaitzak estuak dira berez. Horrek esan nahi du ezusteetarako ere prest egon beharko dela.

Oraingoz, inkestek erakutsi dutena da ERCk irabaziko lituzkeela bozak. 24 azterketatik hogeik eman dute garaile Oriol Junquerasen taldea. Baina abendu arteko zundaketek emaitza hobeak igartzen zizkieten, eta azkeneko asteetan behera egin dute. Abenduko azkeneko inkestek 32-34 eserleku ematen dizkiote parlamentuan —batek 29ra jaitsi ditu, eta beste batek 37ra igo; azaroan 40tik gora ere ematen zizkioten, ordea—. Gertu du Ciutadans, oso gertu. Eta azkeneko egunetan argitaratutako emaitza batzuen arabera, aurretik ere bai: abenduko azkeneko hamabost inkestetan, lau aldiz jarri dute ERCren aurretik, eta behin berdinduta. 28 eta 32 eserleku artean ematen dizkiote Ines Arrimadasen alderdiari —inkesta batek 25era jaitsi du—. Boto portzentajean, berriz, %20tik gora dabiltza, nola ERC, hala Ciutadans.

Bigarren multzoan leudeke JPC eta PSC, boto portzentajearen %20tik behera, baina ez urrunegi. Junts Per Catalunyak hazkunde handia izan du azken egunetan; azaro hasieran, inkestek 13 diputatu ematen zizkioten, baina azkenekoetan gora egin du, batez ere Carles Puigdemont hautagai izendatu ondoren. Zenbateraino haziko den zehaztu ezinik dabiltza, ordea: inkesta batzuek 25-27 eserleku eman dizkiote, eta beste batzuek 30-31 ere bai —36ra igo ditu batek—. Nolanahi ere, abenduko hamabost inkestetan, lauk bakarrik jarri dute ERCren parean, bakar batek ere ez aurretik.

Miquel Icetaren sozialistei ere gorako joera igarri diote inkestek; oraintxe, 20 eta 22 diputatu artean eman dizkiete gehienek —batek 26ra igo ditu, eta beste batek 17ra jaitsi—. Edozein moduz, azken hamabost inkestetan, behin bakarrik iritsi dira Ciutadansen parera, eta inoiz ez JPCrenera.

Datu horiek ikusita, sumatzen da ERCren eta JPCren artean boto mugimendu bat badagoela, eta Ciutadansen eta PSCren artean ere gauza bera gertatzen ari dela. Osteguna bitarte koalizioren bat nabarmen indartu ezean, gerta liteke lau alderdiak nahiko parekatuta geratzea, alde handirik gabe. Botoa polarizatuta dago independentisten eta unionisten artean, baina polo bakoitzak, aldi berean, bi erreferente nagusi ditu, eta horietan lidergoa nork hartu borrokan ari dira oraindik.

Polarizazio horien ondorioak ezagutuko dituzte beste koalizioek. Horien artean, Xavier Domenechen Comukoak daude koska bat gorago: inkesta gehienek 9-10 diputatu ematen dizkiete —gutxienak, 7; gehienak, 11—. Kasurik onenean orain duten ordezkaritza berdinduko lukete, beraz. Edozein moduz, CUPen eta PPren aurretik jartzen dituzte inkesta gehienek: hamabostetik lauk bakarrik jarri dituzte PPkoekin berdinduta, eta hiruk CUPekoekin.

Bada azterketek airean uzten duten beste galdera bat: zein izango ote den parlamentuko indar txikiena. Batzuen arabera, Xavier Garcia Albiolen PPkoak izango dira —6 eta 8 eserleku artean, batez beste; 5eraino ere jaitsi dituzte batzuek, ordea—. Nabari da Ciutadansera ihes egin diola hautesle talde batek. Besteen arabera, Carles Rieraren CUPekoak izango dira indar txikiena —7-8 diputatu batez beste, baina inkesta batean edo bestean 5era jaitsita, eta besteren batean 10era igota—.

Gehiengo independentista

24 inkestatik hamazazpik diote unionistek baino boto gehiago jasoko dituztela hiru alderdi independentistek; sei baizik ez dira ausartu ondorioztatzera unionistek boto gehiago jasoko dutela, eta batek berdindu ditu. 24 zundaketa horien batezbestekoak hor daude: botoen %46 independentisten alde; %43 unionisten alde. Baina ezkutuko botoak eta erabaki gabekoak asko iraul dezakete portzentaje hori. Edozein moduz, ageriko gontz lanak egiten ari da berriro En Comu: ez unionistak, ez independentistak, inork ez du botoen %50eko langa pasatu inkesta bakar batean ere —2015eko irailean gertatu zena, hain justu—.

Diputatuetan ere gehiago lortuko dituzte independentistek, inkesten arabera, baina argi ez dagoena da alde horiek parlamentuan gehiengo absolutu bihurtuko ote diren. 135 eserleku ditu Kataluniako Parlamentuak, eta 68 behar dira gehiengo absolutua edukitzeko ganberan; bada, 24tik lau inkestatan bakarrik eman dute segurutzat ERC, JPC eta CUP zifra horretara iristea. Hamar inkestak, aldiz, segurutzat jo dute ez dutela lortuko gehiengoa izatea. Unionismoaren ikuspegitik, beltzagoak dira emaitzak: independentistena baino boto portzentaje eskasagoa igartzen diote, diputatu kopuru txikiagoa, eta inkesta bakar batean ere ez dira iritsi gehiengo absolutura.

Azkenean emaitzak edozein direla ere, bistan da hautagaiek ez duela lortuko bakarka gobernatzeko nahikoa indar. Trigonometria ariketak hasiko dira ostiralean, gutxienez hiruko gobernuak edo hiruko akordioak beharko baitira gobernua osatzeko. Gutxiengoan egongo litzatekeen gobernu bat ia pentsaezina da Generalitatean; oreka benetan zailak egin beharko lituzke agintaldia bukatzeko. Kontua da horretarako moduko hiruko akordio bat lortzea ere zail agertzen dela ordu honetan. Bloke independentista zatituta dago, eta estrategia urriaren 27an agortu zuen. Ez dago argi ERCk eta JPCk CUPekin berriro ezer adostea lortuko ote duten, baina ez dago argi ERC eta JPC ere zer adosteko gai izango diren hilaren 22tik aurrera. Alternatiba handirik ez da, ordea. Unionismoak ezin izan du bloke bat osatu. Domenechek eskatutako hiruko gobernuak (ERC, PSC eta CECP) azkeneko hamabost inkestetako bitan baino ez du gehiengoa. Ezkerreko fronte batek, ERC, CECP eta CUPekin, ez luke gehiengorik emango; inkesta bakar batek ere ez dio eman. ERC, JPC eta CECPen akordio batek aukera luke gehiengoa lortzeko, baina ez segurua. Aldiz, ERC, JPC eta PSC akordio batek bai, emango luke gehiengo absolutu seguru bat parlamentuan. Ostegunak argituko du zeintzuk izango diren Gabonetarako trigonometria buruketak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna